logo ayuntamiento cabecera

Astelehenean zabalduko da Donostiako merkatari eta ostalarientzako dirulaguntzen epea

Eskabideak apirilaren 27tik aurkeztu ahalko dira, Donostia Sustapenaren leihatila bakarraren bitartez

Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Suspertzeko PREK plana jarri du martxan eta, horren bidez, diruz lagundu nahi ditu hiriko ekonomiarentzat estrategikoak diren bi sektore: merkataritza eta ostalaritza. Helburua alarma-egoerak sortutako inpaktua txikitzea eta aldi horretako diru-sarreren gabezia arintzea da, zenbait dirulaguntzaren bidez, dituzten gastu finkoei aurre egin diezaieten eta aukera izan dezaten kudeaketa hobetzeko neurri eta tresnak garatu eta abiarazteko, beren jarduera, enplegua eta lehiakortasuna mantendu eta eraldatze aldera. Halaber, 2019an sortutako enpresentzako dirulaguntzen epea zabalduko da.

 

Enrique Ramos, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzia ondorengoa adierazi nahi izan du “Donostiako Udala ahalegin ekonomiko bat egiten ari da Donostia Sustapenaren bidez, krisia hiriko funtsezko sektoreetan (esaterako, ostalaritza eta merkataritza) izaten ari den eragina arintzeko; sektoreon egoera benetan kezkagarria da, ateak ixten lehenak izan zirelako eta oraindik ez dakitelako noiz jarri ahalko duten berriz ere beren jarduera martxan. Gainera, arreta pertsonalean dena ematen ari gara, iristen doazen eskabideak artatzeko prestatu dugun leihatila bakarraren bitartez”.

 

Donostia Sustapenak konpromisoa hartzen du dirulaguntzak ahalik eta arinen eta burokrazia txikienarekin izapidetzeko, berorien jasotzaileengana ahalik eta lasterren hel daitezen, Covid-19 gaixotasunak sortutako krisi-egoera arintzeko.

 

Norentzako den dirulaguntza

Zerga-egoitza Donostian duten merkataritzako eta ostalaritzako enpresentzat, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan altan emanda badaude (kontsultatu epigrafeak), Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) badute edo jarduera etenda duten langile autonomoentzako ezohiko dirulaguntzaren titularrak badira, eta beren plantillaren batez bestekoa ez bada hamar enplegatura iristen.

 

Epeak:

Eskabideak aurkezteko epea 2020ko apirilaren 27ko (astelehena) 9:00etan hasten da eta oinarri hauen iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 7 egun baliodun igarotzen direnean amaitzen da.

 

Aurkeztu beharreko dokumentazioa:

  • Eskabiderako inprimakia.
  • Ezarritako betekizunak betetzen direla egiaztatzeko zinpeko edo erantzukizunpeko adierazpena.
  • Bankuko datuak edo bankuko dokumentu baliokide bat, eranskin moduan.
  • Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia.
  • Eskatzailea pertsona juridikoa bada, haren IFKren kopia eta, hala badagokio, ahaldunaren NANa.
  • Enpresak Covid-19ak bultzatutako Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea (ABEEE) duela edo jarduera etenda duten langile autonomoentzako ezohiko dirulaguntzaren titularra dela egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Memoria finantzarioa. Finantzaketarekin estali nahi diren aurreikusitako gastuei buruzko informazioa aurkeztu beharko da: alokairua, hornidura, gestoria, aseguruak, material informatikoa, etab.

 

Eskabideen aurkezpena: Eskabideak telematikoki aurkeztuko dira Donostia Sustapenaren webgunearen bidez (www.fomentosansebastian.eus); han aurkituko dituzte, halaber, laguntzen oinarriak. Horretarako, leihatila bakarreko langileen laguntza izango dute, 9:00etatik 18:00etara, bide hauetatik:

  • 943 48 28 00 telefonoa.
  • Donostia Sustapenaren webguneko txata.
  • Posta elektronikoa: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

 

Dirulaguntzen zenbatekoa onuradun-kopuruaren araberakoa izango da. Emandako zenbatekoa % 20 handituko da eskatzailea emakumezkoa bada. Era berean, eskatzailearen negozioa ekialdeko eremuko auzoren batean badago (Altza, Intxaurrondo, Miracruz-Bidebieta, Egia, Loiola eta Martutene), emandako zenbatekoa % 20 handituko da.

 

Dirulaguntza hauek PREK planaren lehenengo kontingentzia-fasean kokatzen dira; ondoren, bigarren fase batean, sektore tradizionalen eraldaketan eta sektore berrietan ardaztutako neurriak sustatuko dira, berrikuntza eta teknologia adimendunak eraldaketa digitalerako tresnatzat hartuta. Neurrion artean, merkataritzan eta ostalaritzan kontratazioak egiteko laguntzak egongo dira. Langabetuak kontratatuko dituzten merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetako enpresentzat izango dira, eta kontratatzaileek lehentasuna eman beharko diete baztertuak izateko arriskuan dauden taldeei.

 

Apirilaren 27an (astelehena), halaber, 2019an eta 2020an (2019ko urtarrilaren 1etik 2020ko martxoaren 15era) sortutako enpresentzako laguntzen eskabideak aurkezteko epea zabalduko da, baldintza berberetan. Laguntza hauen bidez, sendotzeko eta mantentzeko laguntza eman nahi zaie Donostia Sustapenak ekintzailetzarako dirulaguntza eta programen bidez babestu dituen enpresei, eta, Donostia Sustapenak identifikatutako sektore estrategikoetako klusterretako batean garai berean sartuak izanik, pandemiaren ondoriozko egoera ekonomikoaren ondorioz, merkatura sartu eta segituan beren jarduera eten behar izan dutenei.

 

Azken berriak

donostiako-udalaren-konpromisoa-tokiko-merkataritzaren
Donostiako Udalak eta Donostia Shopsek, Donostiako Sustapenaren bidez, hitzarmen... gehiago
donostiako-udalak-ekonomia-suspertzeko-planaren-bidez-enpresentzako-online-prestakuntza-eta-aholkularitza-programa-berrabiarazi-du
Online prestakuntzako eta aholkularitzako doako saioak eskaintzen ditu, hiriko... gehiago
azken-egunak-donostiako-gabonetako-azokan-postu-bat-lortzeko
Datorren irailaren 15era arteko epea ezarri du Donostia Sustapenak Gabonetako 38... gehiago
san-sebastian-gipuzkoa-film-commission-en-lankidetza-izan-duten-hiru-ikus-entzunezko-lanek-woody-allen-en-rifkin-s-festival-hboren-patria-telesaila-eta-akelarre-donostiako-zinemaldian-parte-hartuko-dute
San Sebastian-Gipuzkoa Film Commission-en, (Donostiako Ekonomia Sustatzeko... gehiago

Azken ekitaldiak

donostiako-sustapena-elikadura-sistema-eraldatzeko-proiektu-europar-batean-ari-da-parte-hartzen
Donostiako Sustapenaren bitartez, Fusili proiektuan ari da parte hartzen Donostia, Europako beste... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-smart-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-guztiona-nekazaritzako-elikagaien-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más