• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiako Sustapenak 1.697 lanposturen sorrera bultzatu zuen 2023an

Donostiako Sustapenak 1.697 lanposturen sorrera bultzatu zuen 2023an

  • Donostiako garapen ekonomikorako agentziak guztira 9 milioi euro bideratu zuen 2023an.
  • Sozietateak handitu zuen ekintzailetza arloan urtean egiten zuen batez besteko inbertsioa, 2,5 milioi euro inbertitzea lortuta.

Donostiako Sustapenak, hiriaren sustapenerako eta garapen ekonomikorako agentziak, 2.639 zerbitzu eman zituen iaz (2022an baino % 34,8 gehiago), 2.564 pertsona artatu zituen (2022an baino % 60,4 gehiago), 1.352 enpresari lagundu zien (+% 4,6) eta 295 proiektu ekintzaile babestu zituen, erakundearen 2023ko jarduera balantzeak adierazten duen moduan.

2023an zehar, ia 2 milioi euro inbertitu ziren kontratazioa eta enplegua sustatzeko programetan, hainbat erakunderekin lankidetzan, 2.564 pertsonari laguntzeko eta 1.697 lanpostu berri sortzea babesteko, horien % 56 35 urtetik beherakoentzat izanik.

Ane Oyarbide Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziarentzat, datu horiek “zinegotzigo honek, Donostia Sustapenak eta Udal osoak hiriaren ekintzailetzari laguntzeko, enplegua sortzeko eta gure gazteei garapen pertsonal eta profesionalerako aukerak eskaintzeko egindako apustua islatzen dute. Enpleguan genero-aldea murrizten eta zailtasun handienak dituzten kolektiboei aukerak ematen saiatzen jarraitzen dugu. Halaber, hiriaren konpromisoa irmoa da Donostia berrikuntzaren, zientziaren eta ikerketaren arloan erreferente izaten jarraitzeko”.


Donostia Sustapenaren apustua sendotzea

Donostiako Sustapenak sendotu egin du hiriaren ekonomia eta enplegua bultza ditzaketen proiektu berritzaileak –pertsonei begirakoak eta eredu kolaboratiboaren bidezkoak– sustatzeko apustua.

Iñigo Olaizola, Donostia Sustapenaren zuzendari orokorraren arabera, “apustu horrek esan nahi du pertsona, enpresa eta proiektuei laguntza pertsonalizatua eskaini behar zaiela, hiriko berrikuntza ekosistema aberatsa osatzen duten eragile desberdinekin elkarlanean”.


Ekintzailetzari laguntzea

2023an, 295 proiektu ekintzaile berriri eskaini zitzaien arreta, eta egitasmo horien % 44 berritzaileak ziren. % 49k 4.0 industriarekin izan zuten zerikusia, % 26, biozientzien arloko proiektuak ziren; eta % 25, energia eta material berriekin lotutako proiektuak. Guztira 750 pertsonak hartu zuten parte ekintzailetzari lotutako programa eta zerbitzuetan: % 52 emakumeak ziren; % 46, 35 urtetik beherakoak; eta % 28, etorkinak.

EKINN+ programaren bidez, iaz, 23 startup enpresak jaso zuten laguntza, 2015etik lagundutako 126 proiektuetarako. Proiektuen iraupen tasa altua (% 98,8) duten startup enpresek, laguntza jaso dutenek, plantilla hirukoiztu egin dute 5-7 urteko epean.

Elkargi SGRkin elkarlanean gauzatzen den Abalen Programan, 526.000 euro banatu ziren tokiko 6 startup enpresaren artean: batez beste 87.600 euroko finantzaketa jarduerako. Ekintzailetzaren eta berrikuntzaren aldeko apustu hori garbi ikusten da 2024an martxan jarritako EKINN proiektu eta gunean, hiriaren bihotzean kokatutako Berrikuntza eta Ekintzailetza Nodo berrian.


Zientzia eta berrikuntza ekosistemaren sustapena

Bultzada horrek transferentzia teknologikoan, ikerlari talentudunak erakartzean eta bertako talentua babestean jartzen du arreta, bereziki gazteak eta genero berdintasuna kontuan hartuz.

Nabarmentzekoak dira STEAM bokazioak eta generoen arteko berdintasuna bultzatzeko sentsibilizazio ekintzak, Emakumeak Zientzian eta Aspegi elkartea bezalako ekimenekin elkarlanean. Donostia Sustapenak 1.000 emakumetik gora artatu zituen, 814 kontratu berri sinatzea bultzatuz, eta emakumeak buru dituzten 100 enpresa proiektu lagundu zituen.

  • WeekINN edo Berrikuntzaren X. Asteak 3.000 parte hartzaile jaso zituen berrikuntza eta ekintzailetzaranzko “Xpedizioan”, eta 60 erakunderekiko elkarlanean antolatu zen.
  • Talent House programaren bidez, 2011tik hona 2.300 ikerlariri baino gehiagori eta beren familiei eman zaie ostatu (guztira, 3.316 lagun).
  • Bonu teknologikoei dagokienez, 32 bonu banatu ziren, hau da, guztira 400.000 euro.

Hiri ekonomia

1,3 milioi euroko inbertsioari esker, ia 700 establezimenduk jaso dute laguntza merkataritza eta ostalaritza sektorean. NEXT proiektuak nabarmentzen dira, sektore horietan jasangarritasuna, berrikuntza eta, horrela, lehiakortasuna hobetzea bultzatzeko.

2023ko berritasuna izan da EKINN+ Gastro programa, gastronomia arloko enpresa proiektuetan talentua eta hazkunde aukerak identifikatzeko eta sustatzeko; oso hasiera positiboa izan du.

DSS Market Plaza online erosketarako plataformak 312.000 euroko salmentak eragin zituen, eta Gabonetako kanpainak, 22,5 milioi euroko inpaktu ekonomikoarekin, 18 euro ekarri zizkion tokiko ekonomiari, inbertitutako euro bakoitzeko.

Proiektu estrategikoetako bat Ubako Aterpetxe Eskola irekitzea izan da, enplegurako aukera berriak sortzen baititu. Gizatalde behardunentzako edo laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako lan aukerak sortzea helburu duen eta hiriko zenbait erakunderekin elkarlanean planteatu den enplegu inklusiboko proiektu berritzaile hori eraldatzeak ostatu eta ostalaritza-jarduera sektoreko formakuntza eta lan praktikekin uztartzea ahalbidetzen du.

Era berean, azpimarratu behar dira Hiri birsorkuntza integralaren Planeko jarduketak Altza auzoan; 12 milioi eurotik gorako zuzkidura jaso duten lanak 2025era arte egikarituko dira mailaka.

Jarduerari laguntzeko, Donostiako Sustapenak formakuntza- eta enplegu-programa eskaintzen du fase desberdinetan, enplegagarritasuna hobetzeko ibilbide baten osagarri moduan, talde zaurgarrietako 20 pertsonaren partaidetzarekin.


Donostiako gazte talentudunei laguntzen

Helburu hartuta gazteei formakuntza, enplegua eta etxebizitza lortzeko aukerak ematea, baita gazte talentudunak erakartzea ere, nabarmentzekoak dira nazioarteko mugikortasunerako 49 bekak, kontrataziorako laguntzak eta enplegua sortzea. Gainera, III.Talentu Azoka antolatu zen (46 enpresa berritzaileren 156 eskaintza eta 350 parte hartzaile baino gehiago).

2023an, 2.000 gazterekin egin da lan berrikuntza eta ekintzailetza jardueretan, batez ere, erronka bidezko ikaskuntzako Donostia Innovation Challenge programaren VII. edizioan, berrikuntzari lotutako gaitasun eta trebetasunak garatzeko; guztira, 23 ikastetxek eta –laguntzaile modura– tokiko 65 erakundek hartu dute parte.