Donostian talentua erakartzeko eta talentuari eusteko gakoak

 

Hiriak pertsonei esker hazten dira. Gizarte batean zenbat eta talentu gehiago agertu, orduan eta garapen-aukera gehiago aurkezten dira. Donostia WeekINN Asteko jardunaldi honen giltzarrietariko bat talentua erakartzea eta talentuari eustea izan da, enpresei hazteko eskaintzen zaizkien tokiko eta nazioarteko finantza-programak alde batera utzi gabe. Ekonomia zirkularrak, energia berriztagarriak, 3D inprimaketa edo gastronomia-arloko berrikuntza jorratu dira berrikuntzaren astearen erdiko jardueretan.

 

Donostia WeekINN Asteko hirugarren jardunaldia goizeko lehen orduan jarri zen abian Talent Housen, talentua erakartzeko eta talentuari eusteko gakoetan oinarritutako nazioarteko izaerako topaketarekin. Goiz osoan zehar, Europako hiru hiriren eta Donostiaren beraren kasu arrakastatsuak nabarmendu ziren. Euken Sesek, Donostiako Sustapeneko zuzendari nagusiak, azpimarratu zuen Gipuzkoako hiriburua mundu-mailan erreferentea dela turismoaren eta gastronomiaren aldetik, baina “hiriaren erronketariko bat dela turismoak eragiten duen inpaktuaren eta gure herritarren bizi-kalitatearen artean oreka lortzea”.

 

weekinn miercoles 23 001

 

Berrikuntzaren eta talentuaren aldeko apustua Donostiako Sustapenaren zutabeetariko bat izatera iritsi da, apustu hori hedatu dezaketen tokiko agente indartsuen oinarritik abiatuta: “4.700 ikertzaile, I+G arloko inbertsioa BPGd-aren 2,7koa, 4 unibertsitate, 34 ikerketa-zentro, Europako finantzaketa-programa ezberdinekin harreman ona eta Donostiako biztanleen ehuneko 31 berrikuntzarekin lan egiten”, Sesek aipatu moduan. Hori dela-eta, talentuari eustea eta kanpotik talentua erakartzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen.

 

Talentua erakartzearen eta talentuari eustearen adibide bat Oslokoa da, zentzu horretan Europako hiririk erakargarriena bezala jotzen baita. 700.000 biztanle inguru ditu Norvegiako hiriburuak; hots, 2000. urteaz geroztik, biztanle-kopurua ehuneko 25 gehitu du. Halaber, nabarmen hazi da enpresa-kopurua. Oraintxe bertan, 1.200 'startup' daude hirian, eta azken bost urtetan 3 inkubagailu izatetik 30 izatera igaro dira. Hazkunde horren gakoetariko bat Oslo Business Region enpresa publikoak burututako lana da, “nazioarteko testuinguruan hiriaren gainean dituzten pertzepzioei” balioa eman baitie, Siw Andersenek, Oslo Business Regioneko Nazioarteko Harremanen zuzendariak, zehaztutako moduan.

 

Halaber, Osloren irudia atzerrian bultzatzeko orduan garrantzia gehien duen jardueretariko bat Oslo Innovation Week Astea da. Horren helburu nagusia da “nazioarteko enpresak erakartzea eta tokiko 'startup'-ak korporazio handiekin harremanetan jartzea, sinergiak sortzearren”. Hori guztia teknologia iraunkorrak bultzatuaz, Oslo Business Regionek sustatuko jardueren helburu nagusia baita hori.

 

weekinn miercoles 23 004

 

HELSINKI ETA UTRECH

Helsinki biztanleen kopurua urtero gehitzen doan beste hiri bat da. Finlandiako hiriburua zerbitzuak ematetik esperimentazio-zentroa izatera igaro da, Lina Oilinkik, Helsinkiko Nazioarteko Gaietarako aholkulari nagusiak, nabarmendu zuen moduan. “Berrikuntzara irekitako saiakuntza-bankua izan nahi dugu. Mugikortasun-proiektuak garatu ditugu ibilgailu autonomoekin, enpresa handiek hitzaldiak ematen dituzte ikerketa-zentroetan, eta hiria laborategi handi baten antzekoa izatea nahi dugu”, azaldu zuen Oilinki.

 

Talentuari eusteko eta talentua erakartzeko erronkari dagokionean, Helsinkiko arduradunak “mundu akademikoaren, hiriaren eta enpresen artean lankidetza sustatzeak duen garrantzia” azpimarratu zuen. Udal-gobernuak prestakuntza bultzatzen du hiriko akademien esperientzien bitartez, prestakuntza hobetzeko laguntza ekonomikoak eskaintzen dira, izpiritu ekintzailea sustatzen da programa espezifikoen bitartez, eta pobrezian dauden pertsonei ere laguntzen zaie haien gaitasun eta trebetasun nagusiak ezagutzera eta horiei balioa ematera bultzatuaz.

 

Bestalde, Jaap Breugemek, Utrecht Economic Board-eko Nazioarteko Gaietarako zuzendariak, Holandako hiriak talentuari eusterakoan eta erakartzerakoan aurrean dituen erronkak azaldu zituen. Hiriko enpresek 12.000 lanpostu kualifikatu eskatzen dituzte, eta gaur egun estali gabe daude. “Postu huts horiek betetzen laguntzen ez badugu, horrek inpaktu garrantzitsua izango du enpresetan. Enpresek aberastasuna sortzen duten heinean, eta aberastasun horrek eskualdeari etorkizuneko helburuak betetzen laguntzen dion eran, osasunean eta zahartzean oinarrituta, talentua erakartzea lehentasunezkoa da”, azpimarratu zuen Jaap Breugemek.

 

Talentua erakartzea lortzeko, Utrecht Economic Board-ekoek ikasleak edo etorkizuneko langileak Utrech-era joatea sustatzen dute. Behin hirira joatea erabakita, hurrengo lana da “zer egin dezakegun zehaztea haiek hirian dituzten lehen esperientziak positiboak eta iraunkorrak izateko, eta administrazio-kontuetan laguntzea eta trabarik ez aurkitzea”. Modu berean, saiatu behar da pertsona horiek hiriko bizimoduan sartzen, ahalik eta gehien goza dezaten. “Enpresentzat emankorrak izatea ez ezik, zoriontsuak izatea ere garrantzitsua da. Azkenean alde egiten badute, garrantzitsua da hiriaren enbaxadore on bilakatzea”, azaldu zuen Utrech-ko arduradunak.

 

weekinn miercoles 23 003

 

NAZIOARTEKO ESPERIENTZIA

Borja Santosek, Nazioarteko Garapeneko, Politika Publikoetako, Garapen Ekonomikoko eta Berrikuntzako aholkulariak, hiri batek berritzaile izateko behar dituen elementuak azpimarratu zituen: “giza kapitala izatea, baliabide ekonomikoak edukitzea, berrikuntzarekin zerikusia duten politikak eta gobernuak bultzatzea, komunikazioetako azpiegitura egokiak izatea eta harremanen sareak sortzea”. Donostiak elementu horien aldeko apustua egin du. Halaber, Santosek esan zuen garrantzitsuak direla talentua erakartzeko eta talentuari eusteko Donostiako Sustapenak abian jarritako bekak bezalako ekimenak.

Beka horien onuradun bat da Gorka García Valuechain. Londresen lanean bost urte igaro ondoren, bekadun gehienek etxera itzultzea erabakitzen dutela aitortu zuen, bere kasuan Donostiara, beste konpainia batzuetan lan egiteko edo norberak bere negozioa abian jartzeko. “Askok Donostiara itzultzea erabakitzen dute haien jaioterriari zerbait itzultzeko erantzukizuna sentitzeagatik” baieztatu zuen.

Bestalde, Fernando Fernández-Mongek, Harvard-en IE lecturer denak, gogoratu zuen “teknologia berriak inpaktu garrantzitsua izaten ari direla hirietan”; hori dela-eta, adibide gisa jarri zituen Uber edo Airbnb bezalako kasuak. Haren iritziz, hiriek hasieratik definitu behar dute zer izan nahi duten eta zein eremutan erreferente bilakatu nahi duten.

 

 

ETA INSTRUMENTUA

Arratsaldean, Talent Housen, Europako Batzordeak Horizonte 2020 Programaren esparruan bultzaturiko Ete Instrumentuaren aukerei buruzko azalpen-hitzaldia eman zuten. Donostiako Sustapeneko Yesenia Otamendik esan zuen Ete Instrumentua bezalako programak oso garrantzitsuak direla, eta hortaz baliatu direla orain arte, 1 eta 2 faseetan, Donostiako 34 konpainia.

 

Horizonte 2020 Programa 2020an amaituko da, eta horren lekuan Ikerketako eta Berrikuntzako Esparru Programa abian jarriko da 100.000 milioi euro ingururekin 7 urteko denboraldirako; hau da, Horizonte 2020 Programarekin alderatuta, ehuneko 50eko igoera egingo da. Europako Batzordeko Luis Sánchez Álvarezek azaldu zuen helburu nagusia produkzio zientifikoa eta teknologikoa indartzea eta berritzeko gaitasuna hobetzea izango dela. Programa berriak 'open innovation'-en aldeko apustua egingo du, eta horretarako 13.500 milioi euro jarriko ditu. Sánchez ustez: “Estatu Batuak edo Txina bezalako herrialdeek diru asko inbertitzen dute berrikuntza disruptibo horretan, eta Europak lehiakortasunari eta enpleguei eustearen aldeko apustua egin behar du”.

 

Igor Idaretak, Zabala Innovation Consulting-eko European R&D Project Consultant denak, azaldu zuen Ikerketako eta Berrikuntzako etorkizuneko Esparru Programa honako hauek bezalako zutabe bereizgarrietan oinarrituko dela: ”osasuna, gizarte integratzaileak eta seguruak, teknologia digitala eta industria, elikadura eta baliabide naturalak eta klima, energia eta mugikortasuna”. Ete Instrumentuarekiko aldaketa nagusia Berrikuntzako Europako Kontseilua abian jartzea izango da, “berrikuntzan oinarritutako plan berriak, Digital Europe programa bezala, bultzatuko direla” ahaztu gabe.

 

Arratsaldean, mahai-inguru bat ere egin zen, eta, bertan, Jonathan Loeffler-ek, Stenbeis Europa Zentrum-eko zuzendariak, eta Iñigo Charolak, Donostiako Graphenea enpresako Business Development zuzendariak, parte hartu zuten. Azken enpresa hori Ete Instrumentuaren onuraduna izan da. Ildo horretan, Iñigo Charolak ondorengoa adierazi zuen: “Guretzat Europako Batzordearen Horizonte 2020 Programako laguntzak funtsezkoak izan dira, grafenoaren fabrikazioa bezalako proiektu hain disruptiboek garatzeko denbora asko eskatzen baitute eta kapital jasailea nahiko urrun egoten da gurea bezalako arloetan. Programa ezinbestekoa izan da hamar urtetan laguntzen baitizu gauzak ondo ateratzen, berrikuspenak, kontrolak eta errebalidak egiten hurrengo faseetarako behar duzun finantzaketa eskuratzeko”.

 

weekinn miercoles 23 005

 

Nazioartekotzearekin jarraituz, Donostiako hiriak, Donostiako Sustapenaren bitartez, UpGrade SME proiektuan parte hartzen du; alegia, Europako lankidetzarako erreminta bat da, eteen nazioartekotzea hobetzea helburu duena. Kalkulatzen da kontinente zaharreko enpresa txikien eta ertainen herena baino gutxiagok esportatzeko aukera dutela; beraz, ezagutza berriak eta haien lehiakortasuna hobetzeko aukerak galtzen dituzte. UpGrade SME 5 urteko ikaste-prozesua da, eta Hungaria, Errumania, Herbehereak, Alemania, Portugal eta Euskadiko 8 aktoreren lankidetza estua du.

 

Testuinguru horretan, Donostia WeekINN Astean nazioarteko topaketa egin da berrikuntzan eta enpresen nazioartekotzean erreferenteak diren hirietako ordezkarien artean, tartean Steinbeis, Budapest eta Leewarden hirietakoak, hiriko ekimen ezberdinak partekatzeko eta egiaztatzeko eta berrikuntzaren ekosistemako sareak indartzeko helburuarekin.

 

ERAKUNTZAKO ETA FABRIKAZIOKO MATERIAL BERRIAK

Kapsula INN sormen arkitektonikoaren espazio bilakatu zen goizean protagonistak txikienak izanik. Maushaus arkitekturako tailerrak hezkuntza artistiko-teknikoko proiektua lantzen du gazteentzat, eta tailerren bitartez, harreman afektiboak egiten dituzte arkitekturarekin, hiriaren hizkuntza ezagutzeaz gain. Modu horretan, parte-hartzaileek material berriak esperimentatu zituzten, ingurumena errespetatuaz eraikitzeko.

Etorkizunera begira, potentzial handiena duen teknologietariko bat 3D inprimaketa da. Gaur egun, 3D inprimaketako sistema ezberdinak daude, eta objektuak eraikitzeko erabiltzen dituzten materialek eta material horiek batzeko erabiltzen dituzten sistemek bereizten dituzte. Piezak egin daitezke era askotariko materialekin; hala nola, plastikoak, compositeak, zeramikak, metala, buztina, beira, janaria eta baita zelula biziak ere. Donostiako Institutu Teknologikoarekin elkarlanean, Kapsula INN-ean 3D inprimaketari eta horren aplikazio sozialei buruzko hitzaldia eskaini zen enpresa eta herritarrentzat, eta fabrikazio gehigarriko teknologia horien aukerak argitu ahal izan ziren.

Ondoren, espazio berean, ekonomia zirkularraren inguruan eztabaidatu zuten; hain zuzen ere, produktuen, zerbitzuen, hondakinen, materialen, uraren eta energiaren bizi-zikloa ixteko printzipioan oinarritutako kontzeptu ekonomikoa. Hitzaldian, Eko-REC-ek eta Recircular-ek parte hartu zuten, eta Recircular konpainiaren sortzailea den Patricia Anstrainek eman zuen; konpainiaren helburu nagusia da ekonomia zirkularra enpresetara hurbiltzea, hondakinei balioa emanaz aukerak sortzearekin batera.

Hitzaldiaren ondoren egindako mahai-inguruan honako hauek hartu zuten parte: David Zabala Alaba, Eko-REC taldeko Komunikazioko eta Negozio Garapeneko arduraduna; Ekomodoko Adriana Uribesalgo, hondakinak diseinu erakargarriko eta funtzionaleko eguneroko produktu bilakatzen dituen enpresa gipuzkoarra; Ekograseko Xabier Muro, erabilitako landare-olioa birziklatuta biodiesela ekoizten aritzen den donostiar konpainia; eta Erika Gómez Villoslada, Twin & Chic-ekoa, material iraunkorrekin eta larruazala eta natura errespetatzen dutenekin haurrentzat arropa fabrikatzen duen tokiko beste enpresa bat.

Halaber, ingurumen aldetik, Alianza IK-4k antolatuta, Gipuzkoako Parke Zientifiko-Teknologikoan Oronak duen egoitzan, konpainiei zuzendutako jardunaldi teknikoa egin zen, biltegiratze energetikorako sistemen inguruan, energia berriztagarriak sortzearekin lotuta. Sortze elektrikoa, berriztagarria, eolikoa eta/edo eguzki-energia aspalditik jada errealitate industrial, ekonomiko eta sozial oso garrantzitsuak dira mundu osoan. Baina, teknologia horien mugarik handiena naturarekin zerikusia duten faktoreekiko mendekotasuna da; esate baterako, haizearen indarra edo eguzki-argiaren intentsitatea. Hala ere, arazo horiek partzialki konpentsa daitezke naturak energia eskaintzen digun eta kontsumitzaileek eskatzen ez duten uneak aprobetxatuaz, behar denean erabili ahal izateko gordeta.

EEEko, Energiaren Klusterreko, Enpresa Elkarte Eolikoko (AEE) eta Espainiako Batasun Fotovoltaikoko (UNEF) arduradunek beren sektoreetako esperientzien berri eman zuten, jarraitzen ari diren egungo eta etorkizuneko lan-ildoak azaldu zituzten, eta sortze berritzailearekin batera, nahitaez egin beharreko biltegiratzearen inplikazioen, aukeren eta erronken inguruko ikuspegi orokorra eman zuten.

 

weekinn miercoles 23 002

 

BERRIKUNTZA GASTRONOMIAN

Donostia WeekINN Astearen esparruan, Gipuzkoako Ostalaritzako Enpresarien Elkarteak jardunaldi trinkoa programatu zuen Ni Neu jatetxean, ‘Joera gastronomiko berriak eta horien efektua enpresa-arloko berrikuntzan’ izenburuarekin. Topaketan, Bruno Oteiza entzuteko aukera izan genuen; hots, Mexiko DFn bizi den sukaldari donostiarra, Biko jatetxearen jabea, Latinoamerikako jatetxe onenetarikotzat jotzen denarena. Besteak beste, mestizaje-sukaldaritzaz, tokiko errezeten eta kanpoko produktuen arteko batasunaz eta egungo eskaintza gastronomikoan duen efektuaz aritu zen.

 

Beste hizlarietako bat Rosa María Esteve izan zen, Tragaluz Taldearen baterako sortzailea. Kontsumoko joera berriei eta multimarkako talde baten kudeaketan duten efektuei buruzko hitzaldia eman zuen. Cristina Fauk, sukaldaritzako StratOp&Growth aholkularitzaren sortzaileak, aldaketa sozialak, ostalaritzako kontsumoaren gainean dituzten efektuak eta hiri-ingurune aldakorretan eskaintza gastronomiko egokiak eraikitzea bezalako gaiak jorratu zituen. Hirurak mahai-inguruaren protagonistak izan ziren; moderatze-lanetan Diario Vascoko Mitxel Ezkiaga kazetaria aritu zen, eta publikoak ere galderak egin ahal izan zituen.

 

Bestalde, Puntu Dendan, merkataritzara bideratutako ikus-entzunezko teknologia berrien erabilera errepasatu zen. 'Jolastu errealitate birtualarekin eta errealitate areagotuarekin' izeneko saioan, bertaratuek aukera izan zuten produktuen ikusgarritasuna errazten eta bultzatzen duten erremintak ezagutu eta probatzeko; hots, 3D formatuko infografiak, korporazio-bideoak, publizitate-spotak, produktu-bideoak edo kartel digitalak.

 

Horrez gain, Donostiako 'startup'-ek eta ekintzaileek beren tartea izan zuten Dabadaban. Han, Pecha Kucharen edizio berria egin zen; alegia, enpresa-proiektuak aurkezteko formatu laburra. Ekintzaileek publikoaren aurrean azaldu behar dute enpresa-proiektua modu erraz eta informalean, 20 diapositibaren bitartez, eta diapositiba bakoitzeko 20 segundo ematen zaizkie. Era horretako hitzorduek arrakasta dute Tokion 2003an sortu zirenetik. Handik zazpi urtera, 2010ean, Donostiak bere lehen Pecha Kucha egin zuen.

 

Osteguna Donostia WeekINN Astearen egun nagusietariko bat izango da, berrikuntza femeninoan hitzaldi-eztabaida interesgarriarekin. Bertan, arlo horretan Estatu osoan aditu nagusiak diren batzuek hartuko dute parte. Eta hori enpresa-berritzaileei DonostiaINN sariak banatzeko ekitaldia ahaztu gabe. Baina, askoz ere gehiago badago; beraz, kontsulta ezazu gure programa osoa Android-erako 'Donostia WeekINN' app-an edo iOSen edota gure web orrialdean.

 

Halaber, donostiarrek Twitter-en Berrikuntzaren Asteaz zer kontatzen duten jakin ahal izango duzu, #DonostiaWeekINN hashtag erabilita.