logo ayuntamiento cabecera

Explorer “Ideiak dituzten gazteak” abian da, eta Donostian 17 proiektu ekintzaile izango dira

 

Talentu ekintzaile gaztea bultzatzeko eta ideia berritzaileak sortzeko Explorer programaren edizio berria abian jarri du Alkateordetzak, Donostiako Sustapenaren bitartez. Era guztietako 17 proposamen daude; tartean, esate baterako, supermerkatuan produktuak azkar aurkitzeko APP bat, gailu wereagarrientzat elikadura eta prozesamendu arazoari irtenbidea eskaintzen dion sistema edo musika-jaialdien zaleentzat esperientzia pertsonalizatuen programa. Hautatutako proiektuek prestakuntza-programa tinkoa jasoko dute; horietako batek, berriz, Silicon Valley-ra joateko bidaia irabaziko du, eta, han, nazioartekotze-arloko aholkularitza eta inbertsiogileekin harremanetan jartzeko aukera eskainiko zaizkio.

 

Alkateordea, Ernesto Gascok, ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “Exprorer programa emaitza oso onak ematen ari da gure hirian; gainera, urtero ekimen berritzaile berriak sortzen dira jende gaztearen artean, eta horrek esan nahi du tinko goazela ekintzailetza, talentua eta berrikuntza garatzeko hiri apropos bezala finkatzera. Esate baterako, Borja Cembrero iaz garaile izan zen Naiz Fit  aplikazioarekin, eta estatuan programa honetan bigarren lekuan geratu zen”.

 

Donostian, 2018ko urtarrilaren 30ean.- Explorer Space San Sebastián programak aste honetan harrera egin die datorren bost hilabetetan beren ideiak elkarlanean garatuko dituzten 23 ekintzaileri, Puntu Dendan kokaturiko coworking-erako espazioetan. Modu horretan, aholkularitza pertsonalizatua jasotzeaz gain, berrikuntzan eta negozio-ereduetan adituak direnekin prestatuko dira.

 

Explorer ‘Ideiak dituzten gazteak’programa Banco Santanderrek bultzatzen du Santander Universidades erakundearen bitartez, eta Santanderko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak (CISE) koordinatzen du. Programaren tokiko bazkidea da Donostiako Alkateordetza, Donostiako Sustapena sozietatearen bitartez, eta, edizio honetan, Explorer Space San Sebastián programako ekintzailetza onenari Silicon Valley-ra joateko saria emango dio, 60.000 euroko finantzaketa lortzeko aukerarekin batera.

 

Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Gipuzkoako lurralderako soilik Explorer programan zentro kolaboratzaile bezala parte hartzen duen zortzigarren edizioa da aurtengoa. Zinegotzigoak, Sustapenaren bitartez, apustu egin du ekintzailetza berritzailea eta bereziki oinarri teknologikoa duena bultzatzeko, eta Explorer  programa apustu horretan kokatzen da. Donostia aitzindaria izan zen Explorer programan, eta azken urteetan horrekin bat egin dute EKIN+ bezalako programak, hazteko potentzial handia duten ekintzailetza-proiektuak bizkortzeko; PUC programak, saltoki-eredu berritzaile berriekin lotura dutenak; eta berrikuntza-osagaiekin sortutako enpresa berrientzako laguntzak; edota sentsibilizatzeko ekitaldi eta jardunaldi ugari, besteak beste. Ekintzailetzarako jarritako aurrekontua urtero 800.000 eurotik gorakoa izaten da.

 

Prestakuntza eta baliozkotzea

Hautatutako gazteek honako hauen inguruko saio praktiko eta tailerretara joan ahal izango dute: design thinking, sormena, finantzak, lidergoa, marketinga edo komunikazio-trebetasunak –30 orduko prestakuntza espezializatua-; Explorer programaren sarea osatzen duten adituek emango dituzte. Aldi berean, proiektu bakoitzak borondatezko mentorearen laguntza pertsonalizatua izango du, esperientzia eta aholkularitza eskainiko baitie.

 

Explorer programak Lean Startup metodologia duen prestakuntza-ibilbidea garatzen du; horrela, negozio-eredu berriak bizkor sor daitezke, etengabeko berrikuntzaren eta baliozkotutako ikaskuntzaren printzipioak aplikatuta. 

 

Proiektu onenentzako finantzaketa

Prestakuntzako eta ideiagintzako bost hilabeteak amaitu ondoren, Explorer Space San Sebastián programan ondoen baloratutako proiektua duen gaztea Silicon Valley-ra joango da; hau da, berrikuntzan munduko erreferentea den lekura, eta, han, maisutasunezko klaseak jasoko ditu puntako enpresa teknologikoetan, nazioartekotzeko aholkularitzaz eta inbertsiogileekin harremanetan jartzeko aukeraz gain. Horrez gain, San Frantziskotik itzultzean, estatuko hiru sarietako bat lortu ahal izango du (30.000, 20.000 eta 10.000 euro), negozioaren garapena bizkortze aldera.

 

Explorer programa Santander X komunitate orokorrean sartzen da, eta Santander YUZZen bilakaera irudikatzen du; hots, aurreko zortzi ediziotan 4.200 gazte baino  gehiagoren ideiak bultzatu eta ehunka enpresa sortu dituen ekimena.

 



 

denda programa explorer fomentosansebastian contenido 

 

Produktu eta dieta osasungarriak identifikatzen dituen plataforma batek Silicon Valley-rako bidaia irabazi du Explorer Donostia programari esker.

 

Gailu mugikorretarako Dënda aplikazioak, zeinak informazioa ematen baitu produktu osasungarriak erosteko, eta jakiteko zer elikadura-jarraibide dituzten nutrizionistek, dietistek eta kirolariek, leku bat irabazi du Explorer programako beste 52 ekintzailerekin batera San Frantziskora bidaiatzeko. Explorer programa Banco Santanderrek bultzatzen du, Santander Universidades-en bidez, CISEren koordinazioarekin eta Donostiako alkateordetzaren laguntzarekin, Donostiako Sustapenaren bidez.

 

Proiektuak aurkezteko ekitaldiarekin amaitu da Donostian egin den programaren 2018ko edizioa. 22 ekintzailek laguntza, aholkuak eta trebakuntza jaso dituzte azken bost hilabeteetan, 16 proiektu garatzeko, Donostiako Sustapenaren laguntzari esker.

 

Ernesto Gasco alkateordeak adierazi zuenez, “Explorer programak argi erakusten du apustua egiten dugula hiriko talentu gaztearen eta ezagutzan oinarritutako proiektu ekintzaileak bultzatzearen alde. Bost hilabetez gaitasun eta jarrera ekintzaileak garatu dituzten 20 lagunek beren fruituak jaso dituzte, zalantzarik gabe. Proiektuok, gainera, Donostiako Sustapenak kudeatzen dituen gainerako programa eta laguntzetan sartu dira. Horrez gain, proiektu irabazleak aukera izango du Sillicon Valley bisitatzeko eta hango punta-puntako enpresa teknologikoekin elkarreraginean egoteko”.

 

Aplikazio irabazlea Andoni Martínez Talaveraren eta Eric Ruiz Moleroren ideia izan zen, ikusten zutelako gero eta zailagoa dela modu adimendun eta osasungarrian erostea, eta kontsumitzaileak gero eta desorientatuagoak daudela produktu osasungarriei dagokienez. Dëndarekin, erabiltzaileek nahi dituzten produktuak ezagutu eta erosi ahal izango dituzte, jakin ahal izango dute zer elikadura-mota duten nutrizionistek, dietistek eta kirolariek, eta beren elikaduraren berri eman ahal izango diote komunitate kontzientziatu bati. www.opendenda.com

 

Horrez gain, Teknologia Disruptiboko saria (unera arte zegoen teknologiarekin eten egin duena eta teknologia menperatzaile baten aurka lehian dagoena, merkatuan zabaltzeko helburuarekin) Mikel Gonzalez Michelenarentzat izan da, gailu eramangarriak elikatzeko eta prozesatzeko Wearable proiektuarengatik. Emakumeek guztiz edo partzialki sustatutako proiekturik hoberenaren mailan, saria Amaia Tolosa Ruizentzat izan da, laguntzazko metodologia berrietan oinarritutako haur eskolak sortzeko Kabia proiektuarengatik.

 

Komunitatea eta berrikuntza Silicon Valley-n

Dëndaren sortzaileek azaroaren 15ean bidaiatuko dute Silicon Valley-ra (Kalifornia), beste 52 ekintzaile gazterekin batera (programak Espainia osoan, Argentinan eta Portugalen duen Explorer Space bakoitzetik bat), eta, elkarrekin, munduko teknologia- eta berrikuntza-ekosistema nagusia ezagutuko dute. San Frantzisko eta inguru horietako bidaiaren barruan, maisu-eskolak hartuko dituzte, besteak beste, Standford eta Berkeley unibertsitateetan, harremanetan egongo dira inbertitzaileekin, eta puntako enpresa teknologikoak bisitatuko dituzte, hala nola Google, Facebook, LinkedIn eta Airbnb.

 

Esperientzia horren helburua da gazte ekintzaileak inspiratzea eta bultzatzea beren startup-ak azkarrago garatu ditzaten. Horretarako, loturak emango zaizkie, beren proiektuak nazioarteratu ditzaten eta finantzaketa bilatu dezaten. Aldi berean, maila pertsonalean zein profesionalean sinergia oso aberasgarriak sortzen dituen komunitate bat sortzen da.

 

Bidaiatik itzultzean, 53 gazteak Boadilla del Monteko Ciudad Grupo Santanderrera joango dira. Han, Banco Santanderreko, CISEko eta erakunde kolaboratzaileetako ordezkariek osatutako epaimahaiak Explorer 2018ko irabazle nazionalak hautatuko ditu. Hiru ekintzaile onenek diru-kopuru bat jasoko dute (30.000, 20.000 eta 10.000 euro) beren proiektuak bizkortu ditzaten.

 

Donostiako Sustapena talentua erakartzeko, bertan geratzeko eta bultzatzezko estrategiaren barruan ari da parte hartzen Explorer programan. Estrategia horretan, zenbait tresna jorratzen dira, hala nola Talentuaren Itzulera laguntzak eta Egoitzak programa, zeinak Donostian proiektu berritzaileak ezar daitezen sustatzen baitu. Ekin+ estrategia horretako beste programa bat da, eta Explorerren parte hartu dutenei balio diezaieke beren proiektua martxan jartzen aurrera egiteko.

 

Azken berriak

donostiako-udalak-online-bidezko-prestakuntza-eta-aholkularitza-programa-oso-bat-jarri-du-enpresentzat-bere-ekonomia-suspertzeko-planaren-bidez
Online prestakuntzako eta aholkularitzako doako saioak eskaintzen ditu, hiriko... gehiago
ireki-da-establezimendu-txikiek-saltokien-online-plataforman-eta-erosketa-abonuetan-izena-emateko-epea
Donostiako Udalak epea ireki du hiriko establezimendu txikiek izena doan eman... gehiago
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-surf-city-klusterreko-enpresei-laguntzen
Jada irekita dago laguntza eta zerbitzu guztiak kudeatzen dituen Donostia... gehiago
astelehenean-zabalduko-da-donostiako-merkatari-eta-ostalarientzako-dirulaguntzen-epea
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Ekonomia Suspertzeko PREK plana... gehiago

Azken ekitaldiak

donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-donostia-smart-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
donostiako-ekonomia-suspertzeko-plana-prek-guztiona-nekazaritzako-elikagaien-klusterreko-enpresei-laguntzen
Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bidez, Krisiaren aurkako Plan Ekonomikoa (PREK) jarri du abian.... más
nekazaritzako-elikagaien-sektoreko-negozio-ereduak-klima-aldaketaren-ondorioz
«Hiria nekazaritzako elikagaien sistema gisa: hirien erronka handia hurrengo urteetarako.... más