• Etxea
  • Azken ordua
  • Talentuaren Azokaren II. edizioak 160 lan kontratu baino gehiago eta 90 nazioarteko mugikortasun beka eskeiniko ditu

Talentuaren Azokaren II. edizioak 160 lan kontratu baino gehiago eta 90 nazioarteko mugikortasun beka eskeiniko ditu

Elkarrizketak, aurrez aurrekoak izango direnak, ekainaren 22an, Reale Arenan izango dira, Real Sociedaden lankidetzari esker. 

Interesdunek izena eman dezakete webgune honetan: www.fomentosansebastian.eus

Ekainaren 22an, asteazkena, Donostiako 40 enpresak baino gehiagok garapen profesionalerako 160 lanpostutik gorako aukera sorta bat aurkeztuko dute Reale Arenan. Horrela, enpresa bakoitzak toki pribatu bat izango du estadioaren ekialdeko harmailan, izangaiei elkarrizketak egin ahal izateko. Talentuaren Azoka estadioan egin ahal izango da, Real Sociedaden lankidetzari esker.

“Azoka hauek eginda, gure helburua da gure hiriko gazteak tokiko enpresek eskaintzen dituzten lan aukera kualifikatuekin lotzea, eta iazko azokak izan zuen arrakasta ikusita, lan aukera berri gehiago eskainiko ditugu”, adierazi du Sustapen Ekonomikorako eta Enplegurako zinegotzia den Marisol Garmendiak, Donostiako udaletxean azoka aurkeztu denean.

Azokara joan nahi duten gazteek izena eman dezakete Sustapenaren webgunean dagoeneko aktibo dagoen online plataforman. Horrez gain, aukera izango dute azokan parte hartuko duten eta lan egiteko interesa duten enpresekin elkarrizketak hitzartzeko. Plataforma honetan, enpresa parte hartzaileek behar den informazioa jarriko dute: nor diren, zertan aritzen diren eta zer profil bilatzen dituzten. Era berean, lan aukera bakoitzaren baldintzak adieraziko dituzte, interesdunek hautatutako enpresarekin elkarrizketa eskatu ahal izateko.

Talentu Gaztearen II. Azoka honetan, beraien sektorean eredu diren Donostiako enpresek parte hartuko dute. % 50etik gora Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien sektoreari lotutako enpresak dira, besteak beste, STT Systems, Zucchetti, Ibermatica, Countercraft EPL Engineering, Lex Program, Smiley Owl Tech, Peta Optik, Inmersia. Bioosasunaren arloan jarduten duten enpresek ere parte hartuko dute, besteak beste, Vivebiotech, Indicate, Deneb eta Viralgen, baita bestelakoek ere: Caf Power, Caf Digital Services, Kendu, Ceit, Centro Guna, Trivima edo Real Sociedad.

feria talento contenido

Gehien eskatuko diren profil kualifikatuak, izan Gradukoak izan goi-mailako LHkoak, hauek izango dira: Informatikako, Telekomunikazioko eta Elektronikako Ingeniaritza Teknikoak, industrialaz, mekanikoaz eta elektrizitatekoaz gain. Hala ere, bestelako profilak ere eskatuko dira, arlo hauetakoak: marketina, merkataritza, enpresen administrazioa, laborategiko pertsonal teknikoa, etab.

“Enpleguaren eta, bereziki, gazteen enpleguaren aldeko apustua egiten dugu, haiek baitira Donostiaren oraina, eta batez ere, etorkizuna”, adierazi du Marisol Garmendiak, “horregatik ezinbestekoa da horrelako topaketak eragitea, Donostian bizitzeko eta lan egiteko proiektu bat garatu ahal izateko. Gure hiriko talentua bertan gelditzea nahi dugu eta, horretarako, gure enpresa ehunaren konplizitatea daukagu, profil prestatuak eta talentudunak nahi baititu hazten jarraitzeko.”

Marisok Garmendiarekin batera aurkezpenean izan dira Biotech Food enpresako (lehen edizioan 2 eskaintza egin zituen eta aurten ere azokan izango da) eta Countercraft enpresako ordezkariak (lehenengo aldiz parte hartuko du azokan, 5 proposamenekin). Pilar eta Martin ere izan dira aurkezpenean. Bi gazte hauek Viralgenek kontratatu zituen iazko azokara joan ostean.

2021eko Talentuaren Azokan 600 lan elkarrizketa erregistratu ziren eta 380 izangaik baino gehiagok eman zuten izena. Gaur egun, parte hartu zuten enpresen % 36k lehen edizioko parte hartzaileak kontratatu ditu.

Talentuaren Azoka goizez eta arratsaldez izango da. Horrez gain, garapen profesionaleko tailerrak eta hainbat enpresatako hitzaldiak egingo dira, eskatzen dituzten profilak eta zerbitzuak azaltzeko.

Halaber, Donostia Sustapenaren stand bat egongo da, gaur egun garatzen ari diren prestakuntzako, enpleguko eta ekintzailetzako programa guztiekin. Gainera, 30 urtetik beherakoentzako 90 beken berri emango da. Beren garapen profesionalerako, atzerrian 6 hilabeteko egonaldi bat egiteko aukera izan nahi dutenentzat izango dira beka horiek.