Laguntza ekonomikoen bila zabiltza zure negozioak hobera egin dezan?

Berrikuntza proiekturen bat garatzen baduzu, laguntza eta abantaila bereziak jaso ditzakezu.

CIC NanoGUNE Bonu Teknologikoa

 
 

Bonu teknologikoak dira CIC NanoGUNEk gure enpresa-ehunari teknologia eta zerbitzu aurreratuak transmititzeko programa bat.

Bonu teknologikoak euskarri ekonomikoko tresna batzuk dira, eta haien helburua da zentroek duten ezagutza aurreratuak Donostiako enpresen eraldaketan berehalako inpaktua izatea eta negozio-aukera berriak sortzea, enpreson lehiakortasuna hobetzeko.

CIC nanoGUNE nanozientzian eta nanoteknologian espezializatutako ikerketa kooperatiboko zentro bat da, Donostian kokatua. Zentroa 2009ko urtarrilean inauguratu zen eta, gaur egun, 80 ikertzailek baino gehiagok osatutako lantalde bat du. Urteotan, abangoardiako ikerketa egin du nanozientziaren hainbat arlotan, eta jakintzaren eta teknologiaren transferentziara bideratutako proiektuak ere gidatu ditu. Nabarmentzekoa da oinarri nanoteknologikoa duten enpresa berrien sorreran izan duen zeregina, hala nola Graphenea, Simune, Ctechnano, Evolgene edo Prospero Biosciences. Era berean, Estatuko Ikerketa Agentziak berriki aintzatetsi du haren ikerketa proiektua María de Maeztu sariarekin —estatuan ematen den aitorpen garrantzitsuenetako bat, alegia.

  • NORI ZUZENDUTA DAUDE LAGUNTZA HORIEK?

    Laguntza horiek egoitza fiskala eta lantokia Donostian duten eta proiektua lantoki horretan garatzen duten enpresa txikiei zuzenduta daude.

    Gainera, onuradun izan daitezke enpresa bat eratzeko prozesuan dauden pertsona fisikoak edo sustatzaileak.

    Bi kasuetan, proiektu berritzaileak aurkeztu beharko dituzte.

  • ZER LOR DEZAKET BONU TEKNOLOGIKOEKIN?

    Bonuen bidez, CIC NanoGUNEkin lankidetzan, tokiko enpresek eta ekintzaileek sustatutako osagai teknologikoko proiektuak sustatzen eta garatzen ditugu, CIC NanoGUNEn garatutako transferentzia teknologikoaren eta ezagutzaren bidez.

    Osagai teknologikoa duten tokiko proiektuak babestu nahi ditugu, CIC NanoGUNEk produktu eta/edo zerbitzu teknologikoak garatzeko prozesuetan eman ditzakeen zerbitzu espezializatuen, azterlanen eta laguntza teknikoen bidez.

  • BONU ETA KOFINANTZAKETA MOTA DESBERDINAK DAUDE?

    Ez. CIC NanoGUNEren kasuan, bonu guztiak 15.500 eurokoak izango dira, eta honela finantzatuko dira:

    Bonuaren balioa, noiz arte (BEZik gabe)

    Kofinantzaketa

    15.500 €

    • Donostiako Sustapenak %55
    • CIC NanoGUNEk %35
    • Enpresak/ekintzaileak bonuaren balioaren %10 ordaindu beharko du.

    Bonu Teknologikoaren onuradunak bere gain hartu beharko du dagokion BEZa.

    Adibide gisa, onuradunek zer zerbitzu tipologia eska ditzaketen adieraziko da jarraian.

     

    1. adibidea: paperaren industriako enpresa batek papera fabrikatzeko erabilitako altzairuzko arrabolen itsaspen eta lehortze propietateak hobetu nahi ditu.

    Paperaren ekoizpen kateko altzairuzko arrabolen materialak estaltzeko aukera ikertu nahi da, itsaspenaren aurkako eta lehortzeko propietateak hobetzearren.

    Egin beharreko lanak etapa hauek izango lituzke:

    1. Altzairuzko arrabolaren gainazalean mikroegiturak fabrikatzea, prentsatze eta lehortze prozesuan altzairuzko arrabolen itsaspenaren aurkako propietateak eta/edo hidrofilikoak hobetzearren.
    2. TiCN, TiAIN, DLC… motako material ez-organikoen edo Teflón® erako material organikoen propietateak eta horien eragina aztertzea, prentsatze eta lehortze prozesuetan altzairuzko arrabolen estaldura gisa erabiltzeko.
    3. a) eta b) konbinatzea. Mikroegiturak dituzten prototipoak fabrikatzeko teknika gisa litografia optikoa erabiliko litzateke. Behin prozesua optimizatuta, industriarako eskalatzea litografia optikoaren eta/edo laser ablazioaren bidez egin daiteke.

    Aipaturiko materialekin arrabolak estaltzeko dauden teknikak honako hauek dira: ihinztadura katodikoko lurrunketa sistemak (sputter evaporation), lurrungailu termikoak eta ALD (atomic layer deposition). Lurrunketa teknika estaltzeko aukeratutako materialaren arabera hautatuko da. Aipaturiko teknikak jada industrian erabiltzen dira edo laster erabiltzen hastea aurreikusten da.

    Lehen urratsa litzateke prototipoak fabrikatzea, estaltzeko material ezberdinak eta/edo mikroegituren diseinu ezberdinak erabiliz altzairuzko pieza txikietan. Prototipo horiek hasierako analisiak egiteko balioko dute.

    Proposamenak abantaila ekonomikoak, energetikoak eta ingurumenekoak ditu. Gainera, aurrerapen horri esker, paperaren fabrikazio prozesua eraginkorragoa izatea aurreikusten da.

    Paperaren leuntasuna eta distira hobetzea.

     

    2. adibidea: farmazia sektoreko enpresa batek bere formulazioen eraginkortasuna hobetu nahi du. Horretarako, ezinbestekoa da jakitea osagai aktiboak nola banatzen diren matrize polimerikoko eskala nanometrikoan.

    Produktu farmazeutikoen hainbat formulaziotan osagai aktiboen presentzia eta nanoeskalako banaketa ikertu nahi da. Eremu hurbileko mikroskopio optikoa erabiliko litzateke (s-SNOM).

    Proposatuko litzatekeen irtenbidea:

    Espektroskopia infragorriaren bidez (FTIR espektroskopia), material organikoak identifika daitezke; hori dela eta, asko erabiltzen da produktu farmazeutikoak aztertzeko (osagai farmazeutiko aktiboak nahiz matrize polimerikoak). Duela gutxi nano-FTIR teknika garatu da, espektroskopia infragorria egiteko aukera ematen duena eskala nanometrikoan, eta karakterizazio kimikoa nanoeskalan egiteko aukera ireki du. Infragorriaren espektroak nanoeskalan neurtu ez ezik (nano-FTIR; 30x30x60 nm inguruko bolumenaren karakterizazio kimiko osoa), xurgapen irudi nanometrikoak ere neur daitezke (2D mapaketa, infragorrien maiztasun zehatz batean, 30 nm inguruko bereizmen espazialarekin). FTIRen antzera, nano-FTIR karakterizazio teknika ez suntsitzailea da. NanoGUNE erreferentea da mundu mailan teknika honetan, eta neurketa zerbitzuak eskaintzen ditu.

    Egin beharreko lanak etapa hauek izango lituzke:

    1. Laginez hornitzea. Enpresak aztertu beharreko laginak emango lituzke. Ziurrenik, enpresak kontrol laginak ere emango lituzke (adib., osagai hutsak, muturreko formulazio ez komertzialak).
    2. Laginak prestatzea. Eremu hurbileko mikroskopia (s-SNOM) bidez karakterizazioa egiteko, laginen ebakidurak egingo lirateke. Prozedura horri esker, s-SNOM bidez neurtzeko gainazal lau egokiak lortuko lirateke, eta, gainera, laginaren gainazaleko osagaiak degradatuta ez egotea ziurtatuko litzateke.
    3. Erreferentziazko infragorriaren xurgapeneko espektro lokalak neurtzea (nano-FTIR espektroak, material hutsetan). Espektro horien arabera, osagai bakoitzaren xurgapen maiztasun esklusiboak aukeratuko lirateke, ondorengo neurketetan erabiltzeko.
    4. Laginean dauden osagaien nanoeskalako mapaketa egitea. Horretarako, xurgapen irudiak neurtuko dira lehen hautatutako maiztasunetan (adib., 5x5 m-ko irudiak).
    5. Irudietan aurkitutako osagaietan infragorriaren xurgapen espektroa neurtzea (nano-FTIR), karakterizazio kimiko osoa egiteko.

    Osagai guztien nanoeskalako banaketa ezagututa hobeto ulertuko lirateke produktu farmazeutikoen fabrikazio prozesuak, prozesu horiek optimizatuko lirateke, eta, batez ere, produktuen kalitatea eta eraginkortasuna hobetuko lirateke.

     

    3. adibidea: polimeroen enpresa batek hainbat tamainatako core-shell partikulak fabrikatzen ditu, polimeroen konbinazio ezberdinak erabilita. Jakin nahi dute bi faseak bereizita dauden eta core-shell konformazioa osatzen duten, ala bi faseak nanoeskalan nahastuta dauden.

    Proposatuko litzatekeen irtenbidea:

    Partikulak matrize batean enbutitzea, ebakidura bat prestatzea (hots, partikulen zeharkako ebakidurak) eta ebakidura horren karakterizazio kimikoa egitea, bi faseen banaketa ikusteko. Horretarako, eremu hurbileko mikroskopio optikoaren teknika (s-SNOM) eta eremu hurbileko nanoespektroskopiaren teknika (nano-FTIR) erabiliko lirateke. Laginen prestaketa espezifikoa nahiz analisi espezifikoa apur bat desberdinak izan daitezkeen arren, laneko metodologia 2. adibidean deskribatutakoaren oso antzekoa izango litzateke (ikus 2. adibidea).

     

    4. adibidea: kosmetiko enpresa batek hainbat osagairen presentzia eta nanoeskalako banaketa aztertu nahi ditu produktu kosmetiko batean. Horrez gain, produktu horren eta osagai horien banaketa aztertu nahi ditu gizakiaren ilean, bai eta horiek kentzea erraza ote den ere.

    Proposatuko litzatekeen irtenbidea:

    Laburbilduz, produktu kosmetikoaren lagin bat prestatzea proposatuko litzateke. Laginaren egoera/biskositatearen arabera, produktu horren geruza bat prestatuko litzateke substratu batean edo laginaren beraren ebakidura bat egingo litzateke. Gizakion ileari dagokionean, ez luke prestaketa espezifikorik beharko, zuzenean ilean neurtu ahal izango litzateke eta. Lagin horietan, produktu kosmetikoaren karakterizazio kimikoa egingo litzateke (eta giza ilearena ere bai, batez ere proteinak), eta osagaien presentzia eta banaketa neurtuko lirateke, produktuan bertan nahiz giza ilean. Horretarako, eremu hurbileko mikroskopio optikoaren teknika (s-SNOM) eta eremu hurbileko nanoespektroskopiaren teknika (nano-FTIR) erabiliko lirateke. Laginen prestaketa espezifikoa nahiz analisi espezifikoa apur bat desberdinak izan daitezkeen arren, laneko metodologia 2. adibidean deskribatutakoaren oso antzekoa izango litzateke (ikus 2. adibidea).

     

    5. adibidea: altzairuzko moldeak egiten dituen enpresa bat ohartu da bere azken produktuaren propietate mekanikoek okerrera egin dutela, ekoizpen prozesuan hainbat altzairu hornitzaile eta mekanizazio prozesu txandakatzearen ondorioz.

    Proposatuko litzatekeen irtenbidea:

    Prozesatua izan aurretik eta ondoren, mikroskopia elektronikoaz altzairuaren karakterizazioa eginda, metalaren kristal egiturari buruzko informazio garrantzitsua lortu genezake, eta piezan dauden elementu guztiak identifikatuko genituzke. Datu horiei esker jakingo genuke arazo horiek jatorriz kalitate txarreko altzairua erabiltzeagatik diren, ala moldearen fabrikazio prozesuari lotutako arazoen ondorio diren.

  • ZEIN DA CIC NANOGUNE BONU TEKNOLOGIKOEN ZERBITZUEN KATALOGOA?

    Kanpo Zerbitzuen Saila (External Services Department) enpresa esparru desberdinetako ikertzaileentzat eta teknikarientzat zabalik dagoen ikerketa azpiegitura bat izateko diseinatu da; ETEetatik (enpresa txikia eta ertaina) enpresa handienetara arte, industria sektoreen tarte zabalaren barruan.

    Gure ezagutza mikroskopia aurreratuko plataforma batean, gela zuri batean eta nanofabrikazio eta karakterizazio ekipoak dituzten hainbat laborategietan oinarritzen da. Material aurreratuetan dugun potentziala sendotzea gustatuko litzaiguke, nanofabrikazio prozesuetako funtsezko faktore gisa.

    CIC NANOGUNEKO ZERBITZUEN KATALAGOA

      1. 1.FABRIKAZIO PLATAFORMA

    1.1. Geruza fineko hazkunde-zerbitzuak (estaldurak / coatings )

    Zer eskaintzen dugu:

    • Estaldura metalikoak, dielektrikoak edo kalitate handiko geruza isolatzaileak.
    • Substratu, beira, silizio, polimero,… sorta zabala estaltzeko aukera.
    • Azken estalduraren propietateak hobetzeko gainazaleko tratamenduak (tenplatua, azalaren aktibazioa).

    Aukerak:

    • Materialen propietate mekanikoak hobetzea; adibidez, erresistentzia, korrosioa, higadura, marruskadura, itsaspena,…
    • Estaldura islagaitzak.
    • Estaldura biobateragarriak.
    • Gainazal hidrofobikoak/hidrofilikoak.
    • Eguzki-plaken industriarako fabrikazio-prototipoak.
    • Apaindura-estaldurak.
    • Estalduren kalibraziorako fabrikazio estandarra.
    • Geruza anitzeko sentsoreen fabrikazioa.

    Interesgarria honako hauetarako: eguzki-industria, kostako industria, beira-estaldurak, mikroelektronika eta erdieroaleen industria, industria automobilistikoa, industria siderometalurgikoa, metalurgia, makina-erremintaren fabrikatzaileak, aeronautika, sentsorikoa, mikrofluidikoa,…

    Ekipoak: lurrun-gailu termikoak eta elektroi-sortaren bidezkoak, ihinztapen-sistema katodikoak (Sputtering) eta Geruza Atomikoen Jalkitze Sistema (ALD-atomic layer deposition)

    1.2. Nano/mikro fabrikazioaren zerbitzuak

    Zer eskaintzen dugu:

    • Mikro/nano egituren fabrikazioa.

    Aukerak:

    • Erreferentziazko marka pertsonalizatuen fabrikazioa substratu ezberdinetan, beira, silizioa.
    • Mikroskopioetarako kalibrazio-lagin egituratuen fabrikazioa.
    • Gainazalaren topografiaren aldaketak nano eta mikro fabrikazioaren bitartez, honako hauek bezalako propietate optikoak eta mekanikoak hobetzeko: itsaspena, marruskadura, korrosioa, gogortasuna eta higadura.
    • Industria espezifikoetarako fabrikazio-estandarrak nano eta mikro metrologiarako.

    Interesgarria honako hauetarako: industria mikroelektronikoa eta erdieroaleak, automatismoen industria, azterketa-laborategiak, material aurreratuen industria, mikroskopia laborategiak, mikrofluidikoa,…

    Ekipoak: Fotolitografia ekipoa, Elektroi-sorta bidezko litografia-sistemak (EBL, electron beam lithography) eta Ioi Fokalizatuen sorta bidezko sistema (FIB, Focused Ion Beam).

    1.3. Laginak prozesatzeko zerbitzuak

    Zer eskaintzen dugu:

    • Jaulkitze kimikoa eta fisikoa lehorrean (dry etching).
    • Jaulkitze kimiko hezea (wet etching).
    • Hautazko jaulkitzea.
    • Tenplaketa eta kristalizazio tratamenduak (annealing).
    • Laginen eta probeten eskuzko leunketa.

    Aukerak:

    • Gainazalen garbiketa; esate baterako, geruza organikoak, herdoil-geruzak kentzea.
    • Gainazalak aktibatzea (plastikoak eta zeramikak), inprimaketa, lakadura eta/edo itsaspeneko aurre prozesuak.
    • Gainazalaren aldaketa topografikoak.
    • Laginen esterilizazioa ingurune lehorrean.
    • Tenplaketa prozesuen bitartez propietateak hobetzea Ar, N2 u O2 atmosferatan.
    • Mekanikoki leundutako laginen fabrikazioa mikroskopia elektronikoko laborategietarako.

    Interesgarria honako hauetarako: Materiaren zientzien industria, automatismoen industria, mikroskopia elektronikoaren laborategiak, aplikazio biomedikoak,…

    Ekipoak: Jaulkitze kimikoaren ekipoa (RIE), jaulkitze fisikoaren ekipoa (Miller ioia), mikroskopia eta labeetarako laginak prestatzeko laborategia.

    1.4. Nano/mikrozuntz zerbitzuak – Electrospinning

    Zer eskaintzen dugu:

    Nano eta mikrozuntzak neurrira, tartean material polimerikoen, biomolekulen, compositeen eta zeramikoen sorta zabala.

    Aukerak:

    1. Ehunak birsortzeko matrizeak diseinatzea.
    2. Propietate fisikoak eta kimikoak hobetzea.
    3. Zuntzak funtzionalizatzea nahi den aplikazioaren arabera.
    4. Gainazal-mota desberdinak estaltzea nano/mikrozuntzekin.

    Interesgarria honako hauetarako: elikagaien industria, polimeroen industria, indartzeko zuntzak, gailu energetikoen matrizeak, iragazkiak, ehunak birsortzea, botiken administrazioa,…

    Ekipoa: elektrospinnig sistema.

    2.KARACTERIZAZIO PLATAFORMA

    2.1. Egiturazko karakterizazioaren zerbitzuak

    Zer eskaintzen dugu:

    • Material-sorta zabalaren egiturazko karakterizazioa, tartean material metalikoak, isolatzaileak, biologikoak, hezeak,…
    • Materialen kristal-fasea identifikatzea.
    • Topografiaren 2D analisia.
    • Egiturazko analisia 3D formatuan (tomografia)
    • Egiturazko simulazioa.

    Aukerak:

    • Kalitatearen kontrola, prozesuaren higadura, narriadura, tentsioa eta erreproduzigarritasuna egiaztatzeko material-mota ezberdinetan.
    • Metaletan, aleazioetan, material zeramikoetan eta bestelako material aurreratuetan dauden hauspeakin eta aglomeratuen egiturazko analisia (3D irudiak, tamainaren karakterizazioa, faseko karakterizazio kristalografikoa).
    • Fasea identifikatzea material organikoetan eta ez-organikoetan; tentsioa (adib., SiC, Si), trantsizioak material isolagarri eta metalikoen artean (adib., VO2), polimeroen kristalinitatea, mineralen, kristal organikoen, eta abarren identifikazioa eta mapaketa.
    • Geruza fineko estalduren karakterizazioa: zimurtasuna, handiera, profila eta akatsak.
    • Egiturazko mikro eta nano karakterizazioa aurretiko tratamendurik gabe; esate baterako, nahasketetako partikulen tamainaren azterketa, ingurune likidoko materialak, material ez eroaleak, material biologikoak,…
    • Fase kristalografikoa eta ale-tamainaren neurketak identifikatzea material-sorta zabalean.
    • Egiturazko simulazioak: 3D irudien egiturazko berreraikuntzan tentsioa eta irudia aztertzea.

    Zertarako da interesgarria: materiaren zientzien industria, metalurgia, polimeroen industria, automobil-industria, elikadura-industria, eraikuntza-sektorea, energia berriztagarriak, mikroelektronikoaren industria, erdieroaleen industria, geologia.

    Ekipoak: Mikroskopio elektronikoa (eSEM), Transmisioko Mikroskopio elektronikoa (TEM), Transmisioko Mikroskopio elektronikoaren irudiaren analisia eta simulazioa, eremu hurbileko Mikroskopia optikoa (s-SNOM eta nano-FTIR), Errefletibitatea/difraktometria X Izpiak eta Indar atomikozko Mikroskopioa (AFM)

    2.2. Karakterizazio magnetikoaren eta elektrikoaren zerbitzuak

    Zer eskaintzen dugu:

    • Propietate elektrikoen neurketak

    Tenperaturaren aurreko erresistentzia (2 K - 400 K)

    Kurbak I(V) eta V(I) tenperatura ezberdinetan (2 K - 400 K) 9 T-ra bitarte aplikaturiko eremu magnetikoa.

    Erresistentzia magnetikoaren neurketak.

    • Neurketa magnetikoak

    Une magnetikoa tenperatura aurrean (2 K - 1000 K).

    Histeresi-zikloaren neurketa tenperatura ezberdinetan (2 K - 1000 K).

    Aukerak:

    • Propietate magnetikoen karakterizazioa.
    • Propietate elektrikoen karakterizazioa.
    • Gailu elektroniko nano eta mikroen karakterizazio osoa.

    Interesgarria honako hauetarako: materialen zientzien industria, metalurgia, mikroelektronikaren eta erdieroaleen industria, nanopartikulen fabrikatzaileak, industria biomedikoa.

    Ekipoa: Propietate Fisikoak Neurtzeko Sistema (PPMS), punta-mahaiak eta magnetometroak.

    2.3. Karakterizazio kimikoaren zerbitzuak

    Zer eskaintzen dugu:

    • Karakterizazio kimikoa teknika ez suntsitzaileen bitartez.
    • Nano-FTIR, Raman, Energia Dispertsiboaren X Izpiak (EDX) eta Elektroien Energiaren Galeraren Espektroa hartzea (EELS) laginean hautatutako zona nanometrikoetan.
    • Gainazaleko eta zeharkako sekzioaren mapa kimikoak.

    Aukerak:

    • Polimeroak nano eskalan identifikatzea eta aztertzea (geruza anitzeko polimeroak, polimeroaren nahasketak eta nanozuntzak, bio-polimeroak, kautxuak, polimero eroaleak, e.a.).
    • Biomaterialak identifikatzea eta aztertzea (proteinak, fosfatoak, DNA, karbohidratoak, azidoak, e.a.) lagin biologikoetan (gizakiaren hezurrak eta hortzak, zelulak, bakteriak, birusak, bakteriofagoak, fagoak, esporak, mintz zuntzak, e.a.).
    • Osagai aktiboak identifikatzea eta horien mapaketa lagin farmazeutikoetan.
    • Produktu kosmetikoen analisia (adib., kosmetikoak gizakiaren ilean).
    • Aleazioetan, metaletan, zeramiketan eta bestelako material aurreratuetan dauden aglomeratuen analisi kimikoa (irudiak 3D formatuan, tamainaren karakterizazioa, fase kristalografikoaren karakterizazioa).

    Zertarako da interesgarria: polimeroen eta kautxuen industria, bizitzaren zientziak (biologia, biomedikuntza), industria farmazeutikoa, industria kosmetikoa, nekazaritza, metalurgia, mikroelektronika, automobil-industria, elikadura-industria, eraikuntzaren sektorea, energia berriztagarriak.

    Ekipoak: eremu hurbileko Mikroskopia optikoa (s-SNOM eta nano-FTIR), RAMAN Mikroskopia fokukidea, elektroien energiaren galeraren espektroskopia (EELSS) eta energia dispertsiboko X izpien espektroskopia (EDX)

    2.4. Bestelakoak (perfilometria, elipsometria, mikroskopio optikoak,…).

  • NOLA ESKA DEZAKET LAGUNTZA?

    Eskaerak aurkezteko epea Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, baliabide ekonomikoak agortu arte, edo, bestela, 2023ko Azaroaren 15 arte.

    Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, Donostiako Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus/eu).

    Edozein informazio edo kontsultarako 943 482800 telefonoan edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikoan erantzungo da, gai gisa honako hau adieraziz: “Bono Teknologikoen 2023ko Programa”

    Honako dokumentazio hau aurkeztu behar duzu:

    Administrazio-agiriak:

    a) Eskabide-orria (Eskabidearen eranskina).

    b) Laguntza eskatzen duen pertsonaren edo erakundearen banku-datuen eranskina, dagokion banku-erakundeak zigilatua, edo banku-agiri baliokidea, banku-erakundeak behar bezala zigilatua.

    c) Pertsona fisikoa bada, eskatzailearen NANaren kopia.

    d) Pertsona juridikoa bada, eskatzailearen IFKren kopia eta, hala badagokio, ahalordedunaren NANa.

    Deskribapen-memoria teknikoa eta ekonomikoa:

    e) Proiektuaren memoriaren gidoiaren eranskina:

    Memoriak garatuko den proiektu berritzailea deskribatuko du. Informazio teknikoa eta ekonomikoa izango du, eta proiektuaren diseinu orokorra erakutsi beharko du (faseen garapena, zereginak, arduradunak, kronograma, emaitza-adierazleak), eta argi eta garbi adierazi beharko du zer egoeratan dagoen.

    Eskatzailea pertsona fisikoa bada (enpresa eratu aurretik), enpresa-plan bat aurkeztu beharko du, honako informazio honekin:

    • Funtsezko bazkideak: proiektuaren sustatzaileen aurkezpena.
    • Funtsezko jarduerak: Garatu beharreko jardueren xehetasunak
    • Balio-proposamena: planteatutako abantailaren xehetasuna
    • Bezeroen segmentua: helburuko bezeroei eta erakartzeko moduari buruzko informazioa.
    • Kostuen egitura: Kostuen egituraren aurreikuspena
    • Aurreikusitako diru-sarreren iturria: Diru-sarreren ereduaren aurreikuspena
    • Proiektua garatuko den zentroa edo establezimendua Donostian egongo delako konpromisoa.
  • NOLAKOA IZANGO DA EBAZPENA?

    Eskabideak sarrera-erregistroaren arabera ebaluatu eta ebatziko dira, laguntza horretara bideratutako baliabide ekonomikoak agortu arte.

    Proiektu guztiek ezaugarri hauetakoren bat duten tokiko proiektuak izan behar dute:

    • Egungo merkatuarekiko edo gizartearekiko balio diferentziala
    • Erabilera intentsiboa teknologian, ezagutzan eta/edo berrikuntzan
    • I+G proiektuak
    • Produktu eta/edo zerbitzu berriak eta erabilgarriak
    • Daudenak baino eraginkorragoak diren eta gure hiriaren garapen sozioekonomikoan eragin handiagoa duten negozio-prozesuak edo -ereduak.
    • Profil kualifikatuak dituzten eta balio erantsi handiko profil profesional berriak garatzen dituzten proiektuak.

    Aurkeztutako proiektu guztiak honela ebaluatuko dira:

    • Proiektu berritzaileari buruzko balorazio orokorra: 70 puntu, gehienez. Gutxienez 60 lortu beharko dira proiektua onartzeko eta bonu teknologikoa ebaluatzeko.
    • Garapen teknologikoari buruzko balorazio espezifikoa, Bonu Teknologikoa, eta gutxienez 20 puntu lortu behar dira bonua onartua izan dadin.

    2022 eta 2023ko deialdian eratutako Ekin+ eta Ekin+ Salud programetan onartutako proiektuak bonu teknologikoaren balorazio espezifikoan baino ez dira ebaluatu beharko, eta proiektu berritzailearen balorazioa onartutzat joko da.

    Eskatutako laguntzaren ebazpena emateko epea lau hilabetekoa izango da, eskabidea erregistratzen den egunetik zenbatzen hasita.

  • ZEIN DA JUSTIFIKATZEKO EPEA ETA MODUA?

    Bonu teknologikoaren zerbitzua emateko gehieneko epea Donostiako Sustapenaren eta agente laguntzailearen artean adostuko da, egin beharreko lanen arabera, eta hala adieraziko da laguntzaren ebazpenean.

    Zerbitzua amaitu ondoren, eta zerbitzua amaitu eta gehienez ere hilabeteko epean, erakunde onuradunak eskatutako dokumentazioa aurkeztuko du.