• Etxea
  • Azken ordua
  • 20 beka Donostiako gazteentzat, atzerriko erakundeetan bere lanbide-garapena bultzatzeko

20 beka Donostiako gazteentzat, atzerriko erakundeetan bere lanbide-garapena bultzatzeko

  • Horietako batzuek beste urte erdiz osatuko dute beren prestakuntza tokiko enpresetan.
  • Edizio honetan biodibertsitate proiektuak finantzatuko dira Japonian, Frantzian edota Danimarkan eta hileko ordainsari gordina 2.000 €-koa izango da.
  • Parte hartzaileek aukera izango dute "Talent Egoitzak" programaz baliatzeko eta eraikin berrian ostatu hartzeko.

Aurten ere, Donostia Sustapenak "Connecting Talent" bekak jarri ditu martxan, Graduko unibertsitate titulazioa edo Goi mailako LHko titulazioa duten 30 urtetik beherako gazte donostiarrei zuzenduta bere garapen profesionala bultzatzeko. Atzerrian lan egiteko bekak dira, bekadunen lanbide heziketa garatzea eta tokiko talentua garatzea xede dutenak.

Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko eta Enpleguko Zinegotziaren hitzetan: "Programak Donostiako gazteen gaitasunak garatu nahi ditu, izen oneko nazioarteko erakundeetan egindako egonaldien bidez. Gainera, tokiko berrikuntza-ekosistema indartzen du, atzerritik itzultzen direnean gazteei laguntzen baitie lan munduan sartzen, hori bera izanik gure helburuetako bat: tokiko talentuari atxikitzea. Aurten, gainera, Donostiara itzultzen direnean, Talent Egoitzak programarekin bat egiteko aukera izango dute, baita Talent House 2 eraikin berrian ostatatzeko ere".

connecting talent contenido2

Connecting Talent beka-programa honen aurtengo zenbatekoa 284.000 €-koa da, Donostiako Zinegotzigoak eta Donostia Sustapenak tokiko talentuaren alde egindako apustua da.

Edizio honek badu nobedaderik: Donostiako erakunde batean beka 6 hilabetez luzatzeko aukera ematen dute 20 beka horietatik 10ek. Halaber, eta Next Generation Funtsei esker, Ingurumen Sailarekin lankidetzan, biodibertsitateari lotutako 5 proiektu ere finantzatu ahal izango dira.

"Connecting Talent" beketan parte hartzeko interesa duten gazteek www.fomentosansebastian.eus webgunearen bidez eman dezakete izena. Beharrezko baldintzak eta jomuga-herrialdeak han bertan topatuko dituzte.

Hirirako estrategikoak eta berritzaileak diren proiektuak jaso beharko dira eskabidean. Donostia Sustapena 2012. urtean hasi zen programa horien alde egiten; harrezkero, 550 beka baino gehiago banatu dira; gazteen % 50 baino gehiago lan merkatuan sartu da bekaren amaieran, eta ia % 100 handik sei hilabetera.

Aurten hiru beka mota egongo dira eta epea martxoaren 31ra arte egongo da zabalik:

Connecting Talent "Autokandidaturak":

  • Eskatzaileek proiektuaren memoria aurkeztu beharko dute, honako alderdi hauek barne: aukeratutako herrialdea, garatu beharreko jarduera eta atzerriko erakundearen onarpena.
  • Egonaldiak sei hilabetekoak izango dira eta hilean 1.530€ jasoko dute, gehi egonaldia eta bidaiako laguntza-asegurua, Donostia Sustapenak % 100ean finantzatuak.

Connecting Talent "Itzulera": Programak bi fase ditu:

  • 1. fasea: 6 hilabetera arte atzerriko erakunde batean, nazioarteko proiektu bat garatzeko. Hileko laguntza 1.530 €-koa da, gehi asegurua eta ostatu-gastuak (%100ean finantzatuak).
  • 2. fasean: 6 hilabetera arte Donostiako erakunde batean, tokiko aplikazioa izango duen nazioarteko proiektu bat garatzen jarraitzeko.

Donostiako ekosistema berritzaileko erakundeak dira 1. faseko nazioarteko proiektuak proposatzen dituztenak, 2. faseko praktikak beren egoitzetan amaitzeko. Interesa duten entitate guztiek Donostia Sustapenaren webgunean planteatu ditzakete beren proiektua eta beren jomuga-herrialdea. Australian, Alemanian, Kolonbian edota Suedian, besteak beste, badaude eskaintzak ikerketa-proiektuak garatzeko.

Connecting Talent "Biodibertsitatea": Biodibertsitatearen eta Natura Ondarearen arloan izen handikoak diren atzerriko erakundeetan egonaldiak egiteko bekak dira, Ingurumen Sailarekin eta Next Generation funtsekin elkarlanean.

Guztira 5 ikerketa-proiektu finantzatuko dira, bakoitza 10 hilabeteko iraupenarekin: 8 atzerrian eta, horren ondoren, beste 2 Donostialdean, Artikutzako ingurune naturalarekin lotura duen proiektu batean.

Egonaldiko beharrezko gastuei aurre egiteko (2.000 euro gordin/hilean), proiektu bakoitzeko zuzkidura ekonomikoa 20.000 eurokoa izango da. Japonian, Frantzian, Danimarkan, Finlandian edota Polonian eskaintzak daude. Beka honen epea otsailean zehar zabalduko da; hala ere, informazio guztia webgunean dago eskuragarri.

Hirugarren programa hau "Donostia-San Sebastián Helmugako Jasangarritasun Plana"ren barruan (2022-2024) sartuta dago; plan hau Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan garatua da eta honako finantzatzaile hauek ditu: Europar Batasuna-Next Generation Funtsak; Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioa; eta Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila.

Eskeintzen diren beken inguruan informazio gehiago