Bihar, ostirala, 18:30etan, Donostiak Gabonak piztuko ditu

Donostiako Gabonak bihar inauguratuko dira argien piztuerarekin eta Frantzia Pasealekuko eta Ramon Labayen Plazako Gabonetako Etxolen irekierarekin.

Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotzigoak antolatua Donostia Sustapenaren bidez, inaugurazioa Santa Katalina zubiaren, Ramon Maria Liliren, Argentinako Errepublikaren eta Zurriolako zubiaren inguruetan izango da, eta 18:30etan hasiko da, ibaiaren gaineko flyboards ikuskizunari bidea irekiko dion Orfeoiaren kontzertu batekin. Gero, hiriko argiak piztuko dira eta “Equitativa” izkinatik su artifizialen bilduma bat jaurtiko da.

Aurtengo kokagune berriari esker, jendearentzako espazioa zabalagoa izango da, publikoa Urumearen azken zati horren inguruan jarri ahal izango baita (bilduma piroteknikorako erreserbaturiko segurtasun eremuetan izan ezik), bai eta Orfeoiak abestuko duen lekuan ere, Maria Cristina Hotelaren aurrean.

Inaugurazio ekitaldia dela eta, ostiralean, hilak 1, trafiko eraginak honako hauek izango dira:

  • Ramon Maria Lili kaleko lehen metroak (Euskadi plazatik hasita) moztuta egongo dira 14:45etik 19:15era.
  • Kursaal zubiko Groserantz doan errailaren mozketa 15:30tik 20:30ra.
  • 17:30etatik 19:15era trafikoa etenda egongo da Santa Katalinako zubian (erdigunera doan erreia, bidegorria barne).

Flyboardak erabiliko dituztenak kirol horretako ryder adituak dira. Bata Daniel Guerra kolonbiarra da (munduko txapelduna); beste bat Jeff Gazzola frantziarra (horrelako 3.500 ikuskizun baino gehiagotan hartu du parte mundu osoan); eta Oceane Corbet dugu bestea, hau ere frantziarra, nazioarteko lehiaketetan parte hartu duen lehen emakumea (2016ko Munduko Txapelketan hirugarren gelditu zen).

Gabonetako elementu guztiak dagoeneko jarrita daude: Zurriolako bola; Hiribideko, Boulevardeko edota Loiola kaleko argiak; Maria Cristina hoteleko eta Victoria Eugenia antzokiko argiak; Santa Katalina zubikoak; Erregina Erregentearen kaleko izei handia; etab.


** KOMUNIKABIDEENTZAKO GOMENDIOAK. Agintariak 18:15ak aldera iritsiko dira eszenatokiaren inguruetara (Maria Cristina hotelaren aurrean). Erreportarien eta kazetarien lana errazteko, leku bat erreserbatuko da eszenatokiaren ondoan. Ramon Maria Lili kalean ere komunikabideentzat erreserbaturiko leku bat egongo da. Kazetari grafikoei eta telebista- etxeei teleobjektiboa eramatea gomendatzen diegu.