• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia Sustapenak eta Aspegik hitzarmen bat sinatu dute kultura ekintzailea emakumeen artean bultzatzeko

Donostia Sustapenak eta Aspegik hitzarmen bat sinatu dute kultura ekintzailea emakumeen artean bultzatzeko

  • Enpleguaren, prestakuntzaren eta ekintzailetzaren arloetan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko, Donostia Sustapenak urtero 2.000.000 euro baino gehiago bideratzen ditu.
  • Marisol Garmendia: "Donostiak emakumeen talentua behar du aurrera egiten jarraitzeko. Aspegirekin sinatutako hitzarmenak aukera ematen digu enpresan emakumeen lidergoa bultzatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko eta desberdintasun-arrakalak gainditzeko, emakumeek hiriaren aurrerapenari egiten dioten ekarpena behar bezala baloratu dadin. 2022an, Donostia Sustapeneko programek 628 enplegu eta 106 enpresa-proiektu sortzea ahalbidetu dute ".

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, eta Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteak (Aspegi) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute emakumeen kultura ekintzailea babesteko. Emakumeek lideratutako proiektuak sustatzea eta identifikatzea eta emakumeen ekintzailetza-ekosistema ezagutzea da helburua, etorkizunean ekimen berriak lideratzeko asmoz.

Xede horrekin, bi erakundeok emakume erreferenteak ezagutarazteko eta ikusarazteko jarduerak sustatuko dituzte enpresa-eremuan, behar adina jardunaldi eta topagune antolatuz. Aspegik jarduera horiek babestu egingo ditu, eta, horretarako, emakumeen enpresa-errealitateari buruz duen ezagutza eskaini eta informazioa jarriko du elkartekide ekintzaileen esku.

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak adierazi duenez, "Donostiak emakumeen talentua behar du aurrera egiten jarraitzeko. Aspegirekin sinatutako hitzarmenak aukera ematen digu enpresan emakumeen lidergoa bultzatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko eta desberdintasun-arrakalak gainditzeko, emakumeek hiriaren aurrerapenari egiten dioten ekarpena behar bezala baloratu dadin. 2022an, Donostia Sustapeneko programek 628 enplegu eta 106 enpresa-proiektu sortzea ahalbidetu dute ".

ASPEGIko lehendakari Nerea Ibañezentzat, "emakume ekintzaile eta profesionalei laguntzeko beste urrats bat da, eta genero-kontu batetik haratago doa. Errentagarritasuna eta iraunkortasuna sortzeaz eta gizarte-ongizatean laguntzeaz ari gara ".

Hitzarmen honen esparruan, Donostia Sustapenak eta Aspegik langile kualifikatuen talentua (gazteena batez ere) ekartzera eta atxikitzera bideratzen diren ekimenak bultzatuko ditu emakumeek lideratutako Donostiako enpresetan. Hala bada, Donostia Sustapenak emakumeen profilak txertatzeko aukerak identifikatu eta atzerrian egonaldiak eta bekak erraztuko ditu nazioarteko mugikortasun programaren bidez. Horrez gain, enpresa-bokazioa eta jarduera ekintzailea emakumeen artean sustatzeko ekimenak ere garatuko ditu, emakumezko erreferenteak eta arrakasta-kasuak ezagutaraziz.

2.200.000 euro berdintasuna sustatzek


2022an Donostia Sustapenak 2.200.000 euro bideratu zituen emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko; horrekin, emakumeentzako 628 enplegu eta 106 enpresa-proiektu sortzen lagundu zuen. Dirulaguntzek programa hauek izan zituzten xede: suspertzea, lan berrorientazioa eta prestakuntza; emakumeak kontratatzeko hobari espezifikoak; eta emakumeen ekintzailetza.

2022an 400 emakumek baino gehiagok hartu zuten parte suspertze, berrorientazio eta prestakuntza-programetan. Ekintzailetzari dagokionez, arreta jaso zutenen % 56 emakumeak izan ziren, eta sortutako 169 enpresen % 57tan 113 emakumek hartu zuten parte. Gainera, Ekin eta Ekin+Osasuna ekintzailetza berritzaileko 23 programetatik 10 emakumeek lideratzen dituzte. Talentuaren aldeko laguntza-programei dagokienez, kontratatu diren pertsonak emakumeak zirenean, % 10eko hobaria eman da.

Ekin+, Talent House eta mota horretako beste jarduera batzuk sustatzeko ekimenak eta programak oinarri hartuta, hitzarmenak Sustapen sozietatearen eta Aspegiren arteko lankidetza indartuko du berdintasuna bultzatzearen ikuspegitik.