Bonu teknologikoak dira Tecnalia Research&Innovation Fundazioak gure enpresa-ehunari teknologia eta zerbitzu aurreratuak transmititzeko programa bat.
Bonu teknologikoak euskarri ekonomikoko tresna batzuk dira, eta haien helburua da zentroek duten ezagutza aurreratuak Donostiako enpresen eraldaketan berehalako inpaktua izatea eta negozio-aukera berriak sortzea, enpreson lehiakortasuna hobetzeko.
TECNALIA zentroak nazioarteko bikaintasuneko ikerketa aplikatua eta garapen teknologikoa egiten ditu udalerrian. Zentroaren jardunak eragin handia du tokiko industrian, eta lehiarako abantaila ematen du, hainbat esparrutan lehia pilatzen delako eta diziplina anitzeko ezagutza sortzen delako. Zenbait lan-egoitza ditu gure hirian eta ikerketako erreferente bat da, Europako teknologia-zentro garrantzitsuenetako bat baita.
- ZER LOR DEZAKET BONU TEKNOLOGIKOEN BIDEZ?
Bonuen bidez, Tecnalia zentroarekin elkarlanean, tokiko enpresa eta ekintzaileek sustatutako proiektu teknologikoak sustatu eta garatzen ditugu, zentroan sortutako teknologia eta ezagutza transmitituz.
Osagai teknologiko bat duten tokiko proiektuak babestu nahi ditugu, produktu eta/edo zerbitzu teknologikoak garatzeko prozesuetan Tecnalia zentroak eman ditzakeen zerbitzu espezializatuen, ikerketen eta laguntza teknikoen bidez.
- NORENTZAT DIRA?
Lantokia Donostian duen enpresa pribatu bat bazara eta proiektu berritzaileak egiten badituzu eta/edo oraindik enpresarik sortu gabe enpresa-proiektu berritzaileak egiten dituen ekintzaile bat bazara eska ditzakezu bonuak.
- MOTA DESBERDINETAKO BONUAK ETA BATERAKO FINANTZAKETAK DAUDE?
Bai, eskatzailearen tamainaren, proiektuaren garapenaren eta eskatutako zerbitzuaren arabera, mota desberdinetako bonuak eta baterako finantzaketak daude.
Bonuaren balioa, gehienez (BEZ kanpo)
Baterako finantzaketa
8.000 €
Sustapena % 70
Tecnalia % 30
14.500 €
Sustapena % 55
Tecnalia % 35
Enpresak/ekintzaileak bonuaren balioaren % 10 ordaindu beharko du.
Bonu teknologikoaren onuradunak dagokion BEZa ordaindu beharko du.
Adibide gisa, onuradunek nolako zerbitzuak eska ditzaketen adieraziko da.
1. adibidea: garapen teknologikoak martxan izanik, faseren batean laguntza behar izan dezakeen enpresa bat. Adibidez:
Enpresak produktu-gama bat du eta, bere dibertsifikazio-estrategiak bultzatuta, produktu berri bat garatuz edo lehendik duen produkturen bat berrituz osatu nahi du (adibidez, bateria duen sentsore-sare bat dauka, eta berezko elikadura duen sentsore-sare bat nahi du, edo eraikinetako energia kudeatzeko sistema bat du, eta tokiko eguraldi-iragarpeneko datuekin osatu nahi du). Enpresak, bonu teknologikoaren bidez, funtsak lor ditzake saiakuntza-multzo bat ordaintzeko edo energiaren zati bat kudeatuko duen software jakin bat garatzeko.
2. adibidea: ekintzaileak produktu/zerbitzu baterako ideia bat du eta produktuaren bideragarritasun teknikoari buruzko azterketa bat egin nahi du:
X ekintzaileak produktu/zerbitzu teknologiko baterako ideia bat du (adibidez, kale batean aparkatzeko dauden plaza libreen adierazle bat) eta ez daki zer teknologia erabili, ez eta konponbidea merkatuak onartuko lukeen prezio-tartearen barruan egongo den ere. Ekintzaileak, bonu teknologikoaren bidez, produktuaren bideragarritasun teknikoaren azterketa bat ordaintzeko funtsak lor ditzake. Hona hemen azterketaren puntuak:
- Arazoa edo premia ikertzea eta eskakizun funtzionalak aztertzea.
- Ordezko konponbide teknologikoak aztertu eta ebaluatzea. Produktuak beharrezkoak diren funtzioak gara ditzan funtsezkoak diren teknologiak identifikatzea.
- Kostua/onura aztertzea, abantailak, lotutako kostuak eta arriskuak aintzat hartuta (kale-argietara lotutako RFIDak dituzten baldosak, ikuspen artifiziala...).
- Estrategia eta garapen teknologikoko plana prestatzea, gutxieneko prototipo bideragarria zehaztea eta hori lortzeko hurrengo pausoak finkatzea.
3. adibidea: enpresa edo ekintzaile batek esparru berrietako teknologiak (Big Data-Analytics, Internet of Things-Wearables, 3D inprimatzea) bere produktu edo prozesuetan txertatzeko dituen aukerak aztertu nahi ditu. Adibidez:
Enpresak aztertu nahi du bere negozioa berritzeko zer aukera dituen, bere produktuan IoT arloko teknologia berrietako aplikazio berriak txertatuz (adibidez, etxeko objektuetan edo argiztapenean, objektuok internetekin konektatuta beste funtzionaltasun batzuk gehitzeko aukerak aztertuz). Enpresak, Bonu Teknologikoaren bidez, funtsak lor ditzake bere produktu/prozesu zehatzean teknologia berriak txertatzeko aukera-mapa bat prestatzeko, puntu hauek barne hartuta:
- Enpresaren produktu/prozesuarekin lotuta garrantzitsuak diren teknologia berriko agertokiak aztertzea, eta hurbileko kasuen erreferentziak behatzea.
- Aukera zehatzak identifikatu eta abaguneak hautatzea.
- Bideragarritasun teknikoa ebaluatu eta kostu/onura aztertzea.
- ZEIN DA TECNALIA BONU TEKNOLOGIKOEN ZERBITZU-KATALOGOA?
TECNALIA ZERBITZUEN KATALOGOA
a1: Zerbitzuak Garapen Teknologikoan eta Produktuarenean, eremu hauetan:
A1.1: ENERGIA ETA INGURUMENA:
- Sare elektriko adimendunak
- Itsasoko energia berriztagarriak
- Eguzki energia
- Hondakinen balorizazioa
- Energiarako eta ingurumenerako materialak
- Energia eraginkortasuna
- Hiri eta lurralde jasangarritasuna
- Meteorologia
- Produktu, eraikin eta azpiegituren jasangarritasun ziurtagiriak
Zerbitzu motak:
- Etxe digitalerako soluzio energetiko adimendunak garatzea.
- Aplikazio eta sistema energetikorako potentzia elektronika garatzea (inbertsore fotovoltaikoak, bihurgailu eolikoak: energia elektrikoa biltegiratzea, ibilgailu elektrikoa, sareko iragazki aktiboak eta abar).
- Mikro-sareak diseinatzea eta kontrolatzea hiriguneetan eta urruneko kokalekuetan energia eraginkortasuna hobetzeko.
- Modulu fotovoltaikoak diseinatzea eta haien ebaluazio funtzionala egitea.
- Hondakinen balorizazio azterketak egitea (baliabide berriak, material berriak, energia, bigarren mailako lehengaiak eta abar).
- Material eta gainazal aurreratuak aztertzea eta egokitzea energia aplikazioetarako: muturreko baldintzetan erresistenteak diren gainestaldurak, geruza funtzional eraginkorrak (esaterako, eguzki energia), mikro eta nano materialak.
- Produktuen bizitza zikloa aztertzea eta ingurumen adierazpenak egitea.
A1.2: ERAIKUNTZA JASANGARRIA:
- Material berritzaileak eta jasangarriak
- Eraikuntza industrializatua
- Errehabilitazioa
Zerbitzu motak:
- Produktu eta sistema berriak garatzea irisgarritasunerako eta barne arkitekturarako.
- Eraikuntza sistemetan material berriak eta energia berriztagarrietan oinarritutako funtzionalitateak ezartzea.
- Materialak baliozkotzea aplikazio energetikoetarako eta termikoetarako (esate baterako, eguzki energia termikorako osagaiak, ingurune erasokorrak, tenperatura altua, eta abar).
A1.3 IKT-AK, ZERBITZU DIGITALAK, KONEKTIBITATEA
- Datuen analisia eta modelatzea
- Zerbitzu digitalak
Zerbitzu motak:
- SW sistemen bizi ziklo segurua hobetzeko aholkularitza ematea.
- IT sistemetan eta soluzioetan zibersegurtasuneko kontrolak garatzeko aholkularitza ematea.
- Sistema industrialen zibersegurtasuna (scada) ebaluatzea eta hobetzea, merkatuko estandarren arabera.
- Pertsona-makina interakzio sistemak diseinatzea.
A1.4 OSASUNA:
- Robotika medikoa
- Errehabilitazioa
- Neuroteknologia
- Osasun digitala
- Laneko arriskuak prebenitzeko “soinean eramatekoak”
- Elikagai osasungarriak, azpiproduktuen balorizazioa eta kontserbazioa
- Produktubiomedikoa eta medikuntza birsortzailea
- In vitro diagnostikoa
Zerbitzu motak:
- Osasunaren eta bizi kalitatearen inguruko sistema/gailu/zerbitzuak diseinatzea.
- Osasuna hobetzeko edo bizimodu osasungarria izateko soluzioak eta zerbitzuak diseinatzea.
A1.5 INDUSTRIA ETA GARRAIOA:
- Automozioa
- Fabrikazio aurreratua
- Tresneria
- Makina bereziak
Zerbitzu motak:
- Eskuzko eragiketa sofistikatuak automatizatzeko eta muntaketa eta fabrikazio prozesuetan tresna konplexuen kostuak murrizteko azterketak egitea.
A2: PRODUKTUEN, PROZESUEN ETA SISTEMEN FIDAGARRITASUNA, KALITATEA ETA SEGURTASUNA EBALUATZEKO ZERBITZUAK
Zerbitzu motak:
- Materialak hautatzea, zerbitzuko portaera aztertzea, akatsen analisia, industria jatorriko osagaien hondar bizitza eta bizi luzapena. Prebentziozko mantentzea.
- Materialen eta produktuen prestazioak karakterizatzea eta ebaluatzea.
- Errealitatea atzematea 3D eskanerren bitartez, ingurune industrialetan digitalizatzeko eta BIM modelatua egiteko. 3D web konfiguragailua.
- Ebaluazio eta ikuskatze zerbitzuak ematea errealitate areagotuaren bidez.
- Ekipo eta sistema elektronikoen fidagarritasuna eta segurtasuna ebaluatzea.
- Bioteknologia eta biomedikuntza zerbitzuak ematea.
- Produktu, prozesu eta sistema berriak garatzea irisgarritasunerako eta barne arkitekturarako.
- Materialak baliozkotzea eraikinetako eta azpiegituretako aplikazio energetiko eta termikoetarako (adibidez, eguzki energia termikorako osagaiak, ingurune erasokorrak, tenperatura altua, eta abar.)
- Produktuen eta sistemen zibersegurtasun maila ebaluatzea.
B: AHOLKULARITZA AURRERATUKO ZERBITZUAK: Aholkularitza aurreratua eremu emergenteetako teknologiak (Big Data-Analytics, Internet of Things-Wearables, 3D inprimaketa) bere produktuetan edo prozesuetan txertatzeko aukerak aztertzeko.
Teknologia eremu emergenteen deskribapena:
BigData/Analytics:
Datu masiboen azterketa edo “big data” bi faktoreren ondorioz sortu den aukera berri bat da: batetik, mota guztietako datu prozesagarriak, batzuk jabedunak eta beste batzuk publikoak edo irekiak, gero eta eskuragarriago daudelako; eta bestetik, informazioa prozesatzeko tresnak gero eta irisgarriago daudelako. Sare sozialak, telefono adimendunak, txartelak edo ingurunean dauden sentsoreak datu iturri baliotsuak dira, eta datu horiek prozesatuta hainbat informazio lortu daitezke: joerak, dentsitatea, mugikortasuna, iruzurra, kontsumoa, eta abar. Datu masiboen azterketa diziplina emergentea da, eta ia edozein negoziotan erabakiak zehaztasun handiagoz hartzen lagundu dezake.
IoT/Wearables:
Eguneroko zenbait objektu gai dira informazioa prozesatzeko eta pertsonekin eta beste objektu batzuekin elkarreragiteko, zuzenean edo komunikazio sistemen bidez (Internet, adibidez), eta Gauzen Internetak (IoT) objektu horien gero eta instrumentazio handiagoan du jatorria, hain zuzen. Ingurunean dauden objektuak dira, edo pertsonek daramatzatenak (wearable edo soinean eramatekoak) eta, elkarren artean konektatuta, funtzionalitate bereziak eskaintzen dituzte, hots, informatu, sentsorizatu, jarduten dute. Adibideak kasik eremu guztietan daude: etxean (gailu domotikoak, segurtasuna, etxetresna elektrikoak), enpresan eta lantegian (ekoizpenaren kontrola, trazabilitatea, sarbideen kontrola, energia kudeaketa), merkataritzan (kokapena, neurketa), osasunean (trazabilitatea, kudeaketa medikoa, telelaguntza), garraioan (sarbideak, bidesariak, kontrola), segurtasunean (trazabilitatea, sarbideen kontrola, jarraipena). Eta gero eta sofistikatuagoak dira, adimentsuagoak eta euren artean konektatzen dira konektibitateko eta konputazioko gaitasun berriak aprobetxatuz.
3D inprimaketa/Fabrikazio gehigarria:
Fabrikazio teknologia berrien garapenari esker, ondasunen eta produktuen ekoizpena pixkanaka aldatzen ari da, bai eskala makroekonomikoan (berrindustrializazioa), bai mikroekonomikoan (tokiko fabrikazioa). Horri gizartearen joera berriak gehitu behar zaizkio, produktu pertsonalizatuagoen eta produktu serie laburragoen ingurukoak. Zenbakizko kontroleko makinak, laser ebakigailuak edo 3D inprimagailuak agente berrientzat eskuragarri egoten hasi dira. Gizartea askoz ere interkonektatuago dago, eta nahiko erraza da diseinuak sortzea, banatzea eta partekatzea, gero tokian bertan egiteko baliabide eskuragarriago horiekin. Software edo hardware irekiko ekimenei esker (Arduino edo Raspberry Pi, adibidez), espezializatuta ez dauden agenteek teknologia horiek erabil ditzaketen beren diseinuetan eta produktuetan. Horrela, balio handiko produktuak sortzeko aukera berriak agertzen ari dira, metodo tradizionalekin lehiatzeko moduan.
Aurreko hiru eremuetako aholkularitza zerbitzu aurreratuaren bidez, bonuaren erakunde onuradunak honako hauek lortuko ditu:
- produktu/prozesuetan berrikuntza aukera zehatzak formulatzea, teknologia emergenteak txertatuz, eta egingarritasun teknikoa eta, hala badagokio, merkatu bideragarritasuna ebaluatzea.
- espero den kostu-onura aztertzea.
Zibersegurtasuna:
Enpresek, herritarrek eta administrazioek zibererasotzaileek gero eta gehiago mehatxatzen duten ingurune digital batean jardun behar dutenez, diseinutik abiatuta segurtasun filosofia bat hartu behar da, mehatxu zibernetikoekiko erresistentzia areagotzeko, ahultasunak murrizteko, segurtasun arriskuak murrizteko eta babesa areagotzeko. Askotan, gainera, zibersegurtasunaren arloko araudi eta estandar aplikagarriak bete behar dira, eta espezifikoak ere izan daitezke sektore jakin baterako.
Aholkularitza aurreratuko zerbitzuaren bidez, aukera hau planteatzen da: aztertzea nola txertatu daitezkeen sistemetan eta prozesuetan hainbat mekanismo, datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna ziurtatzeko –zifratze teknologiak edo PET (Privacy Enhancing Technologies) oinarri hartuta–, konfiantza eta gardentasuna eskaintzeko –DLT (Distributed Ledger Technologies) edo Blockchain aplikatuta–, eta IA (adimen artifiziala) teknikak aplikatzeko, sistemaren segurtasun egoera monitorizatuko duten ziberadimen tresnak edukitzeko.
- ZENBATEKO EPEA DAGO ESKABIDEA EGITEKO ETA NOLA EGIN BEHAR DUT?
Laguntzarako dauden baliabide ekonomikoak agortu arte edo 2022ko urriaren 30era arte aurkeztu ahalko dira eskabideak.
Eskabideak online aurkeztuko dira, Donostia Sustapenaren webgunearen bitartez (www.fomentosansebastian.eus).
Edozein informazio jasotzeko edo kontsulta egiteko, 943 48 28 00 telefonora deitu edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbidera idatzi, gaian honako hau jarrita: «DonostiaINN laguntzak 2022».
Sortzen zaizkizun zalantzak argitzeko, eskabidea aurkeztu aurreko arreta-zerbitzu bat izango dugu. Zerbitzu hori erabiltzeko, idatzi posta elektroniko bat aipatutako helbidera eta saio horiek egiteko modurik hoberena zein den baloratuko dugu: banaka edo taldean eta proiektu edo laguntza motaren arabera.
Agiri hauek aurkeztu behar dituzu eskabidea egiteko:
Administrazio-agiriak:
Eskabide-orria eta hala pertsona fisikoaren nola juridikoaren beste agiri batzuk, erakunde guztiekiko zerga-betebeharrak egunean dituzula egiaztatzeko agiriak...
Deskripzio-memoria teknikoa eta ekonomikoa
Memorian, gauzatuko den proiektu berritzailea deskribatuko da. Informazio teknikoa eta ekonomikoa jasoko du, eta proiektuaren diseinu orokorra erakutsi beharko du (faseen garapena, zereginak, arduradunak, kronograma, emaitzaren adierazleak) eta argi eta garbi adierazi zer egoeratan dagoen.
Bonu Teknologikoaren memoria espezifikoa
Garapen teknologikoaren memoria espezifikoa
Eskatzailea pertsona fisiko bat bada (enpresa osatu aurretik), enpresa-plan bat ere aurkeztu beharko du.
- ZEIN DA IZAPIDETZEKO ETA EBAZTEKO PROZESUA?
Eskaerak sarrera-erregistroko agindu bidez ebaluatu eta ebatziko dira, dirulaguntzara bideratutako baliabide ekonomikoak agortu arte.
Proiektu guztiek tokikoak izan behar dute eta hauetako ezaugarriren bat izan beharko dute:
- Balio diferentziala egungo merkatuari edo gizarteari dagokionez.
- Erabilera intentsiboa teknologian, ezagutzan eta/edo berrikuntzan.
- I+G egitasmoak
- Produktu eta/edo zerbitzu berri eta erabilgarriak.
- Orain daudenak baino eraginkorragoak diren prozesuak edo negozio-ereduak, gure hiriaren garapen sozioekonomikoan eragin handiagoa izango dutenak.
- Profil kualifikatuak dituzten eta balio erantsi handiko profil profesional berriak garatzen dituzten proiektuak.
Aurkeztutako proiektu guztiak honela ebaluatuko dira:
- Proiektu berritzailearen balorazio orokorra, 70 puntu gehienez ere, eta gutxienez 55 puntu lortu beharko dira proiektua onartzeko eta bonu teknologikoaren ebaluazioa gainditzeko.
- Garapen teknologikoaren balorazio espezifikoa, Bonu Teknologikoa; gutxienez 15 puntu lortu beharko dira bonua onartzeko.
Salbuespenez, Ekin+ eta Ekin+ Osasuna programan (2021. eta 2022. urteetako deialdian osatutako enpresa) onartu diren proiektuak bonu teknologikoaren balorazio espezifikoan soilik ebaluatuko dira, eta proiektu berritzailearen balorazioa onartutzat joko da.
Eskatutako laguntzaren ebazpena egiteko gehieneko epea lau hilabetekoa da, eskabidea erregistratu den datatik zenbatzen hasita.
- ZEIN DA JUSTIFIKATZEKO EPEA?
Bonu Teknologikoaren zerbitzugintza gauzatzeko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, laguntzak ebazpen positiboa jaso duenetik kontatzen hasita, eta zerbitzugintza 2023ko uztailaren 28an amaituko da beranduenez.
Zerbitzua ematen amaitzean eta amaitu denetik hilabeteko gehieneko epean, erakunde onuradunak dagokion dokumentazioa aurkeztuko du.