• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia COTECeko kide egin da, eta hiri berritzaileenen klub finean sartu da

Donostia COTECeko kide egin da, eta hiri berritzaileenen klub finean sartu da

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak eta COTEC fundazioko presidente Cristina Garmendiak Donostiaren bat-egitea gauzatu dute Talent Housen. Ofiziala izango da ekainean bertan, Madrilen.

COTEC fundazio pribatu bat da, irabazi-asmorik ez duena. Haren misioa berrikuntza sustatzea da, garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa.

Gaur, Talent House eraikina topaketa baten agertokia izan da: Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak eta berrikuntzarako COTEC fundazioko presidente Cristina Garmendiak berretsi egin dute Donostiako Sustapena berrikuntzarako COTEC fundazioko kide egin dela. Ofiziala izango da ekainetik aurrera; orduan, ekitaldi bat egingo da Madrilen, fundazioko patronatuak bat-egitea onartu eta gero.

Berrikuntzarako COTEC fundazioak berrikuntza sustatzen du garapen ekonomiko eta sozialaren motor gisa. Gaur egun, 100 kide baino gehiago daude: enpresa pribatuak, tokian tokiko eta eskualdeetako administrazioak eta zuzeneko harremana du hainbat estatubururekin. Donostia, Malagarekin, Gijonekin, Valladolidekin eta Madrilekin batera, Fundazioaren parte diren hiri bakanetako bat da.

Cristina Garmendiak adierazi duenez, “donostiar eta COTEC Fundazioaren presidente gisa pozik nago Donostiaren sarrerarekin. Hiriaren dinamika berritzaileak hirien rolari buruz dugun ikuspegia aberastuko du eta lurraldeekiko dugun konpromisoa indartuko du”.

Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziarentzat, “Fundazioan kide oso gisa sartzea albiste bikaina da dagoeneko, Donostia zientziaren eta berrikuntzaren hiri bihurtu duen ahaleginaren aintzatespena baita. Izan ere, gaur egun 5.000 pertsona baino gehiago daude ikerketari lotuta”.

Atxikimendu honi esker, berrikuntza, teknologia eta ekonomiaren arloko adituen sare zabal baterako sarbidea izango da, eta hiriaren berezko erronkekin lotutako kontsultak egin edo azterlanak jaso ahal izango dira, hala nola gizarte-berrikuntzarekin lotutakoak, donostiarren bizi-kalitatea hobetu nahian.

Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendiaren iritziz, “berrikuntzarako COTEC fundazioko kide egitea bat dator Donostiako Sustapenaren bokazioarekin: hiriko garapen ekonomikoaren trakzio eragilea izatea. Izan ere, fundazioaren erronka aldaketa eragile bihurtzea da, Espainiako ekonomia eta gizartea garatzen laguntzeko”.

COTEC fundazioaren jarduera nagusietako bi hauek dira: batetik, I+G+b-ren behatoki-lanak egitea Espainian; eta , bestetik, berrikuntzarekin edo teknologiarekin lotuta dauden gaiak aztertzea eta aholkuak ematea.

Orain, COTEC Italia eta COTEC Portugal ere sare horretan daude. Hala, fundazioa osatzen duten erakundeek ikusgarritasun handiagoa dute lehen baino, eta nazioarteko izaera ematen zaio berrikuntzaren alde fundazioak egin duen apustuari.