logo ayuntamiento cabecera

Hemen da i-Sare, Enertic eraikinean kokatutako Gipuzkoako lehenengo mikro-sare elektriko adimenduna

Azpiegitura esperimental aitzindari honek sare elektriko adimendunetarako sorkuntza, banaketa eta biltegiratze energetikoko sistema aurreratu berriak probatzeko eta garatzeko aukera emango du.

 

  • i-Sarek modu eraginkorrean kudea dezake energia elektrikoaren sorkuntza eta une bakoitzeko kontsumoari egoki diezaioke, kontrol digital aurreratu bati esker. Mikro-sare horrekin, Gipuzkoak postu aurreratua dauka sare elektriko adimendunen garapenean, hots, enpresei produktu eta teknologia berritzaileak sortzeko eta testatzeko aukera emango dien etorkizuneko sektorean.
  • Donostiako Udalak eta Donostiako Sustapenak ENERTIC eraikinean espazioa laga dute i-Sare kokatzeko, smart energia inguruko enpresak biltzen dituen zentroa kokapen egokia delako.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du i-Sare, eta hura martxan jartzeko 7 milioi euro inbertitu ditu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskadiko FEDER Operazio Programaren (2007-2013) eta proiektuan kolaboratzen duten enpresen eta zentro teknologikoen finantzaketarekin lagunduta.
  • i-Sare mikro-sarearen garapenean enpresen eta teknologia-zentroen partzuergo batek hartu du parte; hauek biltzen ditu: GAIA-Cluster TEIC, IK4 Research Alliance, Jema Energy, Cegasa Internacional, Electro TAZ, Ingesea, Oasa Transformadores, eta IK4-Cidetec eta IK4-Tekniker teknologia-zentroak.

 

Donostian, 2014ko abenduaren 17an.- Donostiako ENERTIC eraikinean gaur goizean aurkeztu dute “i-Sare Microgrid Gipuzkoa”, Gipuzkoako lehenengo mikro-sare elektriko adimendun (smart grid) eta azpiegitura esperimentala, nazioarteko sare elektrikoen eremuan irtenbide aurreratuak garatzeko eta sektore horretan enpresak sendotzeko gakoa izango dena. Mikro-sare adimendunak sare elektrikoak dira, eta modu koordinatuan kudeatzen diren ekipoak konbinatzen ditu, une bakoitzeko eskaerari erantzuteko sortzen den energia ahalik eta gehien doitzeko helburuarekin, eraginkortasunik handiena bilatuz betiere (gutxieneko energia-kostua).

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta eta Donostiako 27 industrialdearen ENERTIC eraikinean kokatuta, estatuko lehenengo mikro-sare esperimental operatiboa da i-Sare Microgrid Gipuzkoa, 400kW-ko potentziarekin, eta entsegu-banku gisa balioko du sorkuntza eta biltegiratze elektrikoko teknologia ezberdinen eraginkortasuna eta bideragarritasuna garatzeko eta esperimentatzeko. Ildo horretatik, haren abiarazteak sektoreko euskal enpresei produktu berriak, ekipoak eta zerbitzuak epe motzera, ertainera eta luzera garatzeko plataforma moduan balioko die, merkaturatzeko, gero; modu horretara, nazioartean duten posizionamendua babestuko dute, gaitasunak hobetuko dituzte, lana sortuko dute eta negozio-linea berriak zabalduko dituzte.

 

Energia modu eraginkorrean kudeatzean, baliabideak optimizatuz eta energia modu automatizatuan eta adimendunean banatuz, i-Sarek energia aurrezten laguntzen du; izan ere, kostuak murriztu, azpiegiturak optimizatu eta sistemaren fidagarritasuna areagotzen ditu. Modu berean, haren erabilpenarekin teknologia berriztagarrien erabilera sustatu nahi da, negutegi efektuko gas-igorpenak eta ingurumenak etorkizuneko "Smart Grid" sare elektrikoen funtzionamenduan izango duen inpaktua murriztuz.

 

Gipuzkoako Foru Aldundia da i-Sare proiektuaren buru, Euskadiko Elektronika, Informatika eta Telekomunikazioetako Klusterrarekin lankidetzan (GAIA-Cluster TEIC), IK4 Research Alliance, Jema Energy, Cegasa Internacional, Electro TAZ, Ingesea, Oasa Transformadores, IK4-Cidetec eta IK4-Tekniker; eta bazkide kolaboratzaile hauekin: Ceit-IK4, Donostiako Sustapena eta Iberdrola.

 

Hura martxan jartzeko 7 milioi euroko inbertsioa egin da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Euskadiko FEDER Programa Eragilearen (2007-2013) eta proiektuan parte hartzen duten enpresa eta zentro teknologikoen finantzaketarekin lagunduta.

 

2012-2015 Gipuzkoako Energiaren Foru Planarekin bat etorriz, mikro-sareak energia-sistema eraginkor baterantz iragateko zeregina azkartzen laguntzen du, Gipuzkoak Europar Batasunak energia-aurrezkiaren eta energia-eraginkortasunaren arloan zein energia berriztagarrien erabileraren sustapenean zehaztutako helburuak bete ditzan.

 

Gaur goizeko i-Sare Microgrid Gipuzkoaren aurkezpenean eta bisitan egon dira Martin Garitano jauna Gipuzkoako diputatu nagusia; Iñaki Errazkin jauna Ingurumeneko eta Antolamendu Saileko diputatua; Josu Ruiz jauna Donostiako Garapen Ekonomikoa Saileko zinegotzia; José Miguel Erdozain jauna IK4-Research Alliance konpainiaren zuzendari nagusia; eta Tomás Iriondo jauna GAIA-Cluster TEIC klusterraren zuzendari nagusia.

 

 

i-Sare proiektuaren oinarrizko elementuak

i-Sare ekosistema adimendun txiki bat da, eta tokian kontrolatutako sorkuntza, biltegiratze, eta banaketa elektrikoko sistemak biltzen ditu. Energia eraginkortasunez kudeatzen du, une bakoitzeko eskaerari erantzuteko sorkuntza ahalik eta gehien egokitzeko, eraginkortasunik handiena bilatuz betiere (gutxieneko energia-kostua, sorkuntza-iturri berriztagarriak barne hartzea faboratuz). Hala, gaur egungo sistemarekin une bakoitzeko eskaerari erantzuteko energia gehiegi sortu behar den bitartean, i-Sarek eskatutako eta sortutako energia zehatz-mehatz doitzen ditu, eta horrek energia bera aurrezteaz gainera haren sorkuntzarako eta banaketarako behar den azpiegituran aurreztea ahalbidetzen du.

 

Haren zuzkidurari dagokionez, i-Sarek funtsezko elementu hauek ditu:

  • Energia berriztagarria: sorkuntza fotovoltaikoa (panel monokristalinoak), sorkuntza eolikoa (ardatz bertikalekoa eta ardatz horizontalekoa) eta hidrogenozko erregai-pila.
  • Sorkuntza tradizionala: diesel taldekoa.
  • Baterako sorkuntza: gas-turbina.
  • Biltegiratze-sistemak: berunezko bateriak, ioi-litiozko bateriak, ultragaitasunak eta inertzia-bolantea.
  • Automobil elektrikoa: kargatze azkarreko puntua eta kargatze moteleko puntua.
  • Kontrolerako elementuak: kudeaketa adimenduneko softwarea, Sareko kontrol banatua.

 

i-Sare proiektuaren oinarrizko alderdi berritzaileak:

  • 400kW-ko mikro-sarea.
  • Guztizko sare-kontrola, 4 eragiketa-mailetan banatuta.
  • Sare adimendunetarako sistema aurreratu berriak diseinatzeko, garatzeko, probatzeko eta sortzeko ingurunea.
  • Soluzio berriak probatzeko eta aztertzeko laborategia.
  • Doktorego-tesiak eta karrera-proiektuak garatzeko instalazioa, eta profesionalak, irakasleak eta eremuko ikasleak prestatzeko eta birziklatzeko ere bai.
  • Plataforma didaktiko interaktiboa, belaunaldi berriei sareen funtzionamendua, energia berriztagarrien garrantzia eta baliabide guztien erabilera eraginkorra erakutsi ahal izateko.
  • Enpresak, zentro teknologikoak, unibertsitateak, Lanbide Heziketako zentroak eta administrazioak biltzen dituen lankidetzarako eremu irekia, ezagutza eta esperientzia partekatzeko helburuarekin.
  • Gipuzkoako lurraldean energia-sare adimenduna zabaltzeko sarbidea.

 

 

 

Azken berriak

donostiak-surf-hirien-munduko-sarearen-bileran-parte-hartu-du-brasilen
Donostia Surf City klusterreko ordezkariak eta bertako surf enpresak Brasilgo Santos... gehiago
donostiako-gabonetako-azoka-handia-berritasunez-gainezka-bueltatuko-da
Aurtengo Donostiako Gabonetako Azokak azaroaren 30ean irekiko ditu ateak. Ekonomia... gehiago
alemaniako-hainbat-ekoizpen-etxe-izan-dira-gipuzkoan-lurraldeak-filmatzeko-eskaintzen-dituen-aukerak-ezagutzen
Donostia-Gipuzkoa Film Commission erakundeak –Donostiako Udaleko Ekonomia... gehiago
replicate-proiektuak-florentzian-urteko-emaitzak-aurkeztu-ditu-europar-batzordearen-aurrean
Urriaren 28an, Donostia Sustapena (Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzia) Florentziara... gehiago

Azken ekitaldiak

donostian-sustepenak-parte-hartu-zuen-bartzelonako-smart-city-expo-world-congress-en
FoDonostiako Sustapenak (Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak) laugarren urtez jarraian parte hartu zuen... más
donostia-smart-klusterrak-viena-bisitatu-du-bertako-smart-estrategia-ezagutzeko
Sustapen Ekonomikorako Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez antolatutako misio komertzialak... más
blockchain-praktikan-nola-aplikatu-gure-enpresetan
Donostiako Sustapeneko Smart Klusterrak antolatutako jardunaldia, Blockchainek Smart aplikazio eta... más
FacebookTwitterLinkedin