• Etxea
  • Azken ordua
  • Donostiak 2024ko Berrikuntza Plana abiarazi du 5,6 milioi eurorekin

Donostiak 2024ko Berrikuntza Plana abiarazi du 5,6 milioi eurorekin

  • Planaren helburua, Donostia Sustapenaren bitartez martxan jarrita, hiriko ekonomia eta enplegua bultzatuko duten proiektu berritzaileak garatzea da, pertsonak erdigunean jarriz eta ekosistemako eragileekin elkarlanean arituz.
  • Planaren hiru milioi euro berrikuntza sustatzeko laguntza ekonomikoak finantzatzeko erabiliko dira.

Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotzigoak, Donostia Sustapenaren bitartez, 2024ko Berrikuntza Plana aurkeztu du, hiriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko kudeaketa-eredu berri bat barne hartzen duena.

Udalak berrikuntzaren alde egindako apustua Udal Sozietatearen jarduera-memorian islatzen da, 2023an sozietateak 2.564 pertsonari arreta egin zien, 1.352 enpresari bidean lagundu zien eta 295 ekintzailetza-proiektu babestu zituen (horietatik % 44 proiektu berritzaileak izan ziren). Gainera, 2 milioi euro inguru inbertitu ziren kontratazioari eta enplegua sortzeari laguntzeko programetan, eta 1.697 enplegu berri sortzen lagundu zen.

Ezagutzan, zientzian eta berrikuntzan oinarritutako kudeaketa-eredu baten alde egindako apustuari esker, gaur egun Donostia Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria da, eta Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari atxikitako 29 ikertegi finkatzea lortu du. 2022an I+G+Bn egindako inbertsioa 325,4 milioi eurokoa izan zen, hau da, hiriko BPGaren % 3,7. Hori guztia, 5.954 pertsona enplegatzen dituen ekosistema batean.

Egungo egoera egonkorra eta goranzkoa izan arren, hiriak hainbat erronkari egin behar die aurre, hala nola:

  • Irtenbide berritzaileak bilatu behar ditu jasangarritasuna eta hiri eraldaketa bermatzeko.
  • Kalitatezko enplegua sorraraziko duen enpresa-ehun sendo bat garatzea eta finkatzea beharrezkoa da.
  • Tokiko Talentua garatu eta trebatu beharra dago.
  • Teknologia- eta ezagutza-transferentziarako ibilbideak sortzea.
  • Hiri ekonomiaren sektore tradizionalak (merkataritza, ostalaritza eta turismoa) eraldatzea.
  • Hiriaren erakargarritasuna eta nazioarteko posizionamendua landu behar dira.

Eneko Goia alkate eta Donostia Sustapeneko lehendakariak balioa eman dio “Donostia Sustapenak hiriaren ekonomia- eta lan-sarean egiten duen bultzatze-, laguntze-eta biderkatze-lanari”. Haren iritziz, urtero bideratzen diren programek eta inbertsioek “jarduera ekonomikoa indartzeko bidea ematen dute, eta horrek enpleguaren arloan, langabezia-tasa txikiena eta “per capita” errenta handiena duen estatuko hiriburutzat kokatzen gaitu”.

Ane Oyarbide Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziarentzat, "pandemia gaindituta, eta adierazleek Donostia egoera onean dagoela islatzen badute ere, bultzada berri bat emateko unea da, berrikuntza aldaketarako palanka gisa hartuta, hiriko erronkei aurre egin ahal izateko. Helburua Donostiak enpresa sare berritzailea izatea da, bertako gazteentzat kalitatezko enplegua eta aukerak sortzeko gaitasuna duena ".

Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari kudeatzaileak adierazi duenez, "berrikuntzaren aldeko gure apustua sendotu nahi dugu, laguntza eta zerbitzu ugari dituen anbizio handiko programa baten bidez. Programa honek proiektuak bultzatu eta aukerak sortuko ditu, batez ere talentu gazteari bideratuak. Zientziaren eta berrikuntzaren aldeko apustu honen inpaktu sozialari garrantzia eman nahi diogu, hiriaren elementu bereizgarri gisa. Eta hori guztia, herritarrengandik gertu eta ekosistema osoarekin lankidetzan ".

Berrikuntza Plan Berri honek 5 jarduera-ildo ditu:

1. Udal berrikuntza publikoa bultzatzea

Hiri eraldaketarako irtenbide berritzaile eta jasangarriak identifikatzea, lankidetza publiko- pribatuaren bidez, donostiarren bizi kalitatea hobetzeko da helburua.

Hauek dira, besteak beste, 2024ko helburuak: Smart Kalea proiektua birbideratzea; hiriko erronken deialdi irekia abiaraztea; Erosketa Publiko Berritzailea bultzatzea; eta, hiria eraldatuko duten zeharkako proiektuak finantzatzeko, baliabide ekonomikoak bilatzea.


2. Hiria Ekintzailetza Berritzailearen Nodo gisa

Donostia tokiko eta atzerriko ekimen ekintzaileak garatzeko gune erakargarri bihurtzea, baliabideak elkarrekin lotuz eta Donostia hiria berrikuntzaren eta ekintzailetzaren nodo gisa indartzea da helburua.

EEkimen ekintzaileen garapena, harrera eta azelerazioa hobetzera bideratutako zerbitzuak, dirulaguntzak eta programak garatuko dituen oinarria EKINN espazio berria izango da. Nabarmentzekoak dira: Nazioarteko Udako Campusaren lehen edizioa, Ekinn Donostia Campusa alegia, gazte ekintzaileei zuzendua; Ekinn Akademia prestakuntza- eta trebakuntza-ildoa; EKINN+ azelerazio programa eta dagozkion edizio tematikoak (Osasuna, Dendak eta Gastro).


3. Zientziaren Hiria eta Berrikuntzaren Plataforma

Lan ildo honen helburuak dira talentuaren garapena bultzatzea, enpresen hazkundea eta lehiakortasuna hobetzea, enpresetarako transferentzia teknologikoa sustatzea, eta aukera-sektoreak bultzatzea, hiriak zientziaren eta berrikuntzaren alde egin duen apustuak gizartean duen eragina azpimarratuz.

2024an, Donostia Sustapenak ezagutzaren dibulgazioa eta sozializazioa bultzatzen jarraituko du, honelako ekimenak ardatz hartuta: Berrikuntzaren XI. Astea; STEAM bokazioak sustatzen dituzten ekimenak; emakumearen zeregina agerian uzten duten ekintzak; etab.

Transferentzia teknologikoko ibilbideek enpresa-ehunaren hazkundea eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatuko dituzte, eta Adimen Artifiziala proiektuen eta irtenbideen garapena lortzeko teknologia disruptibo gisa identifikatzen da. Gainera, jakintza-zerbitzu intentsiboak eskaintzen dituzten enpresak eta biozientziak bezalako sektoreak jarriko dira erdigunean, haien hazkundea eta garapena indartzeko.

EHiri Ekonomia (Merkataritza, Ostalaritza eta Turismoa) babesteko dirulaguntzak Next Funtsen bidez finantzatuko dira gehienbat, eta sektore tradizional horiek digitalizatuz edota haien jasangarritasuna hobetuz, haien eraldatzea errazten duten programak eskainiko dira.


4. Tokiko Gazte Talentua profesionalki garatzeko proiektuak

Helburuak tokiko gazteekin konexio guneak sortzea eta prestakuntzaren, enpleguaren eta etxebizitzaren esparruan hainbat neurri hedatzea Gazte Talentua atxikitzeko dira, Donostia Sustapena gazteen artean erreferente bihurtuz.

Urtean zehar hainbat ekintza antolatuko dira, hala nola Gazte(hi)ria, Udako Ikastaro berria, gazteen urteroko solasgune izan dadin sortua. Era berean, Talentuaren Azokaren IV. Edizioa antolatuko da; Urban Young Leaders SS programa estreinatuko da (hiriko erronkekin zerikusia duten irtenbide berritzaileak dituzten tokiko gazteak identifikatzea helburu duena); Tokiko Talenturako Egoitzen programan parte hartzeko beste deialdi bat egingo da (EKINN eta Talent House eraikinetan aldi baterako ostatatze hobariduna eskainiko zaie berrikuntzaren arloan diharduten tokiko gazteei); eta kontrataziorako laguntzak eta mugikortasun bekak ere emango dira.


5. Hiria nazioartean Berrikuntzaren Hub gisa posizionatzea

Helburua Donostia marka enpresa-proiektu berritzaileak garatzeko aukera-gune gisa proiektatzea da, nazioarteko beste eragile batzuekiko konexio estrategia baten bidez.

E2024an, loturak garatuko dira hiri eta erakunde estrategikoekin; horrez gain, nazioarteko ekintzaileak erakartzeko, EKINN SS nodoaren ekintzailetzarekin eta berrikuntzarekin lotura duten nazioarteko ildoa zabalduko da, eta ekitaldiak erakartzeko eta garatzeko dirulaguntzak emango dira.

2024ko Berrikuntza Planaren aurrekontuaren % 37 hainbat iturriren bidez kofinantzatuta dago, horien artean NEXT funtsak nabarmentzen dira, % 24rekin Berreskuratze eta Erresilientzia programaren esparruan aurkeztutako proiektuen bidez. Kofinantzaketa beste erakunde batzuen programei esker osatzen da, hala nola Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Europako Gizarte Funtsa eta Interreg Europe. Aurrekontuaren gainerakoa Udal Sozietatearen baliabide propioekin finantzatzen da.