IKT-EN EZARPENA

 

SmartKalea proiektuaren beste jarduketa eremu bat da hainbat tresna teknologiko probatzearena, kaleko negozio eta saltokiek, proba horietan ikusitako emaitzen eta onuren arabera, tresna horiek eguneroko jardueretan erabil ditzaten. Ekimen honen helburua da merkataritzan berrikuntza sustatzea, IKTen zentzuzko erabilerari esker.

 

AZPIEGITURAK

Donostia Sustapenak, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuen Departamentuarekin lankidetzan, kale Nagusiko argiteria publikoa ordezkatu zuen presentzia detektatzen duen argiteria sistema adimendun bat instalatzeko. Ekimena Altzako auzoan ere egin zen eta, guztira, 37 argi adimendun instalatu ziren. Lehendik zegoen argiteria ordezkatzearen helburuak dira energia kontsumoan aurreztea eta argiteria publikoaren mantentze kostuak murriztea, kalea argitzeko uneko kale argien argi iturria berritzeari esker, urruneko kudeaketa duten LED plaka erregulagarriak erabilita eta oinezkoek eremuan egiten duten ibilbidea antzematen eta aztertzen duen sistema bat baliatuta. Horrez gain, sistema honek argiztapen eredu adimenduna dauka, onura hauek eskaintzen dituena: energia aurreztea eta horrek dakarren kostu ekonomikoen murrizketa, sistemaren monitorizazioa, urrutiko programazioa eta mantentze lanen hobekuntza.

 

Kaleko azpiegituretan egin den beste ekimen bat izan da kale Nagusiaren inguruetan eguzki kargagailu adimendun bat instalatzea, tokiko enpresa batekin lankidetzan. Kargagailu horri esker herritarrek eta bisitariek hainbat gailu kargatzeko aukera dute (mugikorrak, tabletak, etab.).

 

Bestalde, ingurumen sentsore fokalizatuak ere instalatu dira hiriko airearen kalitatea gainbegiratzeko, CO2, NOx, SO2, eta abarren moduko parametroak neurtzen dituztenak.

 

Altzako auzoan IKTei esker bideen garbiketa hobetzeko ekimen bat garatu da ere, auzoko ingurumen kalitatea hobetze aldera, hiriko bideetan aurkitzen diren hondakinen bolumena murriztuta. Horretarako, herritarrak zabor horren ondorio kaltegarrien inguruan kontzientziatzeko neurriak hartu dira eta hondakinen monitorizaziorako sistema bat ezarri da, hartutako neurrien eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko.

 

PERTSONEN ZENBAKETA ETA TRACKING-A

Proiektuarekin bat egin duten kaleek pertsonak zenbatzeko oso sistema interesgarria dute, batez ere inguruko saltokientzat, izan ere, analisiak, plangintzak eta baliabideen kudeaketa egiteko datu baliagarriak eskaintzen ditu eta horrek, era berean, saltokien funtzionamendua optimizatzen laguntzen du. Interes handieneko datuen artean aurkitzen dira kale bakoitzean barna ibiltzen diren pertsonen kopurua, pertsonen zirkulazio handiena duten ordu tarteak, tracking-a eta kalean barna egindako ibilbidea, etab. Horrez gain, kaleko saltokiek barnealdeko zenbaketa sentsore bat eskura dute (errotazioan) saltokian sartzen diren pertsonen kopurua neurtzeko eta, hartara, saltokira sartzen diren pertsonen ehunekoa kalkulatu ahal izateko, kaletik dabiltzan oinezko guztien kopuruarekin alderatuta. Modu horretan merkataritza jarduketak planteatzeko informazio baliagarria lortzen dute. Ezarpenak Alde Zaharrean eta Altzako hainbat tokitan burutu dira.

 

MERKATARITZARAKO IKT-EN ARLOKO PRESTAKUNTZA ETA EZARPENAK

Ekimen berritzaile honen helburua da merkatariei IKTen inguruko prestakuntza ematea eta hauen saltokietan proiektu pilotuen ezarpena bultzatzea, proiektu horien bidez soluzio teknologikoak probatzeko eta, ondorioz, negozioen lehiakortasuna hobetzeko aukera emanda. Xedea da Donostiako merkataritza abangoardiarantz eramatea, IKTen erabilerari eta merkatuarekiko harremana ezartzeko ahalegin bateratuari dagokionez, betiere Smart hiri baten esparru barruan.

 

ENPRESEI ZUZENDUTAKO PRODUKTU EDO ZERBITZUEN IDEIAK AURKEZTEKO DEIALDIA

SmartKalea proiektuaren esparruan, Donostia Sustapenak urtero jartzen du martxan produktu edo zerbitzuen ideiak aurkezteko deialdi bat, enpresek ideia horiek hiriko ingurune errealetan probatzeko aukera izan dezaten. Hautatutako ideiak ezarri egiten dira, hartara hiria smart laborategi bihurtuta. Era berean, ekimen honek balio du enpresa parte hartzaileek euren smart produktu edo zerbitzuak hirian barna ezagutzera eman ditzaten.