Emakumeak Zientzian sareko enpresa eta erakundeek 20.000 eurorainoko laguntzak jaso ditzakete, 30 urtetik beherako emakume doktoregaiak 3 urtera arte kontratatzen badituzte
Emakumeak Zientzian sarea osatzen duten erakundeek laster eskatu ahalko dituzte laguntzok www.fomentosansebastian.eus web-orrian
Donostia Sustapenak datozen egunetan zabalduko du Donostiako Udalaren Ekonomia Bultzatzeko DSS2022 Planaren esparruko laguntza berriak eskatzeko epea. Programa honen helburua doktoretza lortzear dauden 30 urtetik beherako emakume zientzialariak lanaldi osoz eta 3 urtera arte kontratatzeko dirulaguntzak ematea da.
Ekonomia Garapeneko eta Enpleguko zinegotzi Marisol Garmendiak adierazi duenez, “gure talentu gaztearentzat eta, bereziki, emakumezko talentuarentzat lan-aukerak sortzeko konpromisoa daukagu. Horregatik, programa honen bidez, unibertsitate-ibilbidea –doktoretza– amaitzen ari diren hiriko emakume ikertzaile gazteei lagundu nahi diegu, haien kontratazioa sustatuz. Oso prestatuta dauden emakume gazteok hemen mantendu nahi ditugu, eta haien garapen profesionala babestuko dugu, tokiko ekosistema berritzailea aberasteko”.
Kontratatzen duen erakunde edo enpresa bakoitzak 20.000 €ko o dirulaguntza jaso dezake, honela banatuta: 8.000 € lehen urtean, 6.000 € bigarren urtean eta beste 6.000 € hirugarren urtean. 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako kontratuak izan beharko dute. Eskaera-epea urte honetako urriaren 30ean amaituko da.
Kontratazioa egiteko unean Donostian erroldatuta dauden emakumeak kontratatu ahalko dira. Emakume zientzialariak kontratatzen laguntzeko programa hau beste erakunde batzuen laguntzekin bateragarria da.
Emakume ikertzaileentzako laguntzak deialdi pilotu bat dira, eta Donostia Sustapenak talentua erakartzeko eta mantentzeko, STEAM eremuan bokazio femeninoak bultzatzeko eta tokiko ekosistemako eragileekin lankidetzan programak sortzeko (esaterako, Emakumeak Zientzian Sarea) egiten duen apustua indartzen dute.