logo ayuntamiento cabecera

Donostia Sustapenak eta Biodonostiak Turinera eraman dute Donostiako esparru biosanitarioa garatzeko orduan izan duten esperientzia eta lankidetza

Turin hiriak Donostiaren esperientzia eta Biodonostia eta Donostia Sustapenaren arteko lankidetza eredua aukeratu du, bio-osasunaren gune gisa garatzeko duen proiektuarentzako eredu gisa. Europako Batzordeak, Donostia Sustapenak gidatzen duen ECORIS3 proiektuaren esparruan, proiektu pilotu bat onartu du. Proiektuaren bidez, Italiako hiri horretara eramango da Biodonostiak, osasun berrikuntzako institutu gisa, zabaldutako eredua, eta Biodonostiak Sustapenarekin zenbait arlotan duen lankidetza bera ere; arloak hauek dira: enpresetara teknologia eramatea, ekintzailetzari babesa ematea eta startup-ak sortzea edo ezagutza gizarteratzea bera.

 

Datozen hilabeteetan, bi erakunde horietako ordezkariak Turinera joango dira, Donostiako osasun ekosistemaren garapenaren gakoak eta beren lankidetza eredua aurkeztera. Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi zuenez, “urrats honek agerian utzi du hiriak zientzia eta berrikuntza sustatzeko eta garatzeko politiken alde egin duen apustua bere ondorioak izaten hasi dela gure mugetatik kanpo ere. Era berean, Turinen eredua nola garatzen den monitorizatzea ere aurreikusten dugu proiektu pilotuaren lehenengo fasean”.

 

Donostiako ekosistema eta Biodonostiak eta Donostia Sustapenak eginiko lana ikusi eta ezagutu ondoren, Cittá Metropolitana di Torino erakundeak erabaki zuen bere ekosistema propioa martxan jartzea osasunaren eta bio-osasunaren arloan, Turingo metropoli gunean, Donostian garaturiko ereduaren antzeko eredu batekin, bereziki osasunaren sektorean esparru digitala sustatuz, sektore publiko eta pribatuen arteko lankidetza tarteko.

 

Biodonostiak eta Donostia Sustapenak lan egiteko erabiltzen duten tresnetako bat bonu teknologikoek osatzen dute, eta tresna hori erakutsiko dute Turinen. Tokiko enpresek eta ekintzaileek sustatzen dituzten eta osagai teknologikoa duten proiektuak diruz laguntzeko formula bat da, eta, horretarako, Biodonostiak zerbitzu espezializatuak, azterketak eta laguntza teknikoa eskaintzen ditu produktu edo zerbitzu teknologikoak garatzeko prozesuetan.

 

Ekimen honen jatorria INTERREG ECORIS 3 Europako proiektuan kokatzen da. Proiektuaren gidari da Sustapena, eta tokiko eta eskualdeko berrikuntza ekosistemak babesteko politikak eta neurriak sustatzeko Europako ekimenen barnean kokatzen da.

 

Donostia Sustapenak, Donostiako Udalaren garapen ekonomikorako sozietateak, helburu du tokiko ekonomia ehunari laguntza ematen dioten politikak eta jarduerak sustatzea, irizpide gisa jasangarritasuna eta berrikuntza izanik. Helburua da ehun horren lehiakortasunari eustea eta lehiakortasun hori hobetzea, merkatua gero eta polarizatuagoa eta globalagoa baita, eta, horretarako, enpresa egitura lehiakorra eta jasangarria eta kalitatezko enplegua sortzen lagunduko du.

 

Biodonostiak garatzen duen jardueraren helburua da ikerketa biomedikoa, epidemiologikoa, osasun publikoaren arlokoa eta osasun zerbitzuen arlokoa sustatzea. Era berean, helburu du osasun sistemaren programak eta politikak zientifikoki oinarritzea eta ikerketa traslazionalaren sustapena lehenestea Gipuzkoako lurralde esparruan; ikerketa horren helburua da ezagupen zientifikoak jardunbide klinikora lehenbailehen eramatea.

 

 

Azken berriak

san-sebastian-gipuzkoa-film-commission-ak-berriro-ekin-dio-jarduteari-filmaketen-berraktibazioarekin
Covid-19aren ondoriozko ia hiru hilabeteko geldialdiaren ondoren, pelikula eta... gehiago
donostiako-sustapenak-hiri-adimendun-gisa-duen-eskarmentuaren-berri-emango-dio-costa-ricari
Donostiako Udalaren mendeko entitate publiko horrek ezagutzak transferitzeko... gehiago
donostia-sustapenak-energia-plangintzako-bere-esperientzia-aurkeztuko-du-hotmaps-europar-proiektuaren-azken-konferentzian
Hurrengo ekainaren 30ean izango da HOTMAPS proiektuaren azken konferentzia online.... gehiago
donostiako-negozioek-tokiko-zerbitzu-bat-dute-jada-jasangarria-eta-lehiakorra-beren-eskariak-etxera-entregatzeko
Sistemak Donostia Sustapenaren babesa du, eta Covid 19ren krisiak gehien kaltetu... gehiago

Azken ekitaldiak

donostiako-sustapena-elikadura-sistema-eraldatzeko-proiektu-europar-batean-ari-da-parte-hartzen
Donostiako Sustapenaren bitartez, Fusili proiektuan ari da parte hartzen Donostia, Europako beste... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-smart-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-guztiona-nekazaritzako-elikagaien-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más