Donostiaren garapen sozioekonomikoa lortzeko, sorburutik beretik, berrikuntza dugu oinarri.
Izan ere, Donostia da Espainia osoan garapen eta bizi kalitate indize altueneko lurraldeetako bat, Europako lurralde aurreratuenen pare. Eta gure eguneroko bizimoduan eta jardunean, ez ditugu ahazten baliabide gutxi dituzten eta egoera zailean dauden kolektiboak. Hala, duela mende bat ekonomia bultzatzeko hotel bat, kasino bat, bainuetxe bat edo hipodromo bat martxan jarri genituen moduan, orain hiriaren eraldaketa teknologikoa bultzatzen dugu, herritarren bizi kalitatea hobetzeko.Behin baino gehiagotan entzungo diguzu esaten gure lehentasunezko helburuetako bat dela talentua sustatzea, hori hirira erakartzea, eta talentua duten pertsonek hazi ahal izango diren enpresa-proiektuetan garatzeko aukera izatea. Horixe baita benetan axola zaiguna.
Transferentzia teknologikoa sustatzeko lanean ari gara halaber. Izan ere, garai batean Kursaal kasinoa, Maria Cristina hotela edo La Perla bainuetxea hiriko bandera-ontziak izan ziren; gaur egun, berriz, toki hori betetzen dutenak Tecnun, Vicomtech. Tecnalia, Biodonostia, CIC NanoGUNE eta CIC BiomaGUNE bezalako enpresak dira gure hiria munduan kokatzen laguntzen dutenak.Horregatik, aspaldidanik partaidetza aktiboa dugu nazioarteko sare eta lankidetza proiektu garrantzitsuetan, eta hiriko enpresek nazioartekotzeko aukerak izan ditzaten egiten dugu lan.
Gure nazioartekotze beken bitartez, unibertsitate titulazioa edo lanbide heziketakoa duten gazteek atzerrian egin ditzakete praktikak, duten profil akademiko eta profesionalari lotutako jarduera eta proiektuetan. Horrela, beken onuradunek egiten duten ahaleginari esker, gure hiria mundu osoan ezagun egiten dute. Talent House eraikina bezalako azpiegiturak ditugu, talentua erakartzea eta ezagutza zabaltzea ahalbidetzen dutenak. Horien bitartez, goi mailako ikertzaileak erakartzeko eta Donostiako komunitate zientifikoa are handiagoa izateko lan egiten dugu.Gure zerbitzuak enpresei, langabezian dauden pertsonei eta ekiteko interesa dutenei arreta ematera daude bideratuta. Horixe dugu lehentasuna, zalantzarik gabe.
Hala, gorabidean diren 1.346 enpresa (startup) finkatzen lagundu dugu; 789 enpresak gure laguntza dute, eta 8.100 pertsona baino gehiagok Donostia Sustapenari esker hobetu dituzte bere lan aukerak. Donostiak 7.369 milioi euroko BPGd-a eta 18.500 enpresa ditu, horietatik % 92 zerbitzuen sektorean. Datu adierazgarriak ditugu, era berean, hiriko 188.100 biztanleetatik % 40 gradudunak direla, eta % 9,3 langabezian daudela.Gure lehentasunetako bat sektore tradizionalen, esaterako merkataritzaren, trantsizio digitala bultzatzea da.
Ildo horretatik zenbait proiektu ari gara garatzen, DSS Market Plaza plataforma, esaterako. Horien helburu nagusia berrikuntzatik digitalizazio prozesuak sustatzea da; horretarako, gaikuntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen dugu, eta tokiko saltokietan tresna eta soluzio teknologikoak ezartzen laguntzen dugu. Horrela, tokiko saltokiek eraldaketa digitala gauzatu eta gaitasun eta trebetasun digitalak eskura ditzaten egiten dugu lan. Plataforma hori (Donostiako merkataritzaren online denda handiena) digitalizazioa bultzatzeko Proiektu Publiko Onena izan da, hiriko merkataritzaren sektorea digitalizatzeari emandako bultzadagatik.