- Donostia Sustapenak bultzatzen duen lehen programa eta laguntza-sorta honetan, ekintzailetzaren arloko ekimen berriak sartu dira, hala nola, GazteEKINN eta EKINN+ Kirolak edo EKINN+ Kontsolidazioa, EKINN+ programan sartzen direnak.
- Berrikuntza Planak 2,6M ditu laguntza ekonomikoetan, eta enpresa-proiektuen berrikuntza eta hazkundea, ekintzailetza berritzailea, gazteen talentua, hiri-ekonomia eta kalitatezko enpleguaren sorrera indartzen ditu, Donostiaren etorkizun ekonomiko eta sozialerako funtsezkoak baitira.
Donostia Sustapenak 2026 Berrikuntza-planan sartzen diren lehen laguntzen eta programen sorta jarri du abian. Planak programa berriak hartzen ditu barne: EKINN+ Kirola, EKINN+ Kontsolidazioa, biak EKINN+ programaren barne, GazteEKINN edo Gastro Egoitzak, besteak beste. Horiek, aurretik zeudenei gehitzen zaie Donostiako berrikuntza eta ekintzailetza ekosistema sendotzeko.
Enpresa-aukera berriak sortzea, talentua erakartzea eta garatzea, ezagutzaren transferentzia bizkortzea eta hirian jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzeko gaitasuna duten sektoreak indartzea da laguntza- eta programa-multzoaren helburua.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziaren ustez, "programen eta laguntzen lehen pakete honek, aurten txertatuko ditugun ildo berriekin batera, hiriak berrikuntzaren eta ekintzailetzaren ekosistema indartzeko, enpresa-proiektu berritzaileen hazkundea bultzatzeko eta tokiko talentuarentzat aukera berriak sortzeko egindako apustua islatzen dute. Ekimen hauen bitartez, enpresei laguntzen diegu beren sorkuntza, finkatze eta berrikuntza prozesuetan, Donostian jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduz ".
Bestalde, Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak azpimarratu duenez, "gure hirian berrikuntza-proiektuak garatzearen aldeko apustua egiten duten enpresentzat lehen baliabide-sorta bat aktibatzen dugu, bai gazteenentzat, bai sendotze-prozesuan daudenentzat. Bi kasuetan, mugitzen diren esparrua oso aldakorra eta lehiakorra da, eta gure asmoa laguntzea, bidelagun izan eta haien beharretara egokitzea da, ahal dugun neurrian."
Laguntzak eta programak Berrikuntza Planaren ardatz estrategikoen inguruan egituratzen dira.
Hiria ekintzailetza berritzaileko gune gisa indartzea
Helburua da hiriko ekosistema ekintzailea indartzea eta proiektu berritzaileen hazkundeari laguntzea hainbat garapen-etapatan.
Jarduera nagusien artean, nabarmentzekoa da EKINN+ (300.000€) programaren edizio berri bat. Sustapen Sozietateak sustatzen du programa, eta 25.000 eurorainoko laguntza ekonomikoa eskaintzen du proiektu bakoitzeko, eta baita laguntza espezializatua ere finantzaketa lortzeko, produktu eta zerbitzu berriak garatzeko, berrikuntza babesteko edo merkatu berriak irekitzeko.
Berritasun gisa, aurten EKINN+ Kirola (50.000€) programaren I. edizioa hasiko da. Lerro espezifiko honek kirol-industriarekin lotutako proiektu berritzaileak eta teknologikoak sustatzea du helburu; izan ere, arlo horrek gero eta garapen ekonomiko handiagoa izan dezake hiriarentzat. Modalitate honek EKINN+-en laguntza integralaren eredua erreproduzitzen du, laguntza ekonomikoa eta aholkularitza espezializatua konbinatuz, mota honetako ekimen berritzaileen garapena bizkortzeko.
EKINN+ Kontsolidazioa programa ere abian jartzen da, hazkunde eta eskalagarritasun prozesuei aurre egiten dieten start-up eta enpresa berritzaileei laguntzeko diseinatua. Programak lehentasuna emango die lan-eremuei, finantzaketa-tresnei eta EKINN komunitateari laguntzeko eta bertan sartzeko zerbitzu aurreratuei, eta, hala, baldintzak indartuko dira proiektu berritzaileek Donostian duten jarduera finkatu ahal izan dezaten.
Era berean, Nazioarteko EKINN Egoitzak programa jarri da abian, I+G+Bko proiektuak dituzten start-up ez-lokalak eta talentu ekintzailekoak iristea errazteko, bai eta ekintzailetza berritzaileari laguntzeko beste programa batzuk ere, hirian jarduera ekonomikoa eta kalitateko enplegua sortzen duten enpresa-ekimenen kopurua handitzeko.
Ekimen horiek, hurrengo fase batean, enpresak sortzeko laguntzekin (300.000€) osatuko dira, hirian enpresa-proiektu berriak abian jartzen eta kalitatezko enplegua sortzen laguntzeko.
Neurri horiei guztiei esker, Donostia talentu ekintzailearen aldeko apustua egiten duen hiria da, eta AENORek horrela ziurtatutako lehen hiri nazionala da.
Donostia zientziaren hiri eta berrikuntzako plataforma gisa sustatzea
Ardatz honen bidez, Donostia Sustapenak tresna batzuk bultzatzen ditu jakintzaren transferentzia bizkortzeko, enpresei profil kualifikatuak gehitzen laguntzeko eta tokiko enpresa-proiektuen berrikuntza- eta hazkunde-gaitasuna indartzeko.
Esparru horretan sartzen dira, besteak beste, EKINN Talent (300.000€) programa, enpresetan, zentro teknologikoetan eta ikerketa-erakundeetan proiektu berritzaileak garatzeko langile kualifikatuak kontratatzea sustatzen duena (Europako Gizarte Funtsak Plus-ekin batera finantzatua); Estrategia laguntzak (300.000), enpresa berritzaileen hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzeko xedea dutenak, berrikuntza gisa, EKINN ekosistemarekin duten lotura indartuko dutenak; eta Bonu Teknologikoak, (100.000€) inguruko zentro zientifiko-teknologiko nagusiek eskaintzen dituzten ikerketa- eta garapen-zerbitzu aurreratuetarako sarbidea errazten dutenak, irtenbide berritzaileen garapena azkartuz eta merkatura hurbilduz.
Berrikuntza aukera berriak sendotzea Hiri Ekonomian
Gastronomia, merkataritza eta hurbileko zerbitzuak bultzatzea ere Sustapen Sozietatearen berrikuntza-estrategiaren parte da.
Gastronomiari dagokionez, EKINN+ Gastro-ren (50.000€) V. edizioa jartzen da abian. Programa horren helburua da sukaldaritzako talentu gazteek gidatutako enpresa-proiektu berrien hazkundea sustatzea. Berritasun gisa, aurten Gastro Egoitzen lehen edizioa jarriko da martxan, Donostian ezartzeko potentziala duten proiektu berritzaileak erakartzea helburu duen ekimena. Programak aldi baterako egonaldiak eskainiko ditu, tutoretza, aholkularitza espezializatua, lan-espazioak eta sare profesionaletarako sarbidea konbinatuz, kanpoko talentuaren eta tokiko ekosistemaren arteko lotura erraztuz.
Berrikuntzak hiri-ekonomian ere zeregin nabarmena izango du EKINN Dendak programaren III. edizioaren bidez. Programa hori merkataritza-ekimen berriak identifikatzera bideratuta dago. Edizio berriak pertsona migratzaileen merkataritzako eta ekintzailetzako belaunaldi-erreleboa babestuko du. Jarduera-multzo honen bidez, Donostia Sustapenak sektore tradizionalen lehiakortasuna indartu nahi du, talentu ekintzaile berria erakarri, eta hiriko hiri-ekonomia eraldatzen eta suspertzen lagunduko duten eredu berritzaileak sortu.
Tokiko talentu gaztearen garapen profesionalerako proiektuak sustatzea
Gazte talentua erakartzea eta fidelizatzea da Donostiako etorkizunerako erronka estrategikoetako bat. Gazteentzako aukera profesional berriak sortzeko eta berrikuntzaren tokiko ekosistemarekin duten lotura sendotzeko, Donostia Sustapenak ekimen berriak jarri ditu abian aurten, haien garapen pertsonala eta profesionala laguntzeko.
Berrikuntzen artean, GazteEKINN abian jarri izana nabarmendu behar da. Zerbitzu integral berri bat da, 35 urtetik beherako gazte kualifikatuei orientazioa eta laguntza emateko, eta aholkularitza, prestakuntza eta jarduerak eskainiko dizkie, haien enplegagarritasuna eta tokiko enpresa- ekosistemarekiko lotura hobetzeko.
Halaber, gazteek sustatutako inpaktu sozialeko proiektu berritzaileak garatzen laguntzeko II. Programa abiarazi da, (20.000€) gazteek tokiko arazoak konpontzen aktiboki parte har dezaten sustatzeko, eta, horretarako, haien sormena eta lidergoa sustatu nahi dira, bai eta ekintzailetzaren, hezkuntzaren edo berrikuntzaren arloetako proposamen berritzaileak garatzea ere. 12 hilabeteko programa honekin, gazteek hilero 500 euroko diru-laguntza jasoko dute, 2.000 euroko gehieneko laguntza proiektua garatzeko, aholkularitza pertsonalizatua eta aldi baterako etxebizitza EKINNen.
Bestalde, Donostiako gazteentzako EKINN Egoitzak programak bi urte arteko sarbidea eskaintzen du EKINNen, alokairu hobaridunaren bidez. Programa honetan parte har dezakete 35 urtetik beherakoek, baldin eta beren proiektu berritzailea sozietatearen programaren baten bidez garatzen ari badira, edo Donostiako I+G+B enpresa batek kontratatutako gazteek.
Hurrengo fasean, nazioarteko mugikortasunerako aukerak zabalduko dira, eta prestakuntza praktikoko bekak eskainiko dira etorkizuneko ekonomiarako estrategikoak diren sektoreei lotutako atzerriko enpresa eta erakundeetan.
Era osagarrian, eta hiriko erronkei erantzuteko berrikuntza publikoa bultzatzeko ardatzean, zuzkidura ekonomikorik gabeko programak ere abiarazten dira, administrazio publikoaren, herritarren, enpresen eta ekosistema berritzaileko eragileen arteko lankidetza sustatzeko helburuarekin.
Hiriko erronkei erantzuna emateko ideien lehiaketaren bitartez, Donostia Sustapenak donostiar soluzio berritzaileak sortzeari eta probatzeari laguntzen jarraituko du, hiriko erronkei erantzuteko eta zerbitzu publikoak hobetzeko, lankidetza eta soluzio berritzaileak garatuz. Donostia esperimentatzeko, hirian benetako inpaktua izango duten proiektuak garatzeko lankidetzako eta berrikuntzarako hiri- laborategi bihurtuko da horrela. Hautatutako ideiak proiektu pilotu bihurtu ahal izango dira lankidetza- hitzarmenen bitartez. Gaur egun, dagoeneko bi start-up daude Udaltzaingoarekin eta Mantentze Sailarekin lanean soluzioak probatzeko.