logo ayuntamiento cabecera

Donostiako merkataritza, adinekoekiko lagunkoia

 

Donostiako merkatarien elkarteak aktiboki ari dira parte hartzen, Lagunkoia programaren bitartez, merkataritza lagunkoirako estrategiak abiarazten, adinekoei arreta lagunkoiagoa eman dakien. Adinak berezkoak dituen arazoak (ikusmena eta entzumena murriztea, mugikortasun-arazoak, narriadura kognitiboa…) konpontzera bideratutako ekintzekin hasi da orain abiarazi den programa, saltokietan keinu txikiak eginez, hala nola aulki bat eskura jartzea, produktuak letra handiagoz etiketatzea eta saltokirako sarbidea erraztea.

 

Donostiako alkate Eneko Goiaren ustez, "gure hiria adinekoekiko ingurune lagunkoi bat konfiguratzeko egiten ari den bidean kokatzen da ekimena, eta Donostia Lagunkoia programaren bultzada ari da jasotzen". Alkateak antzeko beste ekimen batzuk ere gogorarazi ditu, hala nola Botikarien Elkargoarekin egindakoa, farmaziak ere ingurune lagunkoi bihur daitezen. "Haiekin batera, lortzen ari gara, pixkanaka, Donostia aitzindari izan dadin adinekoek egunerokoan dituzten beharrak artatzearen esparruan". Goiak eskerrak eman dizkie merkatariei "ekimen honetan beren harri-koskorra jartzeagatik. Ekimen honekin, lortuko dugu denek ingurune lagunkoiagoak aurkitu ditzaten, haien bizitza errazagoa izan dadin".

 

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, “Alkateordetzako merkataritza-sailean jakitun gara biztanleria zahartzen ari dela pixkanaka, eta, ondorioz, zenbait ekimen proposatu ditugu, Donostiako merkataritzarekin lankidetzan, Lagunkoia proiektuaren baitan zerbitzu horiek hobetzen laguntzeko. Ekimen honekin, hiriko merkataritzak erakusten du ezen, lehiakorra izateaz gain, konprometituta dagoela donostiarrekin, batez ere adinekoekin, arreta berezia behar baitute eguneroko ekintzetan”.

 

2015ean, Donostiako Udalak, Donostia Lagunkoia Hiri Planaren baitan, APTESen lankidetzarekin, diseinu sozialerako prozesu bati ekin zion, adinekoei komunitate-laguntza emateko sareak sortzeko. Ekimen hori Donostia Lagunkoiaren diagnostiko- eta plangintza-prozesuan parte hartu zuten adinekoek proposatuta sortu zen, eta adinekoei arreta ematean eta haiek zaintzean jartzen du arreta, bereziki laguntza- edo zaintza-beharra agertzen denean. Laguntza-sarea “Zaintzen duen komunitate baten” proiektu gidaria da, zenbait motatako eragileekin lagunkoitasun-prozesuak garatzen dituen Hiri Planaren ardatza, adinekoei laguntza, arreta eta aintzatespena bermatuko dizkien hurbileko lankidetza-mekanismoak eta -sareak aktibatzeko, eta, hala, haien bizi-kalitatea hobetzeko.

 

Zahartzen garenean, hurbileko merkataritza bereziki garrantzitsu bihurtzen da gizarte-ehun baten zati gisa, zeinak, produktuen eta zerbitzuen kalitatea bermatzeaz gain, askotan harreman sozialen katalizatzaile gisa jokatzen baitu, gure kale eta auzoak humanizatuz eta haiei profil propioa emanez.

 

Donostiako Sustapenak —udal sail hori Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren mende dago, eta Donostiako merkataritza lagunkoiaren ekimenaren buru da—, hiriko merkatarien elkarteekin batera (San Sebastian Shops, Auzoa, Dendass, Merkataritza Federazioa eta Zaharrean), ebaluatu du zenbaterainoko interesa dagoen Donostian ekimen hori bultzatzeko. Elkarteek hasieratik erakutsi dute ekimenarekiko interesa, eta beren bazkideen parte-hartze aktiboa eskaini dute adinekoen bizitza erraztuko duten neurriak inplementatzeko. Hala, une honetan, hiriko saltokiek informazioa dute adinekoekiko ingurune lagunkoiak sustatzen dituzten neurriak inplementatzeko beren saltokietan. Gainera, egiaztatu da saltoki askok jada askotariko ekintzak egiten dituztela behar duten adinekoei laguntzeko, nahiz eta halako jardunbideak ez dauden egituratuta eta ikusgaitasuna falta zaien.

 

Merkataritza Lagunkoia ekimenaren berri emateko, komunikazio-kanpaina bat egingo da, helburu honekin: lagunkoitzat jo diren eta Donostiako saltokietan jada egiten diren jardunbideak ikusaraztea eta aintzatestea. Horretarako, lau bideo sortu dira, zeinek, adibide gisa, beste horrenbeste jardunbide erakutsiko baitituzte, eta sare sozialetan zabalduko baitira ekimena ezagutzera emateko eta harekiko interesa pizteko, halako jardunbideak egiten dituzten saltokiei ikusgaitasun handiagoa emateko, beste saltoki batzuk inspiratzeko eta lagunkoitasun-prozesuetan interesa duten pertsonekin emozionalki konektatzeko.

 

Iragarkietan, benetako egoerak, benetako saltokiak eta benetako adinekoak eta merkatariak agertzen dira, eta apirilean hasiko dira zabaltzen. Kanpainak #lagunkoia hashtag-a izango du, parte hartzen duten erakundeen kontuetatik ekimena sustatzen laguntzeko eta haren zabalkundea eta biraltasuna indartzen laguntzeko. Horrez gain, saltokien eta herritarren inplikazioa bilatuko da. Horretarako, ezagutzen dituzten eta adinekoekiko lagunkoitzat jotzen dituzten jardunbideak erakusten dituzten bideoak edo argazkiak hashtag horrekin partekatu ditzaten adoretuko dira.

 

Bien bitartean, Euskadi Lagunkoia programarekin lankidetzan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak sustatuta eta Matia Institutuak abiarazita, bi lansaio egingo dira adinekoekin eta merkatariekin, eta xede hauek izango dituzte:

  • Eremu bat sortzea adinekoek eta merkatariek zahartzen ari den hiri batean gertuko merkataritzak jokatzen duen paperari buruz hausnar eta hitz egin dezaten.
  • Adinekoek saltokietan topatzen dituzten eta merkatariek adineko bezeroekiko dituzten errealitateak, kezkak eta beharrak ezagutzea.
  • Definitzea nolakoa izan behar lukeen merkataritza lagunkoiak.

 

Saio horietan, partaidetzazko dinamiken bidez eta kolektiboki, merkataritza lagunkoitzat jotzen dugun horren atributuak zehaztu nahi dira, bai eta komunitatean adinekoei laguntzeko eta arreta emateko sareetan merkataritzaren funtsezko zeregina aintzatesteko eta indartzeko estrategiak ere.

 

Donostiako Sustapenak eta Donostiako merkatarien elkarteek (San Sebastián Shops, Auzoa, Dendass, Merkataritza Federazioa eta Zaharrean) lan horretatik ateratzen diren ondorioak aztertuko dituzte, zehazteko zer urrats egin behar diren hurrena Donostian Merkataritza Lagunkoia ekimena garatzeko eta zabaltzeko.

 

Azken berriak

san-sebastian-gipuzkoa-film-commission-ak-berriro-ekin-dio-jarduteari-filmaketen-berraktibazioarekin
Covid-19aren ondoriozko ia hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, pelikula eta... gehiago
donostiako-sustapenak-hiri-adimendun-gisa-duen-eskarmentuaren-berri-emango-dio-costa-ricari
Donostiako Udalaren mendeko entitate publiko horrek ezagutzak transferitzeko... gehiago
donostia-sustapenak-energia-plangintzako-bere-esperientzia-aurkeztuko-du-hotmaps-europar-proiektuaren-azken-konferentzian
Hurrengo ekainaren 30ean izango da HOTMAPS proiektuaren azken konferentzia online.... gehiago
donostia-sustapenak-eta-biodonostiak-turinera-eraman-dute-donostiako-esparru-biosanitarioa-garatzeko-orduan-izan-duten-esperientzia-eta-lankidetza
Turin hiriak Donostiaren esperientzia eta Biodonostia eta Donostia Sustapenaren... gehiago

Azken ekitaldiak

donostiako-sustapena-elikadura-sistema-eraldatzeko-proiektu-europar-batean-ari-da-parte-hartzen
Donostiako Sustapenaren bitartez, Fusili proiektuan ari da parte hartzen Donostia, Europako beste... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-smart-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-guztiona-nekazaritzako-elikagaien-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más