logo ayuntamiento cabecera

SmartKalea proiektuaren arabera, Alde Zaharrean igarotako pertsona kopurua % 81 murriztu da, eta elektrizitate kontsumoa, berriz, % 22 areagotu

 

SmartKalea proiektuarekin Kale Nagusian eta Altza pasealekuan instalatutako neurketa sistemek herritarren ohitura aldaketak zenbatetsi dituzte, koronabirusagatik dekretatutako alarma egoeraren ondotik. Pertsonak zenbatzeko sistemaren kasuan, alderaketak datu esanguratsuak ematen ditu: isolamenduaren lehendabiziko astean (martxoaren 16tik 22ra), 18.215 lagun sartu ziren Alde Zaharrean, martxoaren 9tik 15era bitarteko astean baino % 81 gutxiago, aste hartan 98.137 pertsona izan baitziren. Etxeetako kontsumo elektrikoa, berriz, % 22 areagotu da, eta pertsonako batez beste 19,56 kW kontsumitu da astean. Argi publiko adimendunak, jendearen joan-etorriarekin aktibatzen direnak, % 23 murriztu dira..

 

Donostiako SmartKalea proiektua Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak abiarazia da, Donostia Sustapenaren bitartez. 2014an sortu zen, ingurumen jasangarritasuna, efizientzia energetikoa, herritarren partaidetza eta gardentasuna sustatzeko, eta, helburu horretarako, neurri adimentsuak ezarri zituen hiriko hainbat kaletan. Lehendabizikoa Alde Zaharreko Kale Nagusian izan zen, eta, hain zuzen ere, pertsonak zenbatzeko sistema bat, etxeetako eta merkataritza establezimenduetako ur eta energia kontsumoak kudeatzeko plataforma bat, eta argiztapen publiko adimentsua ipini ziren. Esperientzia pilotu horrek ekarritako emaitza onak ikusita (% 10eko energia aurrezpena), proiektu hori bera Altza auzoan ez ezik Antso Jakitunaren hiribidean ere ipini zuten martxan.

 

Horrekin loturik, hauxe adierazi zuen Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak: “SmartKalea proiektuaren neurketa sistema aurreratu hauek bertako teknologia enpresek emanak dira, eta informazio oso baliotsua eskaintzen digute erabakiak hartzeko garaian. Teknologia horiek ematen diguten informazio guztiaren zati eder bat herritarren eskura dago SmartKalearen webguneko datu plataforman, eta handik egin daiteke informazioaren jarraipena denbora errealean (kontsumoen datu integratuak). Covid-19ak ekarri digun koiuntura ezohiko eta konplexu honetan, IKTak funtsezko erreminta ditugu jarduera ekonomikoaren zati batekin jarraitu ahal izateko, bai eta erabakigarriak diren esparruetarako informazioa eskuratzeko eta kudeatzeko ere”.

 

PERTSONEN PRESENTZIA

Martxoaren 16tik 22ra bitarteko astean, Alde Zaharrean 18.215 lagun sartu ziren; hau da, martxoaren 9tik 15era bitarteko astean baino % 81 gutxiago (aste hartan 98.137 pertsona izan ziren). Martxoko lehendabiziko astearekin alderatuz gero, berriz, % 86 gutxiago (aste hartan, 133.703 izan ziren). Igandean, martxoak 22, 1.266 lagun sartu ziren Alde Zaharrean; aldiz, martxoaren 15ean –alarma egoeraren lehendabiziko eguna–, 2.837 erregistro izan ziren Kale Nagusian. Martxoaren 8an, ordea, 24.000 pertsona inguru joan ziren Alde Zaharrera, azken bi igandeetan erregistratutakoa baino askoz ere gehiago. Bestalde, Altza pasealekuan ez da izan halako murrizketarik, 2.155 pertsona erregistratu baitira; hau da, aurreko astean baino % 54 gutxiago.

 

ETXE ETA ESTABLEZIMENDUETAKO KONTSUMO ELEKTRIKOA

SmartKalea proiektuaren bidez Alde Zaharrean eta Altzan monitorizatzen diren establezimendu komertzialetan, asteko batez besteko kontsumoa 3,61 kW/m2 izan zen martxoaren 15etik 22ra bitarteko astean; hau da, aurreko asteetan baino % 30 gutxiago, eskuarki 5,17 kWh/m2-ko kontsumoa izaten baita.

 

Alde Zaharreko eta Altzako familia-etxeetako kontsumo elektrikoari dagokionez, berriz, SmartKalea proiektuak bistaratu du kontsumo hori batez beste 19,56 kWh-era igo dela astebetean pertsonako. Horrek esan nahi du familia-etxeek % 22 gehiago kontsumitu dutela astebetean batez beste.

 

KALE NAGUSIKO ARGITERIA PUBLIKO ADIMENTSUA

Aurreko asteko kontsumo osoa 47,52 KWh izan zen (martxoaren 15etik 22ra, alegia), aurreragoko astean baino % 19 gutxiago. Horren arrazoiak bi dira nagusiki. Batetik, argi publikoen kontsumoa murriztu egiten da poliki-poliki, ekainera bitartean argi ordu gehiago baititugu. Hala eta guztiz ere, kontsumoa murriztu izanaren bigarren arrazoia –eta handiena– beste bat da: nabarmen murriztu direla gau parteko mugimenduak, eta, horren ondorioz, argi adimendunek ez dute potentzia areagotzen eta, aldiz, asko murrizten dute kontsumoa. Datuok 2019ko martxoaren 18tik 24ra bitarteko astean jasotakoekin alderatuz gero (62 kWh), ikusiko dugu aurreko astean kontsumitutako energia % 23 gutxiago izan zela, iaz data hauetan kontsumitutako energiaren aldean.

 

SmartKalea ekimen berritzailea da, eta lankidetza publiko-pribatuko eredu aktibo eta integral bat ezartzen du, hiriaren eremu batean elkarrekin bizi diren eragileak Smart ikuspegi batetik bilduz: herritarrak, eremu geografiko horretako negozioak, elkarteak, bertako enpresa teknologikoak eta udaletako departamentuak.

 

Ekimenaren helburua da Donostia hiri adimendun bilakatzea, herritarren bizi kalitatea hobetzeko; halaber, enpresei eta negozioei ere ekarriko dizkie onurak, IKTak luze-zabal erabiltzeari esker, baita ingurumena eta baliabideak modu arrazionalean baliatzeari esker ere. Zehazki, proiektuak lortu nahi du aurrezpen energetiko eta ekonomiko handiagoa izatea etxebizitzetan, merkataritza establezimenduetan, ostalaritzan eta azpiegituretan, guztia ere herritarren eta eragile pribatuen sentsibilizazioa eta partaidetza sustatuz. SmartKaleak merkataritzako hiri ingurune jakin batean esku hartzen du, hura biziberritzeko xedearekin, eta, hala, eremuko merkataritzaren espezializazio adimenduna sustatzen du.

 

Ekimen horrek, era berean, negozio aukera berriak sortzea bultzatzen du tokiko lankide teknologikoentzat. SmartKalea egitasmoak, gainera, hiria laborategi moduko espazio bilakatzen du, produktu eta zerbitzu adimendunak eskaintzen dituzten bertako enpresek balia dezaten, saiakuntzak egiteko baldintza errealetan. Eta, bide batez, produktu eta zerbitzu horietarako erakusleiho bilakatzen da. Egindako ezarpenak monitorizatu eta balio erantsiko adierazleak eskuratzen dira, bai hiria kudeatzeko, bai bertako negozioen lehiakortasuna hobetzeko; halaber, herritarren artean zabaltzen du informazioa.

 

SmartKaleak proiekturik onenaren saria eskuratu zuen Hiri eta Lurralde Adimentsuen eta Administrazio Elektronikoaren kategorian, Andaluziako Herriak Garatzeko Fundazioak eta Andaluziako Udalerrien eta Probintzien Federazioak emanda. Sari hori Jaéngo Kongresu Jauregian (IFEJA) martxoaren 12an egindako gala batean eskuratu zuen. Ekitaldia ateak itxita egin zuten. Aintzatespen horretaz gainera, SmartKalea proiektuak beste batzuk ere eskuratu zituen aurretik, hala nola Berrikuntza eta Zerbitzu Publikoen Kongresu Nazionalak (CNIS, gaztelaniazko siglen arabera) lankidetza publiko-pribatuko proiekturik onenari emandako 2017ko saria, edo SOCINFO Fundazioak 2015ean emaniko Smart Cities saria.

 

Azken berriak

donostiako-udalak-online-bidezko-prestakuntza-eta-aholkularitza-programa-oso-bat-jarri-du-enpresentzat-bere-ekonomia-suspertzeko-planaren-bidez
Online prestakuntzako eta aholkularitzako doako saioak eskaintzen ditu, hiriko... gehiago
ireki-da-establezimendu-txikiek-saltokien-online-plataforman-eta-erosketa-abonuetan-izena-emateko-epea
Donostiako Udalak epea ireki du hiriko establezimendu txikiek izena doan eman... gehiago
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-surf-city-klusterreko-enpresei-laguntzen
Jada irekita dago laguntza eta zerbitzu guztiak kudeatzen dituen Donostia... gehiago
astelehenean-zabalduko-da-donostiako-merkatari-eta-ostalarientzako-dirulaguntzen-epea
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Suspertzeko PREK plana... gehiago

Azken ekitaldiak

donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-smart-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-guztiona-nekazaritzako-elikagaien-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
nekazaritzako-elikagaien-sektoreko-negozio-ereduak-klima-aldaketaren-ondorioz
«Hiria nekazaritzako elikagaien sistema gisa: hirien erronka handia hurrengo urteetarako.... más