- I+G arloko inbertsioak urtetik urterako hazkundearekin jarraitu du aurten ere % 12,3arekin, hots, tokiko BPGaren % 3,7. Sektore bioteknologikoa erreferente bihurtu da dagoeneko, eta hiriko I+G inbertsio osoaren % 17 hartzen du.
Donostia Sustapenak egin duen 2024ko Barometro Ekonomikoaren datuetan oinarritutako interpretazio soziodemografikoaren arabera, hiriak bere hazkunde joerarekin jarraitu du, ziurgabetasun geopolitikoa eta aurrerapen teknologiko nabarmenak nagusitu diren urte honetan, eta horrek argi utzi ditu hiriaren sendotasuna eta uneko zein etorkizuneko erronketara egokitzeko gaitasuna.
Lan merkatuaren datu historikoak
Lan esparruan, zifra historikoetara iritsi da Donostia 2024. urtean, 90.900 pertsona aktibo eta lana duten 84.900 pertsonarekin, eta azken hamarkadetako langabezia tasa baxuenarekin itxi du urtea (% 6,3 Eustaten arabera) Europako estandarren ildo beretik.
Dinamismo horri esker, 2024an pertsona kontratatuen bolumen handia lortu da (35.000), 94.400 kontratu formalizatuz. Gauzak horrela, Donostian, kontratuen % 56 35 urtetik beherakoekin sinatu dira.
Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziarentzat, enpleguaren datuak "oso onak dira eta gure hiriak duen giharra erakusten dute. Hala ere, lanean jarraitu behar dugu lanpostu bat lortzeko zailtasun gehien dituzten pertsona horiei guztiei lan-aukerak eskaini ahal izateko ". Ildo horretan, hirirako erronketako bat iraupen luzeko langabeei lan-aukera bat ematea dela azpimarratu du, langabe guztien % 44,6 baitira. Kolektibo horrek, hala ere, % 3,8ko murrizketa izan du 2023arekin alderatuta. Gainera, kolektibo horren garrantzia Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidegoko batezbestekoaren azpitik dago.
Aldaketa enpresa ehunean
Hazkunde ekonomiko horren oinarria 15.384 enpresak osatutako enpresa ehuna da, eta mikro tamainako enpresa parkea; izan ere, 10 enpresatik 7k bi langile baino gutxiago dituzte. Aldiz, hazkunderako joera sendotu egin da eta enplegua tamaina handieneko establezimenduetan kontzentratu da. Berez, 50 langiletik gorako enpresek hiriko enpleguaren % 44 hartzen dute jada, eta Donostia enpresa dentsitate handiena duten Espainiako lau hirietako bat bihurtu da.
2024an, hiriko BPG nominala % 6,6 hazi da, Gipuzkoako eta Euskal Autonomia Erkidego osoko batezbestekotik gora, eta enplegua % 2,7 areagotu da. Batik bat zerbitzuen sektorera orientatuta dagoen tokiko ekoizpen ehunak ere oso bilakaera ona izan du; hiriko enplegu guztiaren % 91,4 sortu du eta udalerriko BPGaren % 88,3 hartzen du.
Aipagarria da ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuak (EIZ) hiriko establezimendu guztien % 35etik gora direla dagoeneko (6.372 establezimendu).
Era berean, Hiri Ekonomiak establezimenduen % 22,2 hartzen ditu, hau da, 3.987 establezimendu guztira (% 13,1 txikizkako merkataritzakoak eta % 9,1 aisialdi turistiko gastronomikoaren sektorekoak). Esparru horrek hiriko BPGaren % 11,8 hartzen du, eta enpleguaren % 19,3. Alde batetik, txikizkako merkataritzaren fatxada komertziala murriztu egin da (-% 2,3), baina enplegu zifrak apur bat hobera egin du (+% 1,4). Bestalde, aisialdi turistiko gastronomikoaren sektoreak joera positiboa mantendu du 2019tik (pandemia salbuespen) eta % 10 hazi da harez geroztik, azken urteko okupazioan % 8,7ko aurrerapena izateaz gain. Hortaz, gaur egun, sektore horretan biltzen da hiriko enpleguaren % 9,7, eta establezimenduen % 9,1.
Zientzia eta berrikuntza, garapen sozioekonomikoaren eta hiriko ekintzailetzaren motorrak
Donostia zientzia eta berrikuntzaren hiri gisa finkatzen ari da, eta laugarren aldiz jaso du, 2024an, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitateen Ministerioaren aitorpen nazionala, 365,4 milioi euroko I+G inbertsio errekorrarekin, hots, % 12,3ko igoera urte bakar batean eta tokiko BPGaren % 3,7. Horrek Europako beste ekosistema aurreratuago batzuen parean kokatu du hiria, hala nola Helsinki (% 3,8) edo Grenoble (% 3), eta EAEko batezbestekoaren (% 2,2) eta Gipuzkoako batezbestekoaren (% 2,6) gainetik. Gainera, biztanle bakoitzeko 1.936 euroko I+G inbertsioa EAEko batezbestekoa baino askoz ere handiagoa da (930 euro/biztanlea) eta Madril (879 euro/biztanlea) edo Kataluniaren (679 euro/biztanlea) moduko erkidegoetakoa baino handiagoa ere bada.
Sendotze hori bera ikus daiteke Jarduera Ekintzailearen Tasaren (JET) areagotzean. Une honetan, tasa hori % 7,9an dago, 1.419 enpresa erregistratu berrirekin, Estatuko ekintzailetza polo nagusien antzeko mailan, esaterako, Madrilgo Erkidegoa (% 9), Katalunia (% 8,5) edo Valentziako Erkidegoa (% 8).
Donostiak I+Gari lotutako 6.800 pertsona inguru ditu, eta % 18,6ko ekarpena egiten diote euskal I+G sektoreko enpleguari. Bestalde, I+G+B esparruko emakumeen oreka mantendu egin da, batez besteko % 46,6rekin, eta banaketa nahiko paritarioa da ere okupazio profilei dagokienez.
Sektoreka, bioteknologiaren esparruko I+G inbertsioak tokiko I+G osoaren % 17 hartzen du jada, % 30 inguruko urtetik urterako hazkundearekin (eta % 116koa azken 8 urteetan). Era berean, sektore horretako enpleguak Euskal Autonomia Erkidegoko enpleguaren % 33,9 hartzen du.
Halaber, ezagutzan intentsiboak diren zerbitzuak (EIZ) 35.556 enpleguetara iritsi dira hirian, hau da, hiriko okupazioaren % 35 eta udalerriko BPGaren ia erdia. Ondorioz, COTEC Fundazioaren arabera, Espainia osoko I+G enplegu teknologiko handiena duen 100.000 biztanletik gorako hiriburua da Donostia.
"Ekosistema zientifiko hori da, hain zuzen ere, zientziaren eta berrikuntzaren esparruan erreferente izatera eraman gaituena, azken hamarkadetan ahalegin eta lankidetza publiko-pribatu bikainarekin garatu duguna. Ez bakarrik estatuan, baita Europan ere. Eta lanean jarraitzen dugu, gure lehiakortasuna hobetzeko, aurrerapen zientifikoa sustatzeko eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko dugun gaitasuna handitzeko motorrak bultzatuz ", adierazi du Oyarbidek.
Gorakada demografikoa
Donostiak biztanleria hazkunde neurritsua izan du eta 189.865 biztanletara iritsi da, batez ere atzerriko biztanleriaren bultzada dela eta. 30.000 pertsona inguru dituen kolektibo horrek herritarren % 15,7 biltzen ditu, eta formalizatu diren kontratazio berrien % 21. Aipagarria da ere, atzerriko biztanleriak gora egin arren, atzerriko langabeen kopurua % 16 beheratu dela azken hamarkadan.
Aldi berean, 65 urtetik gorakoak biztanleriaren % 26,2 dira, eta gure gizartearen bizi kalitatearen eta zahartzearen erronken isla argia da hori. Barometroak hiriko hezkuntza maila handia nabarmendu du ere; izan ere, Donostiako biztanleriaren % 27,4k unibertsitate ikasketak ditu, hiriak duen prestakuntza mailaren eta batez besteko enplegagarritasunaren mesedetan. Pertsona gradudunek % 85eko txertaketa duten lan munduan, eta % 94koa titulazio teknikoen kasuan.
Barometroak hiriko datu sozioekonomiko nagusien analisi erraz eta irisgarria jartzen du herritarren eskura, horren barne direla informazio demografikoa, lan merkatuaren informazioa, ehun
ekonomikoarena eta berrikuntzarena. Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak adierazi bezala, "lan hau Donostia Sustapenaren estrategia berri baten hedapenaren parte da, hiriaren garapen ekonomikoa bultzatzen duten faktoreak aztertzeko eta horien jarraipena egiteko ahalegin garrantzitsuarekin batera. Gure ereduaren eraldaketa sakona islatzen duen informazio hau partekatu nahi dugu, berrikuntzan oinarritua bereziki ".
Donostiako 2024ko Barometro Ekonomikoa Donostia Sustapenak egin du eta laster argitaratuko da bere webgunean: www.fomentosansebastian.eus.