Zeure kontura lan egitea edo Donostian negozio bat sortzea erabaki duzu? Hala bada, 4.000 € ere eskaintzen dizkizugu zeure enpresa sortzeko. Lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten pertsonek laguntza handiagoak izango dituzte. Irakurri arretaz oinarriak osorik.
- NORK JASO DITZAKE LAGUNTZA HAUEK?
2022an sortutako enpresek, baldin eta helbide fiskala Donostian badute eta Gizarte Segurantzan gutxienez beste alta bat sortu badute.
- ZEIN DA LAGUNTZA ESKATZEKO EPEA?
Laguntza hauek argitaratu aurretik eman bazenion alta zure enpresari ekonomia jardueren gaineko zergan, 2 hilabeteko epea izango duzu eskabidea aurkezteko. Aldiz, zure enpresa laguntza hauek argitaratu ondoren sortu bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emandako eguna izango da zure erreferentzia, eta 2 hilabete izango dituzu data horretatik, betiere 2022/12/31 baino lehen.
- ZERTARAKO DIRA LAGUNTZA HAUEK ETA ZER HELBURU DUTE?
Laguntza deialdi honen xedea da Donostian sortutako enpresei babesa ematea, betiere lanpostu berriak sortu badituzte bai beren kontura, bai autonomo gisa, bai kontratazio bidez, eta, bereziki, Donostia Sustapenaren zerbitzu eta programen bidez garatu badituzten beren enpresa proiektuak. Laguntza hauek emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasuna sustatzen dute, eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektiboak gizarteratzen laguntzen dute.
Horregatik, laguntza berezia jasoko duzu, baldin eta zure enpresak:
- Donostia Sustapenaren ekintzailetza zerbitzu eta/edo programetako batean parte hartu badu.
- Emakumeek, 45 urtetik gorakoek edo 35 urtetik beherakoek sustatzen badute enpresa.
- Kalean bertan dagoen merkataritza lokal bat okupatzen badu, hirian hutsik dauden lokal gehien dauden eremuetan.
- Donostia Sustapenaren enpresa zentroren batean dago.
- DSS Market Plaza plataforman parte hartzen ari bada.
- Enpresa proiektu berritzailea bada.
- ZER GASTU LAGUNTZEN DIRA DIRUZ?
Zure enpresa martxan jartzeko egiten dituzun gastuak lagunduko dira diruz. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 4.000 € da enpresa bakoitzeko.
Laguntzeko moduko gastuen artean sartzen dira zure enpresa martxan ipintzeko lehenengo hilabeteetan beharrezkoak direnak. Jaso ahal izateko, ekonomia jardueren gaineko zergan alta eman baino bi hilabete lehenago eta alta eman eta hurrengo hamabi hilabeteen barruan egin behar duzu ordainketa edo erosketa.
Hona hemen diruz lagundutako gastuetako batzuk:
- Inbertsioak. Leasing bidez zerbait erosi baduzu, kuotak diruz lagundu ahal izango dira (interesik gabeak).
- Ibilgailuak erostea, zure jarduera ekonomikorako direla frogatzen baduzu.
- Zure enpresaren lokala egokitzeko edo birgaitzeko obrak.
- Enpresa eratzeko gastuak (irekiera lizentzia, jarduera lizentzia, notaritzako edo merkataritza erregistroko gastuak, edo zure negozioa abian jartzeko nahitaezko tasak).
- Patenteak, erabilgarritasun modeloak, markak eta diseinu industrialak izapidetzeko eta lortzeko gastuak.
- Jarduerari berari lotutako prestakuntza gastuak edo gaitasunak hobetzeko gastuak.
- Autonomo gisa Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuotak.
- Zure langileen nominak eta gizarte aseguruak.
- Zure proiektuaren komunikazio gastuak. Horietan sar ditzakezu publizitate kanpainak, web orriaren diseinua, sare sozialena...
- Lehendik dauden enpresak erostea, jarduerarekin jarraitu ahal izateko.
- Higiezinak alokatzea zure jarduera ekonomikorako. Ez dira onartuko alokairu kontratuak, jabea zu zeu edo zure bazkidea izanez gero, eta ez da onartuko, orobat, bigarren mailara arteko senide bat izatea ere (gurasoak, aita-amaginarrebak, seme-alabak, suhi-errainak, aitona-amonak, anai-arrebak, bilobak, koinatu-koinatak).
Gastu hauek ezingo dute jaso dirulaguntzarik:
- Merkaturatuko dituzun produktuak sortzeko merkataritza produktuak edo lehengaiak, eta laginak egiteko edo ekoizteko produktuak.
- Bulegoko materiala.
- Hornidurak (argia, ura...).
- Joan-etorrietarako eta ostatu hartzeko gastuak, edo bestelako edozer dieta.
- Eguneroko zerga eta kontabilitate obligazioak eramateko aholkularitza (fiskala, laborala, kontabilitatekoa, juridikoa edo administratiboa).
- BEZa edo gainerako zeharkako zergak.
- Fidantzak edo gordailuak, abalen gastuak eta higiezin agentzien gastuak, alokairuen kasuan.
Kontuan izan justifikaziorako ez direla kontuan hartuko 100 eurotik beherako fakturak eta dokumentuak zergarik gabe.
Autonomoen kuoten kasuan, laguntzen dira diruz, edozein dela ere zenbatekoa. Kreditu edo zordunketa txartelarekin, banku transferentziarekin edo helbideratze ordainagiriarekin egindako ordainketen egiaztagiriak bakarrik onartuko dira. Ez da onartuko eskudiruzko ordainketarik, ezta Bizum edo merkatuan ager daitekeen bestelako tresna/aplikazio bidez egindakorik ere.
- ZER LAGUNTZA JASO DITZAKET?
2022an sortutako enpresentzat, oinarrizko bi laguntza zenbateko emango dira:
- 1.500 €, proiektuak Donostia Sustapeneko zerbitzu eta/edo programetan landu dituzten enpresentzat, proposatutako ibilbideak osatuz.
- 750 € gainerako enpresentzat.
Donostia Sustapenak egiaztatuko du sortutako enpresak edo sustatzaileek zerbitzu eta programa horietan parte hartu dutela.
Zenbait baldintza betetzen badituzu, igoera batzuk ere izan ditzakezu:
- 250 €, emakume ekintzailea bazara (edo emakumezko bazkide bat baduzu) edo zu edo zure bazkidea lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoak dituen kolektibo bateko kide bazarete (45 urtetik gorakoa edo 35 urtetik beherakoa).
- 1.250 €, zure merkataritza lokala Donostia Ekialdeko Barrutian (Altza, Intxaurrondo eta Mirakruz-Bidebieta), Egian, Loiolan, Martutenen, Amara Berrin eta San Bartolome inguruan badago (San Bartolome, Lersundi Jenerala, Marina, Blas de Lezo, Triunfo, Manterola, Zubieta eta San Martin kaleak, azken hori 35. zenbakitik 61.era bitartean, bakoitietan, eta 46. zenbakitik 68.era bikoitietan), edo zure enpresa Donostia Sustapenaren enpresa zentroren batean badago.
- 250 € zure enpresak salmenta digitalaren aldeko apustua egin badu eta DSS Market Plaza plataforman parte hartzen badu (stockean gutxienez 10 produkturekin).
- 750 €, zure enpresak berritzailetzat jotzen den proiekturen bat badu (ezarritako irizpideen arabera).
Igoera horiek gehienez 4.000 €-koak izan daitezke, eta eskaera bakarra aurkez daiteke enpresa bakoitzeko.
- ZER BALDINTZA BETE BEHAR DITUT LAGUNTZA HORI JASOTZEKO?
Deialdian parte hartzeko, baldintza hauek bete behar dituzu:
- Donostian izatea zure jardueraren zerga egoitza eta lantokia. Pertsona fisikoa edo sozietate zibila bazara, beste helbide sozial eta fiskal bat eduki ahal izango duzu, baldin eta behar adina ebidentzia badituzu zure jarduera Donostian gauzatzen duzula frogatzeko.
- 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean sortua izatea zure enpresa eta aldi horretan ematea alta ekonomia jardueren gaineko zergan edo zentsu aitorpenean (abeltzaintza, nekazaritza, basogintza, arrantza eta abar).
- Zu edo zure enpresa ez egotea alta emanda jarduera berean edo antzekoan ekonomia jardueren gaineko zergan, laguntza hau eskatzen duzun enpresa sortu aurreko sei hilabeteetan.
- Zure enpresa ez sortzea lehendik martxan zegoen enpresa baten forma juridikoa aldatzearen ondorioz.
- 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean gutxienez alta berri bat izatea Gizarte Segurantzan.
- Enpresa eratu aurretik, zuk edo zure bazkideak Donostia Sustapenaren prestakuntza amaitu izana. Hala ere, zure negozio eredua ezagutzen duzula egiaztatzen baduzu (ikasketengatik edo prestakuntzagatik, zure esperientziagatik edo dagoeneko baduzulako enpresa plan bat), Donostia Sustapenak aitor dezake ez dela beharrezkoa zuk prestakuntza hori egitea. Enpresa planak, gutxienez, alderdi hauek identifikatu beharko ditu: talde sustatzailea, negozio ideia, merkatu analisia, AMIA analisia, balio proposamena, merkataritza estrategia, gastuak, inbertsioak, errentagarritasun atalasea eta finantzaketa.
- Pertsona juridikoa bazara, baldintza hauek bete beharko dituzu:
- Zure aktiboa ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa, edo zure eragiketa bolumena ez izatea 10 milioi eurotik gorakoa.
- Zure batez besteko plantilla ez iristea 50 pertsonara (batezbestekoa kalkulatzeko, urtebetean lanaldi osoz aritutako langileak hartuko dira kontuan).
- Ez izatea aurreko lehen eta bigarren puntuetan aurreikusitako eskakizunen bat betetzen ez duen enpresen % 25etik gorako partaidetzarik, ez zuzenean, ez zeharka.
- Erakundea Merkataritza Kodearen 42. artikuluaren arabera sozietate talde bateko kide bada, aktiboak eta batez besteko plantillak taldeko erakunde guztiei egingo die erreferentzia. Aktiboak eta eragiketa bolumen osoa zenbatzeko, Merkataritza Kodearen 46. artikuluan eta hura garatzeko araudietan aurreikusitako eliminazioak hartuko dira kontuan.
- NOLA ETA NOIZ AURKEZ DEZAKET ESKAERA?
Laguntza hauek argitaratu aurretik eman bazenion alta zure enpresari ekonomia jardueren gaineko zergan, 2 hilabeteko epea izango duzu eskabidea aurkezteko. Aldiz, zure enpresa laguntza hauek argitaratu ondoren sortu bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emandako eguna izango da zure erreferentzia, eta 2 hilabete izango dituzu data horretatik, betiere 2022/12/31 baino lehen.
Eskabideak erregistro ordenaren arabera jasoko dira, harik eta partida agortu arte.
Eskabidea web orri honen bidez aurkeztu behar duzu, eta eranskinak ere erabat beteta eta sinatuta kargatu beharko dituzu. Hona hemen aurkeztu beharreko eranskinen zerrenda:
ERANSKINAK
1
Eskabidea (sinadura elektronikoa behar du).
2
Enpresa eskatzailearen banku datuak, banku erakundearen zigiluarekin edo banku agiri baliokidearekin (titulartasun ziurtagiria).
3
Finantza memoria, fakturak eta ordainketa egiaztagiriak erantsita.
4
Berrikuntza proiektuaren memoria (gehikuntza hori eskatuz gero soilik)
ENPRESAREN DOKUMENTUAK
5
Enpresa eskatzailearen IFK
6
Pertsona juridikoa bada, eratze eskritura edo agiriak, estatutuak edo sortze akta –agiri horietan, jarduera arautzen duten arauak jasoko dira–, dagokion erregistro publikoan behar bezala inskribatuta, kasuan-kasuan pertsona juridiko motaren arabera.
7
Nortasun juridiko propiorik gabeko sozietate zibila izanez gero, Foru Ogasunak zigilatutako kontratu pribatua sartu behar da.
8
Enpresak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dauzkala egiaztatzen duen dokumentazioa.
9
Fakturen eta ordainagirien kopia, 5. artikuluan zehaztutakoaren arabera. (Dokumentu horiek eskabidea egiten den unean edo justifikatzen den unean aurkeztu ahal izango dira).
10
Kontratu mugagabearekin kontratatutako pertsonen kontratuaren kopia, baldin eta enplegua sortzeko baldintza enpresari lotutako langileak kontratatzearen ondorio bada.
BAZKIDEEN DOKUMENTUAK
11
Eskatzailearen eta laguntza jaso nahi duten gainerako bazkideen NANa.
12
Laguntza jaso nahi duen enplegua sortzeko baldintza betetzen duen sustatzailearen lan bizitza, edo dagokion mutualitatean alta ematearen kopia, elkargokide diren profesionalen kasuan.
13
Donostia Sustapenak eskainitako prestakuntza egitetik salbuetsita dagoela egiaztatu behar bada:
- Ikasketa/prestakuntzagatik, titulu akademikoak aurkeztu beharko dira.
- Esperientziagatik, lan bizitza aurkeztu beharko da, erantzukizunpeko adierazpen batekin batera. Adierazpen horretan, eskuratutako esperientzia eta esperientzia zein enpresatan lortu zen adieraziko da.
- Enpresa planagatik, oinarri hauetako 4. artikuluan adierazitako gutxieneko edukia duen enpresa plana aurkeztu beharko da.
GEHIKUNTZAK EGIAZTATZEKO DOKUMENTUAK
14
Alokairuaren gehikuntzarako: errentamendu kontratua, bi aldeek behar bezala sinatua. (Donostia Sustapenaren enpresa zentroetan diharduten enpresei izan ezik).
2018az geroztik Donostia Sustapenaren laguntzaren bat eskatu baduzu, ez duzu berriro aurkeztu beharrik izango hemen eskatzen zaizun dokumentazioa, betiere agiriok indarrean jarraitzen badute eta zure datuak ez badira aldatu.
- NOIZ JAKINGO DUT LAGUNTZA JASOKO DUDAN ALA EZ?
Erantzuna hiru hilabetean jasoko duzu, eskaera aurkezten duzun egunetik zenbatzen hasita. Halere, epe horretan ezer jakinarazten ez badizugu, ez du esan nahi laguntza jasotzeko eskubidea duzunik.
Posta elektronikoz jakinaraziko dizugu onartu edo ukatu egin zaizun laguntza. Horretaz gainera, onuradunen zerrenda argitaratuko da.
Laguntza emateko, eskatzen zaizun nahitaezko dokumentazioa berrikusiko dugu. Baina ez dugu zertan berrikusi zuk aurkeztutako beste edozein dokumentazio, guk eskatua ez bada.
Aurreikusitako gehikuntzak lortu nahi badituzu, zeuk adierazi behar duzu zer igoera lortu nahi dituzun. Donostia Sustapenak erabakiko du horretarako baldintzak betetzen dituzun ala ez. Alabaina, ez gara egongo behartuta zure eskabidearen eranskinean adierazi ez duzun gehikuntzarik jasotzera.
Zure proiektua berritzailea den ala ez balioestea nahi baduzu, bi aukera dituzu:
- 2020an, 2021ean edo 2022an Ekin+, Habia, Explorer edo Donostia Sustapenaren potentzial handiko ekintzailetza bultzatzeko beste programa batzuetan parte hartu izana.
- Proiektuaren memoria aurkeztea (Proiektu Berritzailearen memoria eranskina). Kasu horretan, zure proiektuak gutxienez 25 puntu lortu beharko ditu berritzailetzat hartzeko (50 dira guztira), eta irizpide hauen arabera egingo dugu balioespena:
- Enpresa berrikuntzaren eta bideragarritasunaren maila: 30 puntu.
- I+G+Barekin eta teknologiarekin duen lotura maila: 20 puntu.