- Hautaketaren bidez, hirian Donostia Sustapenaren bitartez berrikuntza publikoaren arloan egindako lana aitortzen da, eta mila profesional baino gehiago bilduko dira Kursaalean ekitaldirako.
- Donostia Sustapeneko zuzendari gerente Iñigo Olaizola aurtengo edizioan izan da, Bartzelonan, eta datorren urteko urriaren 29an eta 30ean izango den ekitaldia antolatzeko lekukoa jaso du.
Donostian egingo da Berrikuntza Publikoaren inguruko 2026ko Biltzarra, Espainian arlo horretan egiten den topaketarik garrantzitsuena; hala, Kursaalak berean hartuko du Biltzarraren XIII. edizioa, 2026ko urriaren 29an eta 30ean. Biltzarra lehen aldiz etorriko da Euskadira, eta aukera paregabea izango da hiria erreferente gisa kokatzeko lankidetza eremu publiko-pribatuen sorreraren esparruan.
Madrilen (2023), Valentzian (2024) eta Bartzelonan (2025) izan ondoren, Donostia egoitza aukeratzeak hiriak berrikuntza publikoaren arloan egiten duen lanari balioa ematea ahalbidetuko du. Arlo horretan, Donostiako Sustapenak funtsezko eginkizuna betetzen du I+G+b-ko tokiko ekosistemaren bideratzaile eta konektore gisa, proiektu berritzaileak bultzatuz eta sustatuz.
Biltzarrari esker, Donostia erreferentziazko erakusleiho bihurtuko da. Era berean, aukera emango du tokian-tokian sustatzen diren jarduerak ikusarazteko eta Donostiaren marka indartzeko, esperimentaziora eta berrikuntzara irekita dagoen gune gisa.
NovaGob Fundazioak antolatuta, bere hamabi edizioetan, Biltzarrak, berrikuntzarekin, talentuaren kudeaketarekin eta zerbitzu publikoen hobekuntzarekin konpromisoa duten profesional publiko eta pribatuen topagune nagusi bihurtu da.
“Donostia frogatzen ari da berrikuntza ez dela teknologiaren arabera soilik neurtzen; aldiz, aintzat hartu behar da lankidetzan aritzeko, ezagutza partekatzeko eta pertsonak ekintza publikoaren erdigunean jartzeko gaitasuna ere”, adierazi du Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzi Ane Oyarbidek. “Erreferentziako Biltzar honen egoitza izateak aukera emango digu lan hori guztia proiektatzeko eta arlo publikotik berrikuntzaren lider den hiri bat eraikitzen jarraitzeko, ekosistema osoarekin lankidetzan, eta talentuari eta ideia eraldatzaileei irekita”.
Bestalde, Donostia Sustapeneko zuzendari gerente Iñigo Olaizolak azaldu duenez, “Biltzarra geurean hartzea aukera ezin hobea da tokiko berrikuntza-ekosistemaren heldutasuna agerian jarri eta esparru horretan eragile erraztaile gisa dugun posizioa indartzeko. Biltzarra primerako topagunea izango da aliantza berriak sortzeko, jardunbide onak ikusarazteko eta erakundeen, enpresen eta herritarren arteko lankidetza sendotzeko”.
Hiriak, 2026ko edizioa antolatzeko lekukoa hartzeaz gain, udal sozietatearen bidez, aurtengo Bartzelonako edizioan parte hartu du, “Hiri Erronkak: berrikuntza publikoa, hirietan inpaktu eraldatzailea izateko” mahai inguruan. Entitateko zuzendari gerente Iñigo Olaizolak, bestalde, hiriaren berrikuntza eredua aurkeztu du “Eraldaketa eta berrikuntza publikoko ideiak eta kasuak” saioan.
2025ean, eta berrikuntzaren aldeko apustu argiaren esparruan, Donostia Sustapenak abian du Hiri Erronkak Konpontzeko Ideien Lehiaketa, tokiko berrikuntzako ekosistemari zuzendutako ekimena, hiriaren erronkak konpontzeko irtenbide berritzaileak identifikatu eta aztertzeko.
Horrela, maiatzetik aurrera, Udaleko Mantentze Ordezkaritzarekin batera, "BideRoad: Hiriko bide- sareen mantentze-lanen ikuskapena eta digitalizazioa automatizatzea" soluzio teknologikoarekin kolaboratzen du, hirian kokatutako Ceit ikerketa-zentroak lehiaketara aurkeztua. Zerbitzu publiko batean duen eragin berritzaileagatik nabarmentzen da, eta hiriko bide-sareen mantentze-lanen kudeaketa hobetzea ahalbidetuko du.
Udal Sozietateak berrikuntza publikoaren alde egindako apustuaren beste adibide argi bat da postontzi adimendunak ezarri dituela bere instalazioen barruan. Normo tokiko startupak garatutako sistema da, eta erabiltzaileari aukera ematen dio, mugikorraren eta cloud teknologiaren bidez, postontziaren erabilera urrunetik kontrolatzeko. Konponbide autonomo bat online erosketak edozein unetan jasotzeko eta itzultzeko, egoiliarrei zein enpresei balio erantsia ematen diena.
Udal Sozietateak "SAISS: Donostiako Sustapeneko Arreta Adimenduneko Zerbitzua" proiekturako Merkatuari Aurretiazko Kontsulta bat ere egin dio. Bertan, enpresa berritzaileek, startupek eta zentro teknologikoek parte hartu dute eta Donostia Sustapenak bultzatutako Berrikuntzaren Erosketa Publikoaren Ekimena ezagutu dute.
Aurten, halaber, 27. poligonoan edo Ekialdeko Barrutian berrikuntza-aukerak identifikatzeko, Europako finantzaketa-deialdien bidez baliabideak bilatzeko eta berrikuntza publikoarekin lotutako tresnetan etengabeko prestakuntza emateko lanean ari dira.
Izan ere, udal berrikuntza publikoa sustatzea Donostia Sustapenaren ildo estrategikoetako bat da, hiriaren erronketarako irtenbide berritzaileak bilatuz, prozesu berriak garatuz eta proiektu jasangarriak abiaraziz eta kudeatuz lankidetza publiko-pribatuan, 2025eko Berrikuntza Planean jasotzen den bezala.