• Etxea
  • Azken ordua
  • HispaVista, Indicate Solutions eta Gureak DSS WeekINN Sarien irabazle Enpresa Berritzailearen kategorian

HispaVista, Indicate Solutions eta Gureak DSS WeekINN Sarien irabazle Enpresa Berritzailearen kategorian

  • Enpresa Finkatuaren kategorian Hispavista saritu dute; Enpresa Gaztearen kategorian, berriz, Indicate Solutions-ek eraman du saria.
  • Aurten Gureak enpresa aintzatetsi dute, desgaitasuna duten pertsonak lan merkatuan sartzen laguntzeagatik eta horretarako proiektu berritzaileak etengabe bultzatzeagatik.

Donostia Sustapenak antolatu duen Berrikuntzaren X. Asteari amaiera emateko, DSS INN sariak banatu dira gaur Maria Cristina Hoteleko Elkano Aretoan.

Enpresa Berritzailearen kategoriako Sariak duela zortzi urte sortu ziren, negozio berritzaileak bultzatzearen aldeko apustu argia eginez beren jarduera finkatu duten eta, beren sektorerako ez ezik, hiri osorako ere erreferente bihurtu diren enpresak aintzatesteko asmoz.

Gure hiriko sektore emergenteetan euren jarduera arrakastaz garatzen duten startupak ere saritzen dira; talentuan eta teknologian oinarrituta, mota horretako enpresak etorkizuneko enpresa-ereduaren erakusgarri dira eta.

Sari banaketan, Eneko Goia Donostiako Alkateak enpresa saridunak zoriondu eta hitz hauek esan ditu: "Ezin hobeto erakusten duzue zer den Donostia eta zer Donostia nahi dugun izaten jarraitzea. Zorionak, Hispavista, zerbitzu digital berritzaileak sortzen eman dituzuen 25 urteengatik. Zorionak, Indicate Solutions, biozientziaren arloan egiten duzuen lanagatik,
minbizia eta beste gaixotasun batzuk azkarrago diagnostikatzea ahalbidetuko duen teknologiaren bila. Zuen lanari esker, Donostia zientziaren, teknologiaren eta ezagutzaren hiri gisa ezaguna da. Lan egiteko eta garai berrietara egokitzeko daukazuen moduak eredugarri eta sari hauen merezidun bihurtu zaituzte".

Era berean, Gureak zoriondu du jasotako aintzatespenagatik, eta hitz hauek esan ditu: "Aurten, Gizarte Ekonomiaren Hiriburua garen urtean, hain zuzen ere, hiria ezagutarazten duen erreferenteetako bat zarete. Desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzearen alde aspalditik egiten duzuen lanagatik, eta proiektu berritzaileak bultzatuz garai berrietara egokitzeko erakutsi duzuen gaitasunagatik, ondo merezita duzue honako aintzatespen hau. Eskerrik asko, bihotzez, egiten duzuen lanagatik". Eta amaitzeko, Donostia Sustapenean lanean ari diren guztieizuzendutako aipamen berezi bat egin du: "Hamar urte hauetan gogor lan egin duzue, DSS WeekInn gaur egun den hori izan dadin, hau da, ondo finkaturiko jarduera bat izan dadin eta hiriak bere izen ona landu duen eremu baten erreferente izan dadin. Zorionak egindako lanagatik, eta segi horrela beste hamar urtez gutxienez!

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotziak nabarmen jarri du "ekosistema berritzaile honek Donostiari egiten dion ekarpena, 6.000 pertsona ari baitira lanean I+G eremuan; gainera, hiriko enplegu guztien % 30 zientziaren, berrikuntzaren eta zerbitzu aurreratuen sektorean dago. Gure hiriaren eta hiriko biztanleen aurrerapenaz eta ongizateaz hitz egiten duten kopuruak eta datuak dira, eta etorkizunari konfiantza handiagoz begiratzeko aukera ematen digute. Horregatik, denok aurrera egin dezagun gogor lan eginez eta ahaleginduz aukerak sortzen lagundu duten pertsonak eta erakundeak aintzatestea guztiz bidezkoa da.

Ekitaldian "Naru Intelligence, garapen istori bat" hitzaldia entzun ahal izan dugu, Eider Sanchez CEOaren eskutik. Donostiako enpresa honek Enpresa Gazte Berritzailearen saria jaso zuen 2019an.

VIII. edizio honetan saritutako enpresak hauek izan dira:

INDICATE SOLUTIONS – Enpresa gazte berritzailea

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak eman dio saria 2016an sortutako Donostiako Start up honi, Charles Lawrie CEO eta kofundatzailearen eta Daniel Maitland sortzaile-sortzailearen eskutik. BioGipuzkoa Ikerketa Institutuko Spin Off gisa sortu zen, plataforma berritzailean detekzio-teknologia bat garatzeko, formatu eramangarri batean (POC), minbizia detektatzeko haurdunaldi-proben antzekoa.. Halaber, Indicate Solutions-ek COVIDa diagnostikatzeko aparatu bat asmatu du, eta une honetan merkaturatze fasean dagoen beste produktu bat ikertzen ari da Helicobacter Pylori bakterioa detektatzeko.

Enpresa honen teknologia berritzaileak erabilera bakarreko konponbidea eskaintzen du, aldez aurretik odola manipulatzeko beharrik gabe eta ekipo garestiak, irakurgailu espezializatuak eta trebatutako langileak erabili beharrik gabe; gainera, ikerketak eta berrikuntzak gure eskura jartzen dituzten onuren eta aukeren adibide ezin hobea da.


HISPAVISTA – Enpresa berritzaile finkatua

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko Zuzendari Gerenteak emanda, saria Elósegui anaiek sortutako enpresa donostiar honentzat izan da. Hispavista Interneteko gaztelaniazko lehen bilatzaile gisa jaio zen, 1996. urtean), eta orduz geroztik, Interneten izan diren aldaketa zorabiagarrietara egokitzen eta bere burua berritzen jakin du, adimen artifizialaren eta antzeko alorretan proiektu berriak garatuz eta enpresei eraldaketa digitalean lagunduz.

Bi anaiek teknologia berrietara (Data Sciencie, Smart Analytics, IoT Internet of Things eta Cloud Computing) eboluzionatzeko orduan erakutsi duten ahalmen berritzaileak —enpresa eta enplegu proiektu berriak sortuz eta nazioarteko haien bokazio argia eta Donostiarekin duten konpromisoa bateratuz— sari hau merezi izateko hautagai ezin egokiago bilakatu ditu.


AINTZATESPEN BEREZIA

Seigarren urtez, gainera, aintzatespen berezia egin zaio gure hirian ikerketaren eta berrikuntzaren arloan lan garrantzitsua egin duen eta Donostiako ekonomian eragina izan duen pertsonari edota erakundeari.

Eneko Goia Donostiako Alkateak Gureak enpresari eman dio aintzatespen saria. Gureak gizarte ekonomiako enpresa-taldea 1975ean sortu zen Atzegiren eta Iñaki Alcortaren eskutik, eta gaur egun taldeko bazkide nagusietako batzuk Atzegi, Gipuzkoako Aldundia, Donostiako Udala, Once-ko Ilunión taldea eta Kutxa Fundazioa dira. Gurea taldeak 6.000 pertsona baino gehiago enplegatzen ditu eta horietatik % 84k desgaitasunen bat du.

Gureak-ek zerbitzu integralak eskaintzen ditu lan aukerak sortzeko eta desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko. Desgaitasuna duten pertsonentzako lan aukera berriak identifikatu nahian, proiektu berritzaileak etengabe bultzatzen dituen erakunde bat izateagatik nabarmendu da.