• Etxea
  • Azken ordua
  • Emakumeak Zientzian ekimenarekin egindako hitzarmenaren helburua emakumeek zientzian duten jarduera agerian jartzea da

Emakumeak Zientzian ekimenarekin egindako hitzarmenaren helburua emakumeek zientzian duten jarduera agerian jartzea da

Donostiako Udalak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren eta Donostia Sustapenaren bidez, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Emakumeak Zientzian ekimena osatzen duten erakundeekin. Hauek dira helburu nagusiak: emakumeek zientzian duten jarduna agerian jartzea, jarduera zientifiko eta teknikoei esleitzen zaizkien rol maskulinoekin apurtzea, neskato eta nerabeetan ibilbide zientifikoen aukeraketa sustatzea eta ekintzailetza eta berrikuntza sustatzea hiriko komunitate zientifikoan. Lau urteko hitzarmen horren bidez, bi erakundeek azken urteotan emakumeek garatutako zientzia eta teknologia hurbiltzeko eta agerian jartzeko egin duten elkarlana sendotu da, etorkizunerako apustu gisa.

Ekonomia bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak gogorarazi duenez, «hirian 5.336 pertsona ari dira I+Garen sektorean lanean, hau da, Donostiako biztanleria aktiboaren % 4,63, Gipuzkoako % 2,41aren, Euskadiko % 1,87aren, Espainiako % 1,01aren eta Europar Batasuneko % 1,41aren aldean.Gainera, zientziaren eta berrikuntzaren sektoreko 5.336 pertsona horietatik % 47 emakumeak dira. Zifra horiek argi erakusten dute gure hirian garrantzitsua dela emakumeek presentzia izatea orain arte gizonezkoentzat soilik zirela ziruditen eremu horietan».

Garmendiak azaldu duenez, «munduko erronka nagusiei aurre egiteko, esaterako, klima-aldaketari edo energia-iturri berriztagarriei heltzeko, funtsezkoa da emakumeek zientzian duten partaidetza handitzea. Guretzat ezinbestekoa da askotariko eremuetako aukerak babestea, batez ere eskolaren eremuan, neskatoek eta emakumeek gure etorkizuna erabakiko duten eremu zientifiko eta teknologikoetan parte har dezaten. Horregatik, horrelako hitzarmenak ezinbestekoak dira ildo horretan aurrera egiten jarraitzeko, are gehiago Donostiaren moduko zientzia- eta berrikuntza-hiri batean».

Beraz, erakunde hauek antolatutako ekimen baten entitate laguntzaile bihurtu da Donostia Sustapena: CIC nanoGUNE; CFM (CSIC-UPV/EHU); DIPC; POLYMAT; CIC biomaGUNE; Biodonostia; TECNUN; Ceit; Elhuyar; Informatikako Fakultatea (UPV/EHU); BCBL; Kimikako Fakultatea (UPV/EHU); Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola (UPV/EHU); Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkargo Ofiziala; Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoa; eta Lortek.

Bestalde, Mónica Moreno eta Itziar Otegui 2022ko proiektuaren koordinatzaileek azpimarratu dute garrantzitsua dela eragile guztiek norabide berean arraun egitea, lanbide zientifiko teknikoetan genero-arrakala murrizteko. Nabarmendu dutenez, etorkizuneko industriak geroz eta profesional gehiago eskatzen ditu arlo horietan, eta emakumeek ez dute atzean geratu behar: hezkuntzaren, erakundeen eta enpresaren esparrutik lan egin behar dugu emakumeek etorkizuneko arlo estrategiko horietan berdintasunezko sarbide eta garapen profesionala izan dezaten bermatzeko.

Hitzarmenak barne hartzen dituen lankidetza-ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: DSS WeekINN Berrikuntzaren Astean jarduerak elkarrekin antolatzea, zeinetan ospe handiko zenbait ikertzailek parte hartu zuten eta beren lana eta esperientzia kontatu zuten; «Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna» jarduera-programa sustatzea, eta Donostia Innovation Campus ekimenean laguntzea.

Azken atal horretan, Donostiako zenbait ikastetxetan jardunaldiak eta informazio-saioak antolatzea aurreikusten da. Era berean, hiriko zentro teknologikoen sarean lan egiten duten emakume zientzialariek zuzendutako ikerketa-proiektuen berri emango da, eta emakume gazte ikertzaileentzako ekintzailetza zientifikoari buruzko sentsibilizazio- eta prestakuntza-ildo bat jarriko da martxan, ekintzaileei orientazioa emate aldera.

Donostia Sustapenak Emakumeak Zientzian ekimenarekin orain arte egindako lankidetza:

  • 2018tik, aktiboki ari da lankidetzan Emakumeak Zientzian sarearekin, otsailaren 11ren inguruan urtero antolatzen duten jarduera-programa babestuz; hain zuzen ere, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna da.
  • Urtean zehar, elkarlanean aritzen da zientziaren eta teknologiaren arloa sustatzen, batez ere Weekinn Berrikuntzaren Astearen esparruan, bai eta urtean zehar antolatzen diren beste ekitaldi batzuetan ere.
  • Lan horren emaitza izan dira 2018tik antolatu diren dibulgazio-jarduerak, zeinetan hainbat ikertzailek hartu duten parte:
  1. 2018, Zientzia eta Berrikuntzako Emakumeen Topaketa Miramar Jauregian
  2. 2019, «Emakume Ikertzaileak Donostian» saioak Baga Bigan, emakume zientzialariei buruzko erakusketa (ARCCO).
  3. 2020 eta 2021, Aquariumean, «Emakume zientzialariak atzo eta gaur». Adibide berriena aurtengo edizioan izan da, Aquariumean egindako saio batean; horretan, bost emakume zientzialarik beren ibilbidea eta ikerketak azaldu zituzten, eta beren ibilbidean inspirazio-iturri izan den ikertzaile historiko baten lekukotza azaldu dute. Publikoari beti asko gustatzen zaizkio halako jarduerak, hala aurrez aurre nola online egiten direnean.
  4. 2021, «Berrikuntza ukitzen», hirian egiten den ikerketari buruz hiriko haurrentzat dauden erakusketa-jarduerak. Emakumezko 10 ikertzailek baino gehiagok hiriko 300 ikasle ingururi hainbat esperimentu zientifiko erakutsi dizkiete.
  5. Gainera, aurten, lankidetza horren ondorioz, ekintzailetzari buruzko lehen bootcamp delakoa (mintegi trinkoa) egin da ikertzaileentzat. Hamar emakume zientzialari izan dira kultura ekintzailearen aldeko lan-ildo horretan parte hartzen lehenak.
  6. Ekintza lerro honetan besteak beste aurten honako ekintza hauek abian jarri dira: ekintzailetasuna pertsona ikerlariei gerturatzeko lantegi trinkoa.