Donostiako gazteek hiriaren etorkizuna imajinatu dute

 

Donostiako haurrak hiriaren etorkizuna dira, eta haiek auzoak eta kaleak ikusteko duten modua oso kontuan hartu beharrekoa da. Donostia WeekINN Asteak etorkizuna sormenarekin, erantzukizunarekin eta optimismoarekin imajinatzera bultzatu ditu gazteenak. Moda-munduaren etorkizuna, espazioen eta gastronomiaren arteko harremana eta hiriko merkataritzarekin loturiko proiektu berritzaileenak ere protagonistak izan dira Berrikuntza Astearen azken egunean; Astea inoiz baino nazioartekoagoa izan da.

 

Sormena, irudimena eta talentua gizarteak garatzeko ditugun erremintak dira. Ostiral honetan, Donostiako neska-mutikoek erakutsi dute hiriaren etorkizuna optimismoarekin ikusteko arrazoiak egon badaudela. Donostia WeekINN Talent Housen abiatu zen 14 eta 16 urte arteko berrogeita hamar bat ikaslerekin, etorkizuneko hiria nolakoa izango den imajinatzeko. Soulsight-eko Estefania Silvak eta Carlos Murillok diseinu estrategikoaren inguruan garatutako tailerrean, neska-mutilek haien hiria hemendik 30 edo 40 urtera nolakoa izango den irudikatu zuten. “Etorkizuna ezin da aurreikusi, baina bai imajinatu. Ahalegindu behar dugu guk nahi dugun etorkizuna benetan gertarazten”, adierazi zuten.

 

resumen weekinn 26 contenido 3

 

Etorkizuna jada hasi da, gauzak gertatu baino lehen pentsatu behar baitira, eta “orainetik geroa gertatzeko aukerak areagotu ditzakegu”. Kasu honetan, gainera, gure hiriaren etorkizuna oso lotuta dago honako hauekin: pertsonak, etxebizitzak, garraioak, kontsumo energetikoak, azpiegiturak, merkataritza, osasuna eta ongizatea, hezkuntza, segurtasuna edo elikadura.

 

 

Mentoreek inspiratuta eta Britainiako Birmingham hirian aldi berean garatzen ari ziren antzeko beste proiektu batekin zuzenean konektatuta, neska-mutilek era honetako etorkizuna irudikatu dute: kaleetako farolen ordez, genetikoki aldatutako landare luminiszente handiak jarriko dira; airearen CO2a jasoko duten gailuak egongo dira, eraikitzeko material bihurtzeko; edo gure DNAren zati bat osatuko duten pilulak eta minbizia sendatzeko gai izango direnak egongo dira. Errealitate bilakatu ahal izateko itxura handia duen etorkizuna, teknologiak eta berrikuntzak horretarako aukera emango baitute.

 

 

Talent Housetik ez oso urrun, Kapsula INNean, ikastetxe ezberdinetako 8 eta 11 urte arteko haurrak izan ziren protagonistak, eta ideien laborategiko arduradunek artearen eta arkitekturaren inguruan gazteei emandako orientazioa jasota (Maushaus), hiriko etorkizuneko auzoak diseinatu eta eraiki zituzten material eta teknologia berriekin, Talent Housen garatutako jarduera beste eskala batean erreplikatuaz.

 

 

Kapsula INN instalazioan egon da nanoKOMIK erakusketa, herritarrentzat irekia aste osoan zehar. CIC nanoGUNE ikerketa-zentroek eta Donostia International Phyisics Center-ek (DIPC) abian jarritako ekimena izan da, nanozientziaren eta nanoteknologiaren arloan gertatzen ari diren aurrerapenak ezagutzera emateko, nanofikziozko komiki bat parte hartuaz sortuta. Era horretan, parte-hartzaileek bizitza eman diote haien komikiko super heroiari, nanoteknologia erabilita materiak hartzen dituen propietate harrigarriei esker nanobotereak emanaz.

 

PROIEKTU BERRITZAILEAK

Puntu Dendak aukera eman zigun apur bat hobeto ezagutzeko Donostiako Sustapenaren PUC programan parte hartzen ari diren proiektuak. PUC tokiko merkataritzan ezarri ahal izateko ideia berritzaileak garatzeko inkubagailua da. Parte-hartzaileek zortzi asteko prestakuntza jasotzen dute, eta, denboraldi horretan, banako tutorizazioa, talde-lana eta Open Commerce jardunaldiak konbinatzen dira; azken horietan, hirian erreferenteak diren negozioen ekintzailetzako eta berrikuntzako esperientzia desberdinak ezagutzen dira. Ezagutu ahal izan ditugun kasu arrakastatsuen artean aipatzekoak dira honako hauek: Eat One, Feed One, tour gastronomikoak ezagutzen dituena; Hilar, modan oinarritua, n.06, Koöl, Mima Pet Services, FotoGastronomy edota MAE4Kids.

 

resumen weekinn 26 contenido 2

 

Eta Donostiaz hitz egitea, beste gauza askoren artean, gastronomiaz hitz egitea denez, azken jardunaldian sukaldaritza-klase batzuk eskaini dira UPV/EHUko Espazio Gastronomikoen Diseinuko Gradu-ondokoaren esparruan; Arkitektura Fakultateak eskaini ditu Donostiako Sustapenarekin eta Zentre Donostia Desing Instituterekin elkarlanean. Lehen klasea Iñigo Viar Frailek eman zuen produktu gastronomikoak ekoizteko eta saltzeko lekuen inguruan. Bigarrena, berriz, etxean janaria prestatzeko eta jateko espazioari buruzkoa izan zen, eta Alex Mitxelenak eman zuen.

 

Azkenik, Iñigo Viar Frailek berak beste klase bat eman zuen beste kultura batzuetako espazio gastronomikoen inguruan. Hori guztia Arkitektura Fakultatea bezalako leku bikainean eta Donostia Desing Instituterekin lankidetzan.

 

 

Bestalde, moda Donostia WeekINN 2018ko azken orduetako protagonista handietariko bat izan da. Diseinuaren egungo joeren gainean EIDEk pasa den ostegunean antolatutako inspirazio-saioaren ondoren, San Telmo Museoa, Espainiako bi erreferente nagusi, modaren industriarekin zuzenean lotzen direnak, ezagutzeko esparrua izan zen. Teresa Helbig-ek bi hamarkadatik gora daramatza marka zuzentzen, eta azken urteetan Estatuko egile-etxe solidoenetarikoa izatera iritsi da; aktore garrantzitsuek erakutsi dituzte bere modeloak mundu osoko ibiltokietan barrena.

 

Era berean, Mónica Carbonellek, Marka, Berrikuntza eta Joera Sozialen estrategian adituak, honako hauek bezalako etxe hain garrantzitsuentzat proiektuak garatu ditu: Carolina Herrera New York (Puig), Docker’s, Levi’s eta Fontvellao, besteak beste. Biek, banaka eskainitako bi hitzaldi irekietan, goi-mailako joskintzari eta modaren sektoreko 'branding' estrategikoari buruzko ikuspegia eman zuten.

 

HISTORIAK KONTATZEA

Eta modarekin jarraituz eta ostiraleko jardunaldiaren amaiera gisa, AEG Ikastetxean modaren storytelling-ari buruz aritu ziren. Storytelling historia kontatzeko modua da, kontakizuna balitz bezala, eta irakurleak edo entzuleak lotzen eta mezu-motaren bat haiei helarazten saiatzen da, normalean marka edo produkturen batekin lotuta. Ez da zuzeneko publizitatea. Hurbileko mezua eta enpatikoa egin nahi izaten da, gure publikoa izan daitekeenarekin konektatzea lortzeko.

 

Kasu zehatz honetan, Donostia WeekINN Asteak storytelling-ari buruzko tailer praktikoa eskaini zigun, emozioetatik konektatzen duten modako markak sortzeko bideak eta bestelako tresnak erakustearekin batera. Izan ere, marka bat esanahi piloa da, eta elkarrekin konektatuta kopiatzen oso zailak diren estilo propioak definitzen dituzte.

 

Tailer interesgarri horrekin amaiera eman zitzaion Donostia WeekINNen ostiraleko jardunaldiari, baina oraindik ere asteburu osoan jarraituko du, barnetegi bat egingo baita Donostian ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuarekin; horrela, negozio-ideia bideragarriak eta inpaktu soziala dutenak garatuko dira parte hartzeko jardueren bidez eta baterako sorkuntzako ikuspegiarekin. Jarduera Green Nest Hostel Uba Aterpetxean egingo da, Sinnpleren lankidetzarekin; hau da, enpresei, ekintzaileei, erakundeei eta administrazioei berrikuntza soziala bultzatzeko bidean laguntzen dien aholkularitza-etxea.

 

 resumen weekinn 26 contenido 1

 

Donostiako Sustapenak eta Donostia WeekINN hau antolatzen lan egin duten enpresa eta erakunde guztiek eskerrak eman nahi dizkie jarduera guztietara bertaratutako eta horietan parte hartutako guztiei, berrikuntza, sormena edo talentua bezalako balioak helarazten laguntzeagatik, teknologia berrien edo nazioartekotzearen potentziala alde batera utzi gabe.

 

Donostia WeekINN 2018 edizio guztien artean nazioartekoena izan da, eta Oslo, Helsinki, Utrech, Boston, Birmingham edo Vilnyus bezalako hirietako ordezkarien parte-hartze aktiboa izan du. 50 jarduera baino gehiago garatu dira hiriko 30 espazio ezberdinetan, eta Gipuzkoako hiriburuko 80 agente baino gehiagok esku hartu dute. Guztira, 150 aditu baino gehiagok beren ezagutzak eta esperientziak partekatu dituzte donostiar guztiekin.

 

Donostiako Sustapena jada prestatzen ari da Berrikuntzaren Astearen datorren urteko edizioa. Zuen zain izango gara.