• Etxea
  • Azken ordua
  • Bisita Finlandiako zientzia eta berrikuntza hiriak diren Espoo eta Helsinkira

Bisita Finlandiako zientzia eta berrikuntza hiriak diren Espoo eta Helsinkira

  • Donostia Sustapena Helsinki eta Espoon izan da, Finlandiako bi hiri horiekin duen lankidetza indartzeko.
  • Lortutako akordioek hainbat hiri berritzailerekin egiten ari den lankidetza goraipatzen dute, hala nola Turin, Bolonia, Nantes, Porto, Grenoble edo Aalborgekin, besteak beste. Haiekin jada martxan daude ekintzailetzaren, berrikuntzaren eta talentuaren inguruko lan egitasmoak.
  • Donostia Sustapenak zientzia eta berrikuntzako nazioarteko hiriekin loturak garatzeko egiten duen apustuaren parte da bisita.

Donostia Sustapena Finlandiaraino joan da aste honetan Helsinki eta Espoo hiriekin duen lankidetza indartzeko. Bi hirietako zientzia eta berrikuntza ekosistemak eta, batez ere, ekintzailetzaren eta talentuaren arloan garatzen ari diren jarduerak bertatik bertara ezagutzera bideratu da bisita.

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzailearen hitzetan, "bisita hau antzeko dimentsioko eta estrategiako hiriekin lankidetzan aritzearen aldeko apustuaren barruan kokatzen da, Europa mailan, eta haiekin izaera informaleko aliantza bat eratzen ari gara, elkarrengandik ikasteko interesean oinarritua, baina baita gure start up eta enpresei aukerak eskaintzeko ere. Gainera, Europako esparruan aktiboki parte hartzeko interesa dugu, bai finantzaketa bilatzeari dagokionez, bai foroetan eta espazioetan parte-hartze aktiboa izateari dagokionez, hiriek oro har duten zereginari eta, bereziki, Donostiak zientzia eta berrikuntzahiri gisa duen posizionamenduari balioa emateko ".

Aalto University-ko (Espoo) unibertsitate-campusa izan zen Espoo-ko udaletxeko Garapen Ekonomikoko departamentuko ordezkariekin biltzeko tokia. Teemu Haapalehto Garapen Ekonomikoko zuzendariaren eta bere lantaldearen eskutik, hiriko zientzia eta berrikuntza ekosistema ezagutzeko aukera izan zuten, bereziki Kuantiko eta Adimen Artifizialaren esparruetan. Halaber, enpresak garatzeko eta nazioartekotzeko "Sisu Factory Global Growth" ekimena ezagutu zen, "Start up Sauna" ekintzailetza berritzailea bultzatzeko ekimenarekin edo "Espoo Talent Hub" ere, talentu kualifikatua hirira erakartzeko eta atxikitzeko programarekin batera.

Donostiako zientzia eta berrikuntza ekosistema, Iñigo Olaizola, Donostia Sustapeneko gerenteak aurkeztu zuen, elkarrekin jarduteko ildo berriak zehazteko aukera emanez. Aipatu behar da Espoo-ko udaletxearekin 2025ean sinatutako hitzarmen bat dagoela, eta talentuarekin, ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotutako proiektuen garapenean lan egiten ari dela. Gaur egun, Donostia Sustapenak eta Espoo-ko udaletxeak, Eurocitiesen (Europako hirien sare handienetako baten barne) berrikuntza eta ekintzailetzako lantaldearen lehendakaritza partekatzen dute.

Espoorekin dagoen lankidetza estuari esker, azken bi urteetan, eta nazioarteko mugikortasun programei esker, Donostiako gazteek praktikak egin ahal izan dituzte bertako hiriko berrikuntza-agentzian. Lankidetza honi esker, halaber, Finlandiako start-upek EKINNen ekintzailetza-esperientzien trukea sustatzeko jardueretan parte hartu dute.

Helsinki hirian, MARIA 01 HELSINKI ekimena ezagutu zen, Europako Start ups Hub handienetako bat eta Ipar herrialdeetan liderra. Gaur egun, MARIA 01 (2016an sortua) 2.000 kide baino gehiagoko nazioarteko komunitatea da, urtero hainbat sektoretako 200 start up-i laguntza eskaintzen diena, eta venture kapitaleko tokiko eta nazioarteko 30 erakundek eta 20 enpresa-korporazio baino gehiagok osatutako sarea du. MARIA 01ekin hitzarmen bat sinatu da, bi hirietako start up-en azelerazioan eta eskalatzean elkarrekin lan egiteko, eta, horrela, EKINNen inkubazio eta azelerazio zerbitzuak eta programak indartzeko.

Helsinki eta Espoo hiriek bat egiten dute zientzia eta berrikuntza ekosistema europarrekin egindako beste aliantza batzuekin. Hala, Grenoblerekin eta Portorekin Skale 2 CT proiektu europarrean ari dira lanean, startupen garapenari eta eskalatzeari buruzko ezagutza partekatzeko. Bi hiriek, Nantesekin batera, EKINN Summit-eko azken edizioan parte hartu dute, bertako 7 enpresarekin batera. Bolognarekin, berriz, talentuari edo osasun-sektoreari lotutako esparruetan parte hartzen da (Europe Interreg-en NOTRE proiektua); Turinekin, 2025eko Europako Berrikuntza Hiriburuarekin, eta iaz ere Donostiako bisita instituzionala jaso zuenarekin, Europako proiektuetan bazkide estrategiko gisa lan egiten da. 2026an, Aalborg 2026ko berrikuntzaren Europako hiriburuarekin lankidetza hasi zen, eta maiatzean bertako berrikuntza ekosistema bisitatu zen.

Berrikuntzaren eremuan sare, hiri eta eragile estrategikoekin konektatzeko aukera berriak sortzea da, hain zuzen, 6,5 milioi eurotik gorako zuzkidura ekonomikoa duen Donostia Sustapenaren aurtengo Berrikuntza Planaren helburu nagusietako bat.