- FSSk, hiri-berrikuntzaren eragile gisa, Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren ekimena jarri du martxan.
Tresna horrek aukera ematen du eskaritik berrikuntza sustatzeko, eta sektore publikoan berrikuntza bideratzen laguntzen du, arlo pribatuarekin lankidetzan.
Berrikuntzaren Erosketa Publikoak bultzada eta pizgarria ematen dio sektore pribatuari, sektore publikoko erakundeen proiektu estrategikoei inpaktua eta balioa sortuko dieten proposamenak egin ditzan. Tresna horrek aukera ematen du merkaturatu daitekeen produktu baterantz aurrera egiteko, enpresei merkatu bat irekitzeko eta zerbitzu publikoen erabiltzaileei berrikuntza hurbiltzeko. Beste onura garrantzitsu bat kontratazioan arriskuak murriztea da, irtenbide berriak garatzean hornitzaile pribatuekin erantzukizunak partekatzean.
Joan den uztailaren 10ean, Donostiako Sustapenak "DSAZA: Donostia Sustapeneko Arreta Zerbitzu Adimenduna" Proiekturako Merkaturako Aurretiko Kontsulta abiarazi zuen.
EKINN eraikinean egindako saioan, enpresa berritzaileek, startup-ek eta zentro teknologikoek parte hartu zuten, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan zuten Donostiako Sustapenak bultzatutako Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren ekimena. Saioan, planteatutako erronka teknologikoa deskribatu zen, Merkaturako Aurretiko Kontsulta parte hartzeko gakoak eman ziren, eta elkarrizketa ireki bat egin zen merkatuarekin, zerbitzuak eta dokumentu-kudeaketa adimenduna erabiltzen dituzten pertsonentzako arreta-plataforma bat diseinatzeko eta garatzeko.
NORK PARTE HAR DEZAKE MERKATURAKO AURRETIKO KONTSULTAN?
Merkaturako Aurretiko Kontsulta enpresa berritzaileei, startup-ei eta zentro teknologikoei zuzenduta dago, baldin eta planteatutako erronkari irtenbideak eta proposamenak proposatu nahi badizkiote. Parte-hartzea banaka edo taldeka egin ahal izango da. DSAZA proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa eragile ekonomikoekin alderatzea du helburu.
MERKATURAKO AURRETIKO KONTSULTA – ERRONKA
DSAZA proiektuak diru-laguntzak eta laguntza publikoak bilatzeko eta tramitatzeko prozesuaren kudeaketaren efizientziaren erronkari heltzen dio, erabiltzaileen esperientzia hobetuko duten irtenbide aurreratuen bidez. Helburua da Donostiako Sustapenaren zerbitzu publikoak kudeatzeko irtenbide aurreratu bat diseinatzea, aukera hauek emango dituena:
- Kudeaketa administratiboa eraldatzea
- Zerbitzu publikoen erabiltzaileekin harreman-eredu berri bat ezartzea
- Eraginkortasun operatiboa eta herritarren eskaerei erantzuteko gaitasuna hobetzea
NOIZ ETA NOLA AURKEZTU?
Proposamenak aurkezteko epea 2025eko irailaren 30eko 23:59an amaituko da. Proposamenak helbide elektroniko honetara bidali behar dira: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
Merkaturako Aurretiko Kontsultaren dokumentazioa eskuragarri dago Euskadiko Kontratazio Publikoaren Plataformaren Donostiako Sustapenaren kontratatzailearen profilan:
- Merkatuari aurretiazko kontsulta, Donostiako Sustapeneko Arreta Adimenduneko Zerbitzua diseinatu eta garatzeko zerbitzuak kontratatzeari buruz.
- Merkaturako Aurretiko Kontsulta: FSS_CPM_SAISS_EU.pdf
- Formularioa: FSS_CPM_SAISS_Formulario_EU.xlsx
NOLAKOA DA PROZESUA?
Merkaturako Aurretiko Kontsulta etorkizuneko lizitazioak diseinatu eta prestatu aurreko fase bat da, eta kontsulta horretan parte hartzen duten guztien ekarpenak kontuan hartu ahal izango dira. Jasotako proposamenak aztertu ondoren, ondorioen txostena argitaratuko da Donostiako Sustapenaren kontratatzailearen profilan.