• Etxea
  • Azken ordua
  • Uba Aterpetxeak gizarte enplegu proiektu berritzailea garatuko du

Uba Aterpetxeak gizarte enplegu proiektu berritzailea garatuko du

  • Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen enplegugarritasuna hobetzera bideratutako eredua enplegu eta prestakuntza programen bidez aldatzea planteatu da.
  • Horri esker, gainera, aliantzak sortuko dira ostatu sektorearen eta horren antzeko alorretako eragile giltzarriekin, parte hartzen duten pertsonen beharrak sektore bakoitzarekin konektatzeko aukera emanez.
  • Instalazioak aterpetxe gida funtzionatzen jarraituko du, ingurune natural batean ostatu erakargarria eta ekonomikoa eskainiz.

Donostia Sustapenak bultzatua eta kudeatua, Uba aterpetxea 2012an sortu zen, zerbitzu lehiakorrak eskaintzen dituzten ostatu ekonomikoen bila dabiltzan bisitarientzat. 2023. urtean, espazioa eraldatzea planteatu da, eragin sozial bereizgarria izango duen enplegu proiektu berritzaile eta integral bati babesa ematearren.

Marisol Garmendia Ekonomiaren Garapen eta Enpleguko zinegotziaren esanetan, "proiektu berritzaile hau UBA aterpetxean garatzeak eragin handia izango du gizartean, merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen artean enplegua sustatzeko eta lan merkatuarekin konektatzeko gune bilakatuko baita. Prestakuntzaren bidez enplegu ibilbideak garatzea eta pertsona horiei kalitatezko enpleguak lortzea ahalbidetuko dieten lan gaitasunak garatzea izango ditu helburu proiektuak”.

Donostia Sustapena proiektua planteatzera bultzatu duten arrazoiak hainbat dira. Alde batetik, hiriko ostatu mota horren testuingurua aldatu egin da, baita haren bilakaera ere. Hori dela eta, Donostia Sustapenak aterpetxearen kudeaketa-eredua berriro aztertu behar izan du.

Beste alde batetik, enplegua lortzeko zailtasunak dituzten kolektiboak gizarteratu eta laneratzeko erronka du Donostiak. 45 urtetik gorako langabeen bolumena handia da (otsaileko 7.094 langabeen % 58,5), eta pandemiaren ondorioz, kasu askotan, haien lan egoera kronifikatu egin da. Genero arrakala handia ere hauteman da: langabetuen artean emakumeak gizonak baino ia mila gehiago dira.

albergueuba contenido

Testuinguru horretan, gainera, Donostia Sustapenak eskulan egokirik eza antzeman du bai ostalaritzan bai ostatuen sektorean. Egoera berria dela eta, eskaintza/eskaria lotzeko eta prestakuntza egokia garatzeko irtenbideak planteatzera beharturik gaude, batez ere langabeentzat.

Gaur egungo egoeraren aurrean, Donostia Sustapenak Aterpetze/Eskola proiektu berri bat garatzeko aukera zegoela ikusi du, lan merkatuan sartzeko zailtasun handiak dituzten langabetuek sektore tradizionaletan gehien eskatzen diren lanbide profiletako batzuetan trebatzeko eta prestatzeko aukera izan dezaten.

Laneratzeko kontratuak sorraraziko dituzten enplegu eta prestakuntza programak jarriko dira abian. Donostia Sustapenak eta Lanbide Heziketako Zentroek gidatuko dituzte programa guztiak, hirugarren sektoreko erakundeekin lankidetzan, esparru horretan dauden eragileen arteko lotura erraztuko duen eredua denen artean bultzatuz.

Proiektua 2023an zehar abiaraziko da eta Donostia Sustapenak gizarteratzeko zailtasun handiak dituzten kolektiboentzat garatzen dituen ekintzen multzoan sartuko da; hor dugu, esaterako, Reaktiva-T progama, orientazio-, prestakuntza- eta laguntza-zerbitzuak osatua eta kontrataziorako laguntzak ere gehitu zaizkionak.