Erakusleiho digital bat Donostiako merkataritzarentzat

  • Donostia Sustapenak Donostiako hoteletan tokiko merkataritza sustatzeko ekimen bat abiarazi du, diseinu propioko produktuak eta artisauak ikusgai egongo direlarik.
  • Marisol Garmendia: "digitalizazioa funtsezkoa da tokiko merkataritza eta produktua indartzeko eta nazioarteko proiekzioa emateko".

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, deialdi bat ireki du tokiko saltokiek, enpresek eta diseinatzaileek erakusleiho bat izan dezaten hiriko hoteletan beren produktuak sustatzeko. Proiektua, tokiko produktuen erakusketa digitalean oinarritzen da, hologramako gailuen bidez, eta horiek Full HD kalitateko hiru dimentsioko irudietan bistaratzea ahalbidetuko dute.

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak gogorarazi du Donostiak 2.500 saltoki txiki dituela eta horietako askorentzat turismoa bezero garrantzitsua dela: "erakusleiho digital bat izateak sektorearen eraldaketa teknologikoa babesten du, aberastasuna eta enplegua sortzeko aukera berriak eskaintzen ditu eta gure tokiko produktuaren nazioarteko proiekzioa bultzatzen du".

Donostia Sustapenaren ekimenak Next funtsen finantziazioa du, hiriko hoteletan garatuko da eta Donostiako hainbat sektoretako saltokiei irekita dago, hala nola bitxigintza, artea eta eskulanak, ekipamendu pertsonala eta elikadura. Helburua, artisau-produktuak, produktu ekologikoak, diseinu propiokoak, berritzaileak edo bereziak direlako nabarmentzen direnak sustatzea da. Hotelen kasuan, 4 edo 5 izarreko establezimenduei zuzenduta dago, baldin eta produktuak behar bezala erakusteko espazioa eta beharrezko baliabideak badituzte. Gehienez hamar saltoki eta bost hotel aukeratuko dira, eta uda baino lehen proiektua martxan egotea aurreikusten da.

Interesa duten denda eta hotelek Donostia Sustapenaren webgunean egin dezakete eskabidea, eta bertan dute beharrezko informazio guztia.

Gehiago irakurri

* Ekimenak Next funtsen finantziazioa du, honako deialdian: PRTR Next Generation Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia esparruaren barruan, Donostiako helmugako Jasangarritasun Turistikoko Plana, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren 2021eko deialdiari dagokion azpiproiektuan.