SmartKalea proiektuaren 2021eko urteko txostena argitaratu da. Txosten horretan, 2021ean SmartKalea barruan monitorizatutako datuen emaitzak jasotzen dira.
Zehazki, etxebizitza eta saltokien energia-kontsumoak eta kontsumo horien bilakaera aztertzen da txostenean. Halaber, argiztapen publiko adimendunaren kontsumoak aztertzen dira. Bestalde, oinezkoen, ibilgailuen eta tren-bidaiarien ugaritasunarekin lotutako datu monitorizatuak aztertzen dira. Azkenik, proiektuaren esparru geografikoetako aire-kalitatearen sentsorika aplikatuz lortutako datuen azterketa egiten da.
2021ean, Txomin auzora zabaldu da SmarKalea proiektua, eta, horrez gain, orain arte bezala, jarduerak egin dira Alde Zaharrean, Altzan eta Antxo Jakitunaren kalean.
Segidan, proiektuan aztertutako datu azpimarragarri batzuk azaltzen dira:
OINEZKO KOPURUA
2021ean zehar, oinezkoen sarrerak eta irteerak erregistratu dira Alde Zaharreko kale nagusietan, Altza pasealekuan eta Antxo Jakitunaren kalean, SmarKalea proiektuaren barruan instalatutako zenbaketa-sentsoreen bitartez. Horrez gainera, 2022aren hasieran, beste zenbaketa-sentsore batzuk instalatu ziren Txomin Enea auzoan.
2021eko oineko kopurua ezohikoa izan da Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta jarritako murrizketen ondorioz. 2020ko datuekin alderatuta, Alde Zaharreko zenbaketak % 20 hazi dira: 2021ean, 21.528.544 erregistro kontabilizatu ziren, eta 2020an, 17.949.144. Edonola ere, datu horiek ez dira iristen 2019ko ohiko datuetara. Hala, % 36ko jaitsiera izan da urte horretako datuekiko. 2019an, 33.761.353 pertsona erregistratu ziren.
Urte hasierako hilabeteetan, bereziki, zenbaketak 2020an erregistratutakoak baino % 60 baxuagoak izan ziren (adibidez, otsailean).
Udako hilabeteetara hurbildu ahala, balio horiek handituz doaz, baina ez dira iristen aurreko urteetako zifretara. Abuztuan, zenbaketak % 75 handiagoak izan ziren 2021eko urteko batezbestekoa baino.
Narrika da jende gehien ibiltzen den kalea Alde Zaharrean. Auzotik ateratzeko puntu nagusia da, Kale Nagusiaren aurretik. Kale Nagusia da Alde Zaharrera sartzeko gehien erabiltzen den kalea.
Altzan, % 28 hazi dira zenbaketak aurreko urtearekin alderatuta: 2021ean,578.367 pertsona erregistratu ziren, eta 2020an, 450.632. Hala, 2019ko ohiko datuak berreskuratu ziren, eta, gainera, % 5ean gainditu ziren; izan ere, urte horretan, 550.579 pertsona erregistratu ziren.
Antxo Jakitunaren kalean, 5.188.102 pertsona erregistratu dira . Kale horretan, askoz ere oinezko gehiago ibiltzen da udako hilabeteetan (batez ere, abuztuan): beste hilabete batzuetako erregistroak baino % 62 gehiago.
Oinezkoen kopurua aste egunaren arabera aztertuz gero, ikusten da Alde Zaharrean, larunbatetan ibiltzen dela jende gehien. Altzan, berriz, kontrakoa da joera: erregistro handienak aste barruan zenbatzen dira. Antxo Jakitunaren kalean, berriz, astean zehar baino oinezko gehiago ibiltzen da larunbatetan, eta gutxiago igandetan.
ELEKTRIZITATE KONTSUMOA ETXEBIZITZETAN
2022an, % 8 egin zuen behera etxebizitzetako kontsumoak 2020ko datuekin alderatuta. 2020an, handiagoa izan zen kontsumoa konfinamenduko eta deskonfinamenduko hilabeteengatik. Batez beste, SmartKalean proiektuaren barruan dauden etxebizitzetako urteko kontsumoa 2,72 kWh/egun izan zen pertsonako. Urtarrilean erregistratu zen kontsumo maximoa (3,41 kWh/egun/pertsona) eta abuztuan minimoa (2,33 kWh/egun/pertsona).
Udako hilabeteetan murriztu egin ohi da energia elektrikoaren kontsumoa, seguruenik, argiztapena gutxiago erabiltzen delako eta etxebizitzak denbora gutxiagoz egoten direlako okupatuta.
AIREAREN KALITATEA
Eguneroko airearen kalitatearen indizea (AQI) ona edo oso ona da SmartKalea proiektuaren barruan erregistratutako datuen % 92,7an. Hain zuzen, airearen kalitatea neurtzeko sentsoreak instalatu dira Cervantes plazan, Altza pasealekuan, Antxo Jakitunaren kalean eta Boulevardean. Sentsore horiek erreferentziazko tresnen (neurketa-estazioak) osagarriak dira, eta mugak betetzen diren ebaluatzeko erabiltzen ez diren arren, joerei buruzko informazio osagarria ematen dute.
NO2 eta CO kontzentrazioa murriztu egiten da asteburuetan, eta eguneko lehenengo orduan eta aste barruko azken orduan izaten dira kontzentrazio-gailurrak, hain zuzen, trafiko handieneko orduetan (asteburuetan, trafiko gutxiago ibiltzen da). Horrez gain, erregistratutako H2S balioak oso baxuak dira.
Oro har, kontzentrazio maila altuagoak detektatzen dira neguko hilabeteetan, baldintza atmosferikoen eraginez, zailagoa delako trafikotik eta berokuntza-sistemetatik datozen elementu kutsatzaileak barreiatzea. Hala eta guztiz ere, Ozonoaren kontzentrazio erregistroek (O3) alderantzizko joera agertzen dute: altuagoak dira egunaren erdiko orduetan eta baxuagoak neguan, erradiazio-baldintzak murriztu egiten direlako.
Eskuratu 2021 urteko SmartKalea txosten osoa: