logo ayuntamiento cabecera

Donostia Moda Klusterrak web orrialdea estreinatu du www.donostiamoda.eus

 

Web plataforma berria sortu da Donostia Moda Klusterrak urtean zehar burutzen dituen jarduera guztiak ezagutzera emateko erreferentzia-puntua izan dadin. Klusterra duela hiru urte sortu zuen Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostiako Sustapenaren bitartez, Donostiako modaren sektorea suspertzeko helburuarekin. Plataformari esker, hiriko modasektorearen garapen ekonomikoa eta enpresen eta profesionalen hazkundea eta hobekuntza sustatu eta hedatu ahal izango dira.

 

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa nabarmendu nahi izan zuen: “Donostia Moda Klusterrak aterki-markaren papera betetzen du, eta horren baitan Donostiako eta Gipuzkoako modako agente guztiak biltzen dira. Erakundeak Donostian modaren esparruan garatzen diren proiektuen %90a babesten du. Klusterra sektoreko ia 300 profesional eta erakundek osatzen dute, eta horiekin egunero lan egiten du proiektu ezberdinetan. Sortu eta handik bi urte eta erdira, Klusterrak bere web gunea behar zuen, eguneroko lana erakusteko eta sektore osoa islatuta ikusteko".

 

Sortu zenetik, Donostia Moda Klusterraren helburua izan da modaren sektorea ezagutzera ematea eta sektoreari balioa ematea, hirian 1.000 enpresa inguru baititu, eta 2.750 pertsonari zuzenean enplegua ematen baitie. Beraz, web orrialde propioa izatea sektorearen komunikazio-estrategian sartzen da, bertako bazkideei eta publikoari oro har begira.

 

www.donostiamoda.eus web orrialdean Klusterrari buruzko informazio orokorra ez ezik, hirian datozen egunetan burutuko diren hurrengo ekitaldiak jasotzen dituen egutegia ere agertzen da. Esate baterako, manikiak sortzeko lantegia egingo da maiatzaren 2an, 3an eta 4an, edo sektoreko negozio-ereduen inguruko jardunaldia antolatuko da maiatzaren 4an, San Telmo Museoan, Donostiako Modaren Jaialdiaren - GdM Donostia Moda Festival esparruan. Bertan, modaren munduko profesional ospetsuen enpresa-esperientziak erakutsiko dira; tartean, Juan Duyos, Duyos etxekoa, Sofía Arribas eta Saioa Goitia, Sophie et Voilà-koak, eta Contxu Uzkudun, Minimil enpresakoa.

 

Gainera, web berriak plataforma bezala balioko du; izan ere, Donostia Moda Klusterrak sare sozial ezberdinekin egiten du lan, eta, plataformari esker, horiek batu ahal izango dira: Twitter, Facebook, Instagram eta hemendik aurrera Youtubeko kanal berria. Bertan, sektorearen inguruan sortzen joango diren ikusentzunezko materialak jarriko dira.

 

Halaber, web orrialdeak euskarri moduan erabili ahal izango dute Klusterreko bazkideek, sektoreko industriako enpresak, profesionalak eta agenteak konektatu ahal izateko eta prestakuntza, berrikuntza edo nazioartekotzea bezalako alderdiak jorratu ahal izateko. Era berean, enpresak sortzeko edo modaren sektoreko ekintzaileei zuzendutako laguntzei buruzko informazioa jasotzen da.

 

Donostia Moda Klusterra diseinatzaileek, prestakuntza-zentroek, modako espezialistek, saltokiek, fabrikatzaileek, instituzioek eta abarrek osatzen dute, sektorean gure hiriaren garapen ekonomikorako eta kalitatezko enplegua sortzeko aukera ikusten baitute.

 

Azken berriak

donostiako-ekonomia-bultzatzeko-zinegotzigoak-indarrean-ditu-enpresentzako-eta-ekintzaileentzako-laguntzak
45 urtetik gorakoak kontratatzeko eta Global Training nazioarteko beketarako epeak... gehiago
donostia-buru-duen-surfaren-hirien-munduko-sarea-panamerikar-jokoetan-aurkeztu-da
2019ko Joko Panamerikarren nazioarteko kirol-ekitaldia egiten ari dira Liman (Peru),... gehiago
smartkalea-proiektuan-ideia-berriak-bilatzen-dira
SmartKalea proiektuaren Ideien Deialdiaren edizio berria. Donostiako Sustapenak... gehiago
smartkalea-proiektuak-altzan-hondakinak-murriztea-lortu-du
Azterketa batek egiaztatu du zigarro-mutxikinek %12 behera egin dutela. Donostia... gehiago

Azken ekitaldiak

zure-ahaleginak-errentagarri-egiten-ditu-interneten
Jardunaldia 2019/07/03 | Gure negozioa digitalizatzeko eta hobetzeko teoria ezagutzen dugu, eta... más
blockchain-ean-oinarritutako-komertzio-negozio-modelo-berriak
Jardunaldia 2019/07/17 | Nola eraldatzen ari da txikizkako merkataritza... más
zortzi-proiektu-hautatu-dira-negozio-berritzaileen-puc-programan-parte-hartzeko-donostiako-merkataritza-sektorean
Astelehenean, hilak 17, PUC, Pop Up Comerce programa abian jarri zen, Gipuzkoa Plazako Puntu Dendan... más