• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostia Sustapenak COTEC Fundazioaren topaketa batean parte hartu du, Teresa Ribera ministroa bertan zela

Donostia Sustapenak COTEC Fundazioaren topaketa batean parte hartu du, Teresa Ribera ministroa bertan zela

  • Ane Oyarbide, Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak, Teresa Ribera, Trantsizio ekologikorako eta erronka demografikorako ministroarekin partekatu du saioa.
  • Donostia Sustapenaren bitartez, gure hiria Fundazioko kide da 2022az geroztik, hirietako garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa berrikuntza sustatzea helburua duen fundazioa.

Ane Oyarbide, Donostiako Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziak, Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari orokorrarekin batera, COTEC Fundazioaren kide diren talde murriztu batera zuzendutako elkarrizketa-gune batean parte hartu du, eta bertan, Teresa Ribera, Gobernuko hirugarren presidenteordea eta Europako hauteskundeetarako hautagaia ere egon da.

Bilera COTEC Fundazioaren egoitzan izan da, Madrilen; izan ere, Donostia Sustapena fundazio horretako kide da, eta bertan I+G+bko sistema nazionaleko eragile nabarmenek ere hartzen dute parte. Bileraren ondoren, gure hiriak berrikuntzaren alde egin duen lana balioesteko aukera izan dute, eta Cristina Garmendia eta Jorge Barrero Fundazioko lehendakariarekin eta zuzendari nagusiarekin —hurrenez hurren— ideiak kontrastatu dituzte.

1990ean sortu zenetik, enpresen artean lan handia egiteagatik nabarmendu da COTEC Fundazioa, beti ere berrikuntza teknologikoaren zerbitzura. 2022an kidetu zenetik, Donostia Sustapenak hobetu egin ditu gaur egun Donostiako enpresa-sareari eskaintzen dizkion zerbitzuak eta baliabideak, berrikuntzaren alde egiten duen apustua indartuz, bai garapenerako eragile gisa, bai ikuspegi berritzaile batetik eta gizartean inpaktua duen ikuspegi batetik hiriko erronkei heltzeko eragile gisa.

Donostia Sustapenak egoitzan burututako topaketan parte hartu du Fundazioarekin duen lankidetza estuari esker. Berriki egindako ekintzen artetik nabarmentzekoak dira, besteak beste, Fundazioaren "Gazela Enpresen Behatokia" Donostiako enpresen artean zabaldu izana, edota duela urtebete "Berrikuntzaren Gizarte Pertzepzioari buruzko Espainiako VI. Inkesta" Donostian aurkeztu izana.

Gure hiria, Fundazio hau osatzen duten hirien talde esklusiboaren barruan dago. Donostia Sustapenak COTEC Fundazioan duen parte hartzea dela-eta, berrikuntza, teknologia eta ekonomia arloko adituen sarea eskura daukagu, eta, horri esker, kontsultak egin eta gure hiriaren erronka espezifikoekin lotutako azterlanak jaso ditzakegu, batez ere gizarte berrikuntzaren arloan.