logo ayuntamiento cabecera

Donostia Moda Klusterra Florentziara joango da

 

Donostiako Alkateordetzako Donostia Moda Klusterrak Florentziara joateko enpresa-eginkizuna antolatu du azaroaren 26tik 28ra bitartean, Made in San Sebastian marka nazioartekotzeko eta ahalduntzeko eta bi hiriak harremanetan jartzeko helburuarekin. Bidaian zehar, modaren sektoreko erakunde publiko eta pribatu ezberdinak bisitatuko dira Italiako hirian, eta Donostia Moda proiektuaren aurkezpena ere egingo dute Donostiako ordezkaritza hartuko duten Florentziako Udaleko arduradunen aurrean.

 

Nahiz eta nazioartean Milan ezagutu Italiako modaren hiriburu bezala, goi-mailako joskintzaren industria Florentzian sortu zen. 1951. urtean, Giovanni Battista Giorgini enpresariak moda-desfilea egin zuen Villa Torrigianin. Garai hartan, nazioarteko erosle ugari egon ziren bertan, eta "Made in Italy" markaren dotoretasuna ezagutu zuten, Parisko modarenak baino prezio askoz ere lehiakorragoekin. Beraz, ez da harritzekoa Florentziak nazioarteko modaren joeretan eragin handia sortzeko gaitasuna duten moda-diseinatzaile asko izatea; era horretan, funtsezko hiria izatera iritsi da diseinua, produkzioa, modako produktuen txikizkako salmenta, prestakuntza edo moda-ekitaldiak bezalako jardueretan.

 

Ernesto Gasco alkateordea buru izango duen enpresa-eginkizuna Florentziako Udaletxean hartuko du Garapen Ekonomikoko eta Turismoko zinegotziak, Cecilia del Rek, eta elkarren artean trukatuko dituzte bi hiriak modaren inguruan burutzen ari diren estrategiak.

 

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “Marangoni Institutuaren egoitzetako bat duen hiriaren esperientzia ezagutu ahal izango dugu, eta gure asmoa institutu horien nazioarteko sarean sartzea izango da, oso ondo dabiltza-eta. Halaber, esperientzia edo formula arrakastatsuak ezagutuko ditugu; esate baterako, Pitti Uomo pasarela, Florentzian sortua eta moda maskulinoa jorratzen duena; guk arlo horretan asko dugu aurreratzeko. Horrez gain, Gucci edo Ferragamo bezalako markak bisitatuko ditugu, nazioartean izen handiko bi marka. Dagoeneko Florentziarekin lanean ari gara Txomin-eneako ekoauzoan, Europako Replicate proiektuaren bitartez, eta ikusi nahi dugu jarduera-eremu horiek moda bezalako beste eremu batzuetara hedatzerik badugun. Florentziaren gisako arrakasta-eredutik asko ikasi behar dugu modaren negozioa garatzeko. Ondorioz, gure hirira zer-nolako esperientziak egokitu ditzakegun ikusiko dugu”.

 

Modu berean, ordezkaritzak Ermanno Scervinno moda-etxearen egoitza nagusia bisitatuko du; hau da, 2000. urtean sortutako etxea; instalazioetan, tailerrak, administrazio-bulegoak, fabrikazioa eta taldearen logistika aurkitzen dira. Era berean, modaren inguruko beste bi museo ikustera ere joango dira, Ferragamo Museoa eta Gucci Garden Museoa.

 

Prestakuntza funtsezko puntuetariko bat moda-produkzioaren katean, eta Florentziak horren hainbat adibide eskaintzen ditu. Donostiako ordezkaritza Marangoni Institutura joango da, moda-eskola nagusietan nagusienera; institutuak egoitzak ditu Florentzian, Milanen, Parisen, Shangain eta Londresen, eta 106 herrialdetako 4.000 ikasle baino gehiago ditu. Halaber, Polimoda Eskolaren instalazioetara joango da, 1986an sortutako eskola pribatua, Florentzia eta Prato hirien eta New Yorkeko Fashion Institute of Technology de la State University-ren arteko proiektua bezala. Horrez gain, prestakuntzaren arloan Scuola del Cuoio bisitatzea aurreikusten da. Eskola hori II. Mundu Gerraren ondoren sortu zuten frantziskotarrek, gerran umezurtz geratutakoei larrua lantzen erakusteko eta artisau-lan horretatik bizimodua atera ahal izateko. Besteak beste, ebakitzearen sekretuak, tindaketa, diru-zorroen manufaktura, gerrikoak, estutxeak, unai-botak, e.a. egiten ikasten zuten, eta urrez grabatzeko artea ere bai, Florentziako larruzko artikuluetan hain ospetsua. Modu berean, enpresa-eginkizunaren barnean, Manuffatura Tabacci bisitatuko dute, Florentziako Pitti Uomo nazioarteko pasarela maskulino ezagunerako erabiltzen duten eraikin enblematikoa.

 

Enpresa-eginkizuna Donostiako Sustapenak antolatu du, eta Ernesto Gasco alkateordeak eta Ekonomia Bultzatzeko, Merkataritzako, Ostalaritzako eta Turismoko zinegotziak zuzenduko du. Bertan parte hartuko dute Donostiako diseinatzaileek, tokiko enpresek, prestakuntza-zentroek eta Donostiako Udaleko alderdi politiko ezberdinetako ordezkariek.

 

Duela hiru urte, Donostiako Udalak, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren bitartez, Donostia Moda Klusterra abian jarri zuen, eta horren helburua da modaren sektorea suspertzea negozio-hobi bezala, balio-kate osoa hartzen duen estrategiaren bitartez. Donostiako hiria XX. mendearen hasiera aldera sortutako estilo propioa berreskuratu nahian dabil; alegia, garai hartan, aristokraziak eta Espainiako gizarte aberatsak uda igarotzeko helmuga bezala hautatzen zuten hiria, eta garai hartako turistek janzteko azken joerak estreinatzen zituzten.

 

Gaur egun, Donostian modarekin zerikusia duten 1.000 bat enpresa daude; horietatik 126 industria-enpresak dira: diseinatzaileak, etxeak, joskintza-enpresak edo prestakuntza espezializatukoak, eta 2.700 pertsonak horretan egiten dute lan zuzenean, hots, hiriko enpleguaren %2,63a hartzen du.

 

Klusterra sortzerakoan, moda negozio-hobi bezala ikusi zuten, eta, era horretan, agente ezberdinek sektorea suspertzeko estrategia diseinatzen dute. Horrela, ehun solidoa sortu nahi da, enpresek eta profesionalek garatzeko, hazteko eta etengabe hobetzeko aukera izan dezaten honako hauen bitartez:

  • Sormen-prozesuaren optimizazioa eta profesionalizazioa.

  • Etengabeko prestakuntza, arlo artistikoan zein enpresa-arloan.
  • Produktu bereiztuari eta bertakoari balioa ematea.
  • Donostiako markak eta diseinatzaileak kanpoan sustatzea.
  • Donostiaren markaren irudia sortzea, modaren munduarekin lotuta.
  • Fabrikatzailea, komertzializatzailea eta kontsumitzailea modaren kulturak duen balioaren inguruan sentsibilizatzea.

 

Donostia Moda Klusterra diseinatzaileek, prestakuntza-zentroek, moda-espezialistek, saltokiek, fabrikatzaileek, erakundeek eta abarrek osatzen dute; hain zuzen ere, sektore horretan gure hiriaren garapen ekonomikorako nahiz kalitatezko enplegua sortzeko aukera ikusten dutenek.

 

 

 

Azken berriak

donostia-boston-hirira-gerturatu-da-talentua-erakartzeko-eta-trukatzeko
Donostiako Sustapeneko teknikarien ordezkaritza Bostonen izan zen otsailaren 15ean... gehiago
donostiako-sustapenak-birgaitze-energetikoaren-inguruko-bi-jardunaldi-tekniko-antolatu-ditu
2019ko otsailaren 7an eta 8an, bi jardunaldi tekniko antolatu zituen Donostiako... gehiago
pintxoen-galak-zilarrezko-lehen-barandak-entregatuko-ditu-donostiako-ostalaritza-establezimenduentzako-kalitatearen-labela
Miramar Jauregian egingo da otsailaren 26an Donostiako Pintxoaren Institutu sortu... gehiago
udalak-baratza-profesionalak-prestatu-ditu-auditz-akularen
Alkateordetzak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Donostia Urban Lur proiektua abian... gehiago

Azken ekitaldiak

donostian-wed-in-izango-da-hiriko-ezkontzen-nazioarteko-lehen-azoka
Otsailaren 23an eta 24an egingo da Miramar Jauregian, eta sektoreko 35 enpresak beren eskaintza... más
donostia-moda-klusterrak-zine-eta-modako-i-zikloa-abian-jarri-du
Donostiako Alkateordetzak eta Donostia Moda Klusterrak Zine eta Modako Zikloaren lehenengo edizioa... más
urtarrilaren-31ra-bitarte-luzatu-da-zilarrezko-barandara-aurkezteko-epea-pintxoen-tabernen-kalitatezko-labela
Urtarrilaren 31n amaituko da Donostiako ostalaritza-establezimendu interesatuek Zilarrezko Baranda... más