• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiak gabonetako egitaraua hondartza-jarduerekin, parke teknologiko batekin eta orfeoiaren kontzertuekin osatzen da

Donostiak gabonetako egitaraua hondartza-jarduerekin, parke teknologiko batekin eta orfeoiaren kontzertuekin osatzen da

  • Hondartza-jarduerak eta parke teknologiko bat Kursaalen (gazteenentzat), Donostiako Orfeoiaren bi kontzertu (doan) eta Alderdi Ederreko bideomappinga dira Donostiako Udalak Donostia Sustapenaren bidez antolatu duen Gabonetako kanpainaren ardatz nagusiak.
  • Marisol Garmendia: "Donostiako Gabonen izaera parte-hartzailearen aldeko apustua egingo dugu aisialdia, dibertsioa eta kultura uztartzen dituzten jarduera berriekin, Donostia Gabonetako erreferentzia bihurtzeko ".

Donostiako Gabonak datozen egunetan hasiko dira; hori dela eta, Egitaraua indartzeko, publiko orori zuzendutako jarduerak izango dira. Argiztapenaz, Gabonetako merkatuaz, atrakzioez, jarduera solidarioez edo hainbat ikastetxetako 150 ikasle donostiarrekin joan den astean egindako jasangarritasunaren asteaz gain, beste hainbat jarduera ere izango dira Gabonetako egitarauan hurrengo egunetan, besteak beste: haur eta gazteentzako jarduerak Kontxako hondartzan, Gabonetako parke teknologiko bat (Kursalean) eta Donostiako Orfeoiaren bi kontzertu (bata Loiolako Erriberak auzoko Iesu elizan eta bestea Altzako San Martzial elizan). Udalak Donostia Sustapenaren bidez antolatutako jarduera hauei guztiei amaiera bikaina emateko, abenduaren 27tik aurrera, egunero, bideomapping bat proiektatuko da Udaletxeko fatxadan.

Marisol Garmendia Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak oso positibotzat jo du Gabonetako kanpainaren bilakaera: "Aurten, inaugurazioak, Gabonetako azokak eta karparen egitarauak aparteko harrera izan dute. Egitarauaren izaera parte hartzailearen aldeko apustua egiten dugu publiko guztiei eta, bereziki, haurrei eta gazteei zuzendutako jarduera berriekin; aisialdia, dibertsioa eta kultura uztartzen saiatu gara, Donostia Gabonetako erreferentzia gisa indartsu azaltzen den programa batekin."

Gabonetako kanpainak ekarri dizkigun berrikuntzen artean, gazteentzako (7-14 urte) Gabonak Hondartzan izeneko ekimena dago. Donostia Sustapenak antolatuta Fortuna Kirol Elkartearen eskutik, Kontxako hondartzan egingo da (La Perla eraikinaren ondoan), abenduaren 26tik aurrera. Bi astez, itsasaldiak eta eguraldia kontuan hartuta, hainbat jarduera programatuko dira, besteak beste: paint ball arkuduna, futbitoa, hondartzako boleya, beach tenisa, skatea (Kontxako hegalkinean), pista amerikarra eta altxorraren bilaketa. Gainera, gazteei zuzenduta, ekologiari eta itsasoaren garbitasunari buruzko hitzaldiak emango dira. Jarduerak 11:00etatik 13:00etara izango dira, asteartetik ostiralera, abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean. Izen ematea doakoa da eta jarduerak hasi aurretik egin behar da, Fortuna Elkarteak Kontxan duen lokalean.

Gazteei (7-17 urte) zuzendutako beste proposamen bat DonoSTEAM Parke Zientifiko eta Teknologikoa da (gaurtik urtarrilaren 5era izango da, Kursaalen). Teknologia berriak, digitalizazioa eta berrikuntza dira DonoSTEAM programa dibertigarriaren hiru ardatzak: droneak, robotika, 3D inprimaketa, programazioa, adimen artifiziala, eSports jokoak, arkitektura, arte digitalak, bideo edizioa, etab. Eduki horietatik abiatuta, ludoteka-tailerrak, hitzaldiak eta era askotako jarduerak antolatuko dira, parte hartzaileen adinera egokituta. Santo Tomás egunerarte, sarrera ikastetxeentzat bakarrik izango da; abenduaren 26tik urtarrilaren 5era bitartean, ordea, jende guztiarentzat egongo da zabalik. Ekimenari buruzko informazio guztia eta izena emateko baldintzak Donosteam-en Webgunean daude eskuragarri: doplay.es

Gabonetako kanpainaren erdiko tartean programatutako jardueren artean kulturak ere leku garrantzitsua du. Donostiako Orfeoiak bi hitzordu berri eta oso berezi eskainiko ditu abenduaren 22an (Loiolako Erriberak auzoko Iesu Elizan, 19:30etan) eta abenduaren 28an (Altzako San Martzial elizan, 20:00etan). Bi kontzertuak doakoak izango dira; entitate solidarioek gonbidatu dituzten kolektiboei espazio bat erreserbatuko zaie edukiera bete arte; eta ekarpen solidarioak egin nahi dituztenentzat zero errenkada bat egongo da.

Bideomappinga Udaletxean

Ekitaldien egitarauari amaiera bikaina emateko, donostiarrek, Udaletxeko fatxadan proiektatutako bideomapping ikuskizun ederra ikusteko aukera izango dute abenduaren 27tik urtarrilaren 4era bitartean, egunero, 18:30etatik 21:30etara (22.00etara jai egunetan eta bere bezperatan). Ikuskizuna Alderdi Eder parketik ikusi ahal izango da, "Gabonetako Sinfonia" lelopean.