logo ayuntamiento cabecera

DonostiaEkin edizio berria, Donostiako ekintzailearen egunea

Donostiako Alkatetzak, Donostiako Sustapenaren bitartez, berriro antolatu du DonostiaEkin eguna, abenduaren 14rako, osteguna; ekintzailetzaren inguruko jardunaldia izango da, eta bereziki ekintzaile askok hirian garatzen duten ekimena eta horren balioa aitortzea du helburu. Egun horretarako antolatutako jardueren artean, karpa bat jarriko da Gipuzkoa plazan; bertako ekintzaileen proiektu berritzaileak erakutsi, Pop Up Commerce (PUC) programako proiektuen azken aurkezpena egingo da eta urteko proiektu ekintzaile onenaren saria emango da karpa horretan; aurten, NaizFit aplikazioa sortu duten Borja Cembrerok eta Sara Lopezek jasoko dute saria. Aplikazio horrek balio du neurri zehatza jakiteko, arropa online erosten dugunean.

 

Honako adierazpenak egin zituen Ernesto Gasco alkateordeak: “ekintzaileak funtsezko aktiboak dira eta, benetan, balio erantsia ematen diote hiri honi. Benetan ekimen eta jarrera ekintzaile garrantzitsua dago Donostian; negozio berriak sortu nahi dituen jende asko dago, ez gazteak bakarrik, baizik eta baita esperientzia eta ibilbide profesional handiko jendea ere. Horrek guztiak aprobetxatu beharreko eta ekimen publikotik babestu beharreko erronka eta aukera planteatzen digu. Proiektu berritzaileak dituztenentzat modu jarraituan programak eta laguntzak egokitzearen aldekoa da gure apustua, hiriaren apustu estrategiko gisa, baina baita enplegua lortzeko bide baten bila ari direnei lagun egiteko ere. Jardunaldi hau konpromiso horren erakusle da, eta ekitea bezalako bide gogorraren alde egiten duten pertsona horienganako gure esker-ona adierazteko modua.”

 

Urteen poderioz indarra hartu duen ekimena da DonostiaEkin; Donostiako Sustapena sozietateak urtean zehar beren ideia eta proiektu ekintzaileak bultzatzeko Sustapenaren laguntza izan duten pertsona guztienganako esker-ona erakusteko jardunaldia. Proiektu horiei ikusgarritasuna ematea, publizitatea ematea eta jendartearekin konektatzeko espazioak lortzea da helburua eta, era berean, beren negozio-proposamenak ebaluatzeko aukera ematen die.

 

Helburu horixe da aurtengoa ere, eta karpa bat jarriko da aurten Gipuzkoa plazan, PuntuDenda egoitza dagoen tokian; ekintzaileei laguntzeko programak garatzen dira han – PUC, esaterako–, eta proiektuen erakusketa egingo da kanpoaldean. 10:00etatik 14:00etara, eta 15:00etatik 19:00etara egongo da irekita karpa hori.

 

Espazio horretan informazio-gune bat jarriko da; Sustapenak eskaintzen dituen baliabideen berri emango da, ideiak dituzten pertsonek ideia horiek enpresa-proiektu bihurtu arte jarraitu beharreko ibilbidea azalduko da, bai eta oinarri teknologikoko ekintzaileentzako Explorer programa berriaren gakoak ere (lehengo YUZZ). Santander bankuak bultzatzen du programa berri hori, CISE bere fundazioaren bitartez, eta Donostiako Sustapenak koordinatzen du toki mailan.

 

Gipuzkoa plazako karpan ondorengo proiektuak egongo dira ikusgai:

DENA TOYS: Jostailu seguru, dibertigarri eta sortzaileen fabrikazioa eta salmenta. http://www.denatoys.com

NARU INTELLIGENCE SOLUTIONS: Biomedikuntzarako Big Data soluzioak. https://www.naruintelligence.com

NUAVIS TECHNOLOGY: Industriarako ikusmen artifiziala, errealitate birtuala eta areagotua. http://www.nuavis.com/technology 

DARK BURGUER: Artisau erako kalitatezko hanburgesak. https://www.thedarkburger.com

VIROTEKV: Eski-pistetarako eguzki-babeserako sistema (eguzkitarako krema). http://virotek.eu

SNOWSHARK: Elurretarako bizikletak.

UGARRI: Muralismoa, sistema grafikoa. Komertzioei laguntzeko sistema

VOI: Bideoak editatzeko webgunea

 

Proiektuen jendaurreko erakusketa horretaz gain, eskoletako gaztetxoentzako eta ikasleentzako ekintzailetzarekin lotutako tailerrak eskainiko dira, ekiteko funtsezko kontzeptuak haiei gerturatzeko eta adibide praktikoak ezagutarazteko helburuz.

 

Goizean zehar, Gipuzkoa plazan bertan, baina PuntuDendan, Pop Up Commerce programako proiektu ekintzaileen erakusketa irekia jarriko da; programa hori batez ere merkataritzaren sektorearekin lotutako eredu berritzaileetan oinarritutako ideia ekintzaileak babesteko eta bultzatzeko programa da. Erakusketa horrekin, amaierako pitching batekin, emango zaio amaiera programaren hirugarren edizio honi, eta 2017ko ideiarik onena aukeratuko da.

 

TechTalks saio batekin amaituko da aurtengo jardunaldia; bigarren edizio honetan, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerei buruzko eztabaida eskaintzea bilatzen jarraituko du, kasu honetan, eta DonostiaEkin egunarekin bat eginez, nola sor ditzaketen ideia ekintzaile berriak teknologia berri horiek. Hitzaldiaren muina adimen artifizialaren gakoak eta aukerak izango dira, adimen horren aplikazioak, erabilera errealak eta, beren produktuak garatzerakoan, ekintzaileei eskaintzen dizkieten aukerak”. 19:00etan izango da hori, Donostiako Mimo espazioan (Okendo kalea 1, Maria Cristina hotelaren etxabean; https://sansebastian.mimofood.com/es); honako hauek osatuko dute mahai-ingurua:

  • Juan Aviles, Adimen Artifizialean aditua. IBM España.
  • Unai Martinez, ‘machine learning’ean espezializatutako Skootik Mobile Technologies enpresa donostiarreko CEOa.
  • Xabier Garcia de Kortazar, Teknologiaren Transferentzian aditua. Vicomtech-IK4.
  • Moderatzailea: Enrique Rodal, teknologia berrietan espezializatutako kazetaria.

 

Saio horren hasieran, urteko proiektu ekintzaile onenaren saria emango zaio Naizfit proiektuari, online bidez arropa erosterakoan norbere neurria kalkulatzeko garatu duen aplikazioagatik. Sustapenak YUZZ programaren bitartez bultzatutako oinarri teknologikoko proiektua da, dagoeneko hainbat sari jaso dituena (besteak beste, Donostiako irabazlea izan zen programa horren barruan, eta bigarrena Estatu mailan). Saio horretarako plazak mugatuak dira; egin eskabidea hemen: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

 

EKINTZAILETZARI LAGUNTZEA

Azkeneko urteotan, DonostiaUP! Planaren bitartez, Donostiako Sustapenak ahalegin berezia egin du pertsona ekintzaileei laguntzeko; modu egonkorrean eutsi die laguntzei eta zerbitzuei, ehunka enpresa sortzen laguntzea eta pertsonen gaitasuna hobetzea ahalbidetuz, baina baita izaera berritzaileko programa berriak sortuz ere. Programa horiek ideiak konektatzeko eta proiektuak azeleratzeko balio dute, berrikuntzaranzko eta etorkizuneko sektoreetaranzko orientazioa indartuz eta, azken batean, Donostiako potentzial ekintzaile osoari irteera ematea bilatzen duen apustu integrala garatuz.

 

Gazteen aldeko apustuak ere leku garrantzitsua hartzen du, berariazko ekimen, ekintza eta programekin, sentsibilizazioa eta trebakuntza landuz, eta ekintzaile gazteei lehenengo urratsak ematen lagunduz.

 

Oro har, ekintzailetzaren aldeko apustuan 800.000 euro inguruko inbertsioa egin da, Sustapenak lan-ildo ezberdinetan egituratzen duena. Enpresak sortzeko laguntzez – oraindik indarrean– eta ekintzaileen arretarako zerbitzu orokorrez (ibilbideak) gain, Donostiako Sustapenak martxan ditu une honetan, ekintzailetzarekin lotutako zenbait programa:

 

Pop Up Commerce (PUC): tokiko merkataritzan ezar daitezkeen ideia berritzaileak garatzeko proiektuen haztegia. Zortzi asteko trebakuntza eskaintzen du; banan-banako tutoretza, taldekako lana eta Open Commerce jardunaldiak konbinatzen dira; azken saio horietan, hirian erreferente diren negozioen ekintzailetzako eta berrikuntzako esperientziak ezagutzen dituzte parte-hartzaileek. Tokiko merkataritzan ondo etor daitezkeen bestelako negozio-ideiak dituzten pertsonei zuzenduta dago, bai eta dagoeneko martxan dagoen negozioa izanik, negozio hori irauli nahi dutenei ere. Merkataritzako era guztietako ideia ezberdinak bilatzen dira, sektore ezberdinetakoak eta garapen-fase ezberdinetan daudenak. Hilaren 14an, aurtengo edizioko sei parte-hartzaileek beren proiektuak erakutsiko dituzte Gipuzkoa plazako arkupeetan, PuntuDendaren instalazioen parean. Une honetan, ondorengo proiektuak dira programa horretan parte hartzen dutenak:

  • ANIMAL FEELING Ingurumena, natura eta animaliak zaintzearen inguruan kontzientziatzea, arropa eta osagarri linea baten bitartez.
  • DAVIDI DÚ Hiru osagarri-linearen ekoizpena eta merkaturatzea: goi-mailako joskintzako kapeluak eta burugainekoak (alokairuan eta salmentan), egunero erabiltzeko moduko kapeluak eta burugainekoak (burugainekoak eta turbanak) eta gizonezkoentzako kapeluak eta osagarriak (tximeleta-begiztak eta tiranteak).
  • ALLWAYS Turismo-gidari zerbitzuak, gertaera historikoetan eta itsasoarekin lotutakoetan oinarritutako eskaintzarekin
  • EGOKI STUDIO Komertzioetarako zerbitzuen diseinua eta merkaturatzea, google tresnen eta eratorritako zerbitzuen (erakusleiho birtuala, argazkiak eta web diseinua) optimizazioan oinarritua, sarean ikusgarritasuna lortzeko.
  • LALOCADELACASA Joskintza tradizionalean oinarritutako hiru negoziolinearen ekoizpena eta merkaturatzea. Ikuspegi terapeutikoko tailer-linea bat, materialak merkaturatzeko linea bat, eta joskintza tradizionalean oinarritutako osagarrien ekoizpeneko linea bat, kalitate handiko material etnikoekin.
  • THE GARTENER Espazio birtual bat sortzea –eta etorkizunean fisikoa– hasten ari diren artistei beren lanak erakusteko eta merkaturatzeko aukera emango dien plataforma baten bitartez.

 

Ekin+ Programa: Proiektu berritzaileen azelerazio-prozesu intentsiboa eskaintzen du, Donostiako Sustapena sozietatearen eta hirian erreferente diren enpresen eskutik. Donostiako Sustapenak kontrastatutako negozio-plan bideragarria duten proiektuetarako pentsatuta dago, eta proiektu bakoitzeko 10.000 euro arteko laguntza ekonomikoa jaso dezakete; gainera, lehentasuna izango dute banku-finantzazioa lortzeko, Sustapenak eta Elkargi SGRk partekatzen duten Abalen Funtsaren bitartez, bai eta inbertsio pribatuko funtsak eskuratzeko ere –Keiretsu taldearekin batera sustatutakoa kasu–. Horrez guztiaz gain, tutoretza-zerbitzua, adituen saioak eta esperientziadun enpresen babesa eskaintzen zaie.

 

Explorer ekintzailetza-programa (lehen YUZZ): Donostiako Sustapenak, programa horren Donostiako zentro ofiziala den aldetik, ideia berritzaileak dituzten gazte donostiarrekin lan egiten du ekintzailetzaren esparruan. Oinarri teknologikoko ideietan oinarritutako negozio-planak prestatzeko laguntza, trebakuntza eta aholkularitza ematen du bost hilabetez. Aurreko sei edizioetan, ehun gazte ekintzailek baino gehiagok hartu du parte Donostian. Trebakuntzako eta laguntzako prozesua amaitu ondoren, Donostiako ekintzaile onenak Silicon Valleyrako bidaia bat irabaziko du, han finantzazio-foroetara sartzeko aukera izango duelarik, nazioarteko kontaktuak egitekoa, etab. Programa horretatik sortu zen, hain zuzen ere, NaizFit, Donostiako Sustapenak ematen duen urteko ekintzaile onenaren saria eskuratu duena aurten. Une honetan, irekita dago Explorer ekintzailetza-programaren edizio berrirako deialdia.

 

 

Laguntza ekonomikoak

ESKA EZAZU DIRU-LAGUNTZA ONLINE


LAGUNTZA EKONOMIKOAK


PROGRAMAK


ZERBITZUAK


BEKAK


PROGRAMA AIPAGARRIAK



Donostia-San Sebastián UP! 2019

9,5 milioi euroko aurrekontuarekin, Donostiako Alkateordetzak, Donostia UP! 2019 Planaren bitartez, Donostiako Sustapenak gauzatuta, berriro ere abian jarri ditu epe ertainera eta luzera aplikatu beharreko neurriak, giza kapitala, enpresen lehiakortasuna eta lurralde-kohesioa bezalako kontzeptuen inguruko estrategiaren zati bezala ...

GEHIAGO IRAKURRI

Azken berriak

smartkalea-proiektuak-altzan-hondakinak-murriztea-lortu-du
Azterketa batek egiaztatu du zigarro-mutxikinek %12 behera egin dutela. Donostia... gehiago
donostian-2019an-egingo-den-gabonetako-merkatuan-parte-hartzeko-inskripzio-epea-ireki-da
Beste urte batez, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren... gehiago
donostia-sustapenak-osasun-arloko-berrikuntza-aztertzen-du
Ekainaren 19an Turinen e_Health & Ecosystems Mintegia antolatu zen, Interreg... gehiago
errealitate-birtuala-duen-arkitektura-enpresa-batek-silicon-valley-rako-bidaia-irabazi-du-explorer-donostia-programaren-bidez
Unai Arejulak, Ion Vianezek eta Beñat Arejulak osatutako talde batek San... gehiago

Azken ekitaldiak

zure-ahaleginak-errentagarri-egiten-ditu-interneten
Jardunaldia 2019/07/03 | Gure negozioa digitalizatzeko eta hobetzeko teoria ezagutzen dugu, eta... más
zortzi-proiektu-hautatu-dira-negozio-berritzaileen-puc-programan-parte-hartzeko-donostiako-merkataritza-sektorean
Astelehenean, hilak 17, PUC, Pop Up Comerce programa abian jarri zen, Gipuzkoa Plazako Puntu Dendan... más
sortu-zure-diseinuak-canvarekin
Tailer 2019/07/03 | Tailer praktico. Tailer praktiko Donostiako Sustapenak hiriko merkataritzari... más
FacebookTwitterLinkedin