logo ayuntamiento cabecera

Kartoizko nukleoa duen oholak irabazi du Donostia Sustapenaren Surfeko oholen berrikuntzaren III. lehiaketa

Finalistak izan dira material berriztagarriak dituen fabrikazio proiektu bat eta oholak alokatzeko zerbitzu automatiko bat. Eko-zaintzaileak proiektuak irabazi du, kartoizko sare egitura bat erabiliz fabrikatutako surfeko oholarekin, Donostia Sustapenak, Donostia SurfCity klusterraren bidez, antolatzen duen Surfeko oholen berrikuntza lehiaketaren hirugarren edizioa. Hitzordu honetara 22 proiektu aurkeztu dira, aurreko edizioko parte hartzaileak gaindituz, eta epaimahaiak proiektu horietatik aukeratu ditu hiru sarituak

 

Epaimahai horretako kideak izan dira Adur Letamendia, Pukasen ordezkaria; Javier González, SurfLogic enpresakoa; eta Eduardo Cenzano, Trinity Board Technologies enpresakoa. Epaimahai horrek proiektu irabazlea baloratu du “surfeko oholera % 100 bideratutako ideia berritzaile bat konbinatzeagatik, eta jasangarritasun irizpideak aplikatzeagatik, kontuan izanda oholaren ezaugarri mekanikoak. Horrez gain, produktua erakargarria da bisualki eta hari buruz gehiago jakiteko interesa sortzen du“.

 

Talde irabazleko parte hartzaileak izan dira Olatz Ruiz de Galarreta, Andrea Romero, Enire Beain eta Ander Zubelzu. Mondragon Unibertsitateko Ángel Gallo irakaslearen laguntza ere izan dute, proiektuaren tutorea izan baita. Saria 1.000 eurokoa da eta, horrez gain, DonostiaSurfCity klusterrarekin –sektorea sustatzeko ekintzen baitan– batera enpresa bidaia bat egingo dute eta diploma bat ere jasoko dute.

 

Bi proiektu finalistak BTZ Innovations (EHU) eta Surftek (MUko Master Industriala) izan dira, eta bakoitzak 1.000 euro eta diploma bat jasoko dituzte. Lehenengoaren kasuan, bere ardatza izan da, jatorri berriztagarriko materialekin, esaterako, paperarekin surfeko oholak fabrikatzea. Gainera, besteak beste, abantailak dira fabrikazioan CO2ren isuriak zerotik hurbil egotea edo langileentzat osasun arriskua murriztea. Talde honetako kideak dira Guillem Colomer, Mikel Manso, Jokin Greaves, Garazi Berra eta Idoia Ruiz de Apodaca, eta EHUko Faustino Mujika irakaslea izan dute tutore. Epaimahaiaren ustez, “proiektu berritzaile bat da, gaur egungo arazo bati eta garrantzitsu bati konponbidea ematen diona, hau da, surfeko oholen fabrikazioak sortzen dituen hondakinei, ingurumeneko irtenbide batetik abiatuta. Proiektuak, gainera, planteatzen du tokiko baliabideekin eta benetako irtenbideekin arazoa konpontzea.”

 

Bigarren postua partekatuz, Surftek taldea dago. Oholak alokatzeko sistema autonomo eta automatizatu bat garatu du talde honek, eta hondartzan zaintza euskarri baten eta aplikazio mugikor baten bidez, surfa praktikatzeko aukera ematen die material propiorik ez dutenei edo olatu egokien une batean material hori ez dutenei. Proposamen hau Maddi Bueno, Asier Galarza, Aratz Iturgaiz, Mikel Larrañaga eta Xabier Olamendik landu dute. Horien guztien tutorea Mondragon Unibertsitateko Myriam Soto izan da. Epaimahaiak ekimen honetan baloratu du “berrikuntza ez zaiola produktuari aplikatu, baizik eta banaketari. Antzeko ideiak daude hiri handietan, baina alokairuko bizikletentzat, irristailu elektrikoentzat, etab. Ideia horrekin, surflariei lockers zerbitzu hori eskainita, Donostia munduan posiziona daiteke helmuga gazte, moderno gisa eta kirola egiteko helmuga gisa.”

 

Donostia Sustapenak 2020. urteko edizioko irabazleen berri eman du, ekintza birtual baten bidez Covid-aren aurkako segurtasun eta babes neurriak errespetatzeko, eta eskerrak ematen dizkie talde guztiei eta tutore guztiei. Horrez gain, proiektuak aurkezteko izan duten inplikazioa azpimarratu nahi du, zeren egoera oso zail batean egin dute aurkezpena. Halaber, udal sozietate publiko honek nabarmendu egin nahi du Mondragon Unibertsitatearen, UPV-EHUren, Tecnunen eta Deustuko Unibertsitatearen elkarlana.

 

Donostia Sustapenaren Donostia SurfCity klusterrak lan egiten du, gure jarduera ekonomiko eta enpresarialerako, surfa sektore nabarmen gisa sustatzeko. Ildo horretan, bere gerente Euken Sesék hau adierazi du: “Surboards Innovation Comp ekimenak Donostia berrikuntza hiria izateko gure estrategiari erantzuten dio, eta erraztu egiten du talentu gazteak etorkizuneko proiektu enpresarialak izan daitezkeen ideiak garatzea eta gure hiria nazioarteko erreferente gisa proiektatzen du kirol honen alderdi ekonomikoan”.

 

Gure hiria Surfaren Hirien Munduko Sarearen (WSCN) kide fundatzailea da, eta sare horretan daude hiri hauek: Arica, Durban, Ericeira, Gold Coast, Huanchaco, Lacanau, Las Palmas, Montañita, Newscastle, New Plymouth, Viana do Castelo, Viña del Mar, Salinas eta Santos. Sare honen helburua da, elkarlanean aritzea surfa aberastasuna sortzen duen jarduera gisa garatzeko estrategia bat duten hiriak.