• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiak “2022ko Gabonetako Europar Hiriburua” izendapena jasoko du ostiralean

Donostiak “2022ko Gabonetako Europar Hiriburua” izendapena jasoko du ostiralean

Izendapen horren bidez, Gabonetako helmuga turistiko bihurtuko da Donostia, eta are erakargarriago bihurtuko du jadanik 2 milioi bisitari lortuak dituen programa.

Datorren ostiralean (ekainak 3), Donostia “2022ko Gabonetako Europar Hiriburu” aitortzeko ekitaldia egingo da osoko bilkuren aretoan. Europar Parlamentuak babestutako saria da, eta Italiako Genova hiriarekin partekatuko du.

Sariketaren nazioarteko epaimahaiak azpimarratu duenez, Donostiari “2022ko Gabonetako Europar Hiriburu” saria ematea erabaki da hiriaren Gabonetako proiektuagatik eta proiektu horrek duen kualifikazio tekniko altuagatik. 2017an sortutako saria da, Europako hiriei Gabonetako balioen erreferente gisa posizionatzen laguntzeko, eta, aldi berean, hiri horien garapen turistiko eta ekonomikoari bultzada emateko.

Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotzi sozialistak azpimarratu duenez, “azken urteetan, hainbat elementu erakargarri ezartzen dira Donostian Gabonen inguruan, eta egindako lan hori emaitzak ematen hasi da. Jadanik ez gara mugatzen kaleak edo plazak argiztatzera. Berrikuntzarekin lotutako irizpideak aplikatzen ditugu, ingeniaritzako ikasleek sortutako diseinuak erabiltzen ditugu −beste hiri batzuek ere imitatu dituztenak−, jasangarritasunarekin eta ingurumenaren errespetuarekin lotutako irizpideak betez, bertakoak nahiz kanpotarrak erakartzeko helburuarekin, bai baitakigu Gabonek eragin handia dutela Donostiako tokiko merkataritzan. Donostiako Gabonak Europako lehen lerroan jartzea lortu dugu, eta harro egon behar dugu horregatik”.

Fundazioaren nazioarteko epaimahaiaren ordezkaritza bat Donostiara etorriko da sarien emate-akta irakurtzeko eta sariak Donostiako eta Genovako hiriei emateko. Besteak beste, Lieja (Belgika), Valkenburg (Holanda) eta Torrejón de Ardoz-ek lortu dute orain arte “Gabonetako europar hiriburu” saria, eta orain, Donostiak eta Genovak hartuko dute haien lekua.

Ekitaldian izango dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Marisol Garmendia Donostiako Sustapenaren zinegotzi arduraduna, hiriko hainbat elkartetako ordezkariak (Donostia Kultura, Festak, Turismo, San Sebastián Shops merkataritza-elkartea, ostalarien elkartea, Aspagi hotelarien elkartea, merkataritza-federazioa, Zaharrean, Auzoa, Arcco, La Bretxa eta San Martin merkatuak, Victoria Eugenia, Kursaal, Gabonetako jaiotzen elkartea edo BAE, iazko Donostiako Gabonetako babesleak (horien artean, Basquetour, Eroski, Maria Cristina hotela, Moyúa, Grupo Campezo, Amenabar, Garbera), eta Gabonetako Azokako kide batzuk.

Garmendiak azaldu du aurtengo Gabonetako kanpaina prestatzen ari direla, eta aurtengoa berezia izango dela, lortutako sariak emandako erantzukizuna ondo betetzeko. Hala, Donostiako Sustapeneko ordezkaritza bat −Iñigo Olaizola zuzendaria buru zela− Ximénez enpresak, gabonetako argien enpresa esleipenduna, Kordobako Puente Genil herrian dituen instalazioetara joan zen apirilean, aurtengo kanpainako diseinu eta berrikuntzak prestatzen joateko.

capital navidad 2

“Gabon hauek bereziak izatea nahi dugu. Eta hala izango da, erantzukizun berezia dugulako, eta, halaber, hiria erakargarriago egiten eta berritzen jarraitu nahi dugulako. Diseinu propioko Gabonetako argien proposamen zaindu bat ekarriko dugu, argiak pizteko zeremonian iazkoak utzitako aho-zapore ona gainditzen saiatuko gara, tokiko talentuaren alde egiten duen merkatu tradizionala jarriko dugu, ekintza solidarioak egingo dira hiriko hainbat puntutan eta ikuskizun erakargarri eta apurtzaileak gaineratuko ditugu programazioan”, esan du Marisol Garmendiak.

Oraindik goiz da lantzen ari diren berrikuntzak aurreratzeko, baina Urumea Gabonetako ardatz nagusietako bat izatea aztertzen ari dira, Santa Katalina eta Kursaal zubien arteko argiztapena indartuz. Ingurune natural bat ere bilatzen da, ingurumenari kalterik egingo ez dion proiektu argitsu bat sustatzeko.

Donostiak hainbat urte daramatza lanean Gabon solidario, inklusibo eta orijinalak eskaini nahian, zeinak bat baitatoz orain jasoko duen sariaren balioekin: bakea, elkarbizitza, integrazioa eta armonia. Donostiak izpiritu berritzailearekin egin izan du lan hori, eta, horri esker, aukera erakargarrienetakoa bihurtu da garai horretan hiria bisitatzera etortzen direnentzat.