• Etxea
  • Azken ordua
  • Tokiko III. Talentuaren Azokako 140 lan eskaintzetarako izen-emate fasea zabalik

Tokiko III. Talentuaren Azokako 140 lan eskaintzetarako izen-emate fasea zabalik

  • Gaurtik aurrera, maiatzaren 5ean Reale Arenan egingo diren aurrez aurreko elkarrizketetara joan nahi dutenek aukera izango dute www.fomentosansebastian.eus webgunean hitzordua hartzeko.
  • Donostia Sustapenak hautagaitzak hobetzeko aurretiazko aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du.

Donostia Sustapenaren webgunean, Donostiako 40 enpresak baino gehiagok Talentuaren III. Azokan eskaintzen dituzten 140 enplegu-aukera inguru aurki daitezke dagoeneko. Azoka maiatzaren 5ean egingo da Reale Arenan. Enpresa bakoitzak gune pribatu bat izango du, estadioaren iparraldeko eta ekialdeko harmailetan, hautagaiei elkarrizketak egiteko.

Talentuaren Azokaren III. edizioak berrikuntza ugari izango ditu aurten. Donostia Sustapenak bere plataforma berritu du kudeaketa-funtzionaltasunei dagokienez, eta parte- hartzaileentzako informazio- eta orientazio-sistema berri bat du.

Marisol Garmendia Ekonomiaren Garapeneko eta Enpleguko zinegotziak adierazi duenez, “gure helburua da Donostiako gazteei kalitatezko enplegua eskaintzea, Donostian beren garapen profesionala eta pertsonala bermatzeko. Gazteei, nahi izanez gero, beren hirian geratzeko eta beren bizi proiektua hemen martxan jartzeko aukera eman nahi diegu. Donostiak zientzia eta berrikuntza ekosistema sendo bat garatu du, tokiko talentu gazteen beharrarekin, eta azoka arrakastatsu hauekin enpresak hautagaiekin harremanetan jartzea lortzen dugu. Talentuaren Azokaren edizio honetan, beste urrats bat emango dugu, enpresekin elkarrizketak egin aurretik aholkularitza zerbitzu bat eskainiz”.

Era berean, aurten beste berrikuntza bat egongo da: Donostia Sustapenak hautagaiei beren konexio-aukerak hobetzeko eskaintzen dien aurretiko orientazio- eta aholkularitza-zerbitzua, hain zuzen. Orain arte 40 pertsonak baino gehiagok eman dute izena, batez ere beren curriculum vitaea hobetzeko.

Donostia Sustapenak prestatutako plataforma horretan, enpresa parte-hartzaile bakoitzaren informazio osoa eta lan-aukera bakoitzaren baldintzak daude jasota. Gaurtik aurrera, elkarrizketak hitzartu daitezke enpresetako batekin edo batzuekin.

III. Talentuaren Azokan sektore bakoitzean erreferenteak diren Donostiako hainbat enpresak parte hartzen dute. Gehienak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin lotutako erakundeak dira, baita Osasun Zientzietan diharduten enpresak ere. Era berean, Zerbitzuetan eta Zientzian eta Berrikuntzan diharduten enpresek parte hartzen dute.

Gehien eskatzen diren profilak Industria, Mekanika eta Elektrizitateko ingeniari eta teknikariak eta Informatikako ingeniari eta teknikariak dira, hala Gradua dutenak nola Goi Mailako Lanbide Heziketa dutenak. Marketin eta Komertzial arloko lanpostuetarako eta Telekomunikazioko eta Elektronikako ingeniari eta teknikarientzako 30 eskaintzatik gora daude. Osasunarekin eta ongizatearekin eta beste arlo batzuekin lotutako profilak ere eskatzen dira.

Talentuaren Azokak, halaber, parte hartzen duten enpresen informazio-hitzaldietara joateko aukera emango du, eta garapen profesionaleko prestakuntza-pilulak eskainiko ditu.

Era berean, Donostia Sustapenaren stand bat izango du, gaur egun garatzen ari diren prestakuntza-, enplegu- eta ekintzailetza-programa guztiekin.

Aurreko bi azoketan, ia 1.000 lan-elkarrizketa egin ziren, eta 750 pertsona baino gehiagok eman zuten izena. Bi azoken bidez, parte hartu duten enpresen % 26k profesionalak kontratatu dituzte.

Donostia Sustapenak talentuaren eta Donostiako enpresa-ekosistemaren arteko lotura hobetu eta bultzatzeko duen estrategiaren barruan dago Talentuaren Azoka.

AZOKARI BURUZKO INFORMAZIO GEHIAGO PLATAFORMARAKO SARBIDEA

 

Laguntzarekin

ekonomia erdikoa2 urdina