WeekINN ekimenak asterik nazioartekoenari amaiera eman dio

 

Donostiako WeekINN Berrikuntza Astearen bosgarren edizioa izan da aurtengoa, Alkateordetzak antolatuta Donostiako Sustapenaren bitartez, eta atzo amaitu zen. Bertan, nazioartekotzearen aldeko apustua jorratu da, eta antolatutako jarduera ezberdinetan Boston, Oslo, Helsinki, Vilnius, Utrech edo Bristol bezalako hiriek hartu dute parte. Edizio honetan 5.000 pertsonak hartu dute parte, Donostian nahiz parte hartu duten hirietan antolatutako jarduera ezberdinetan, eta horietatik mila bat gazteak izan dira. Berrikuntzaren Aste honek 300 ordutik gorako jarduera eskaini du, tokiko, estatuko eta nazioarteko 150 aditurekin, hiriko 25 kokalekutan.

 

Gainera, aurten, WeekINN Astean, arreta berezia eskaini zaie hezkuntzasistemaren esparruko berrikuntzarekin zerikusia duten gaitasunak garatzera bideratutako ekimenei, eta, era horretan, Kursaalean, hezkuntzako profesionalentzako eta ikasleentzako saioa egin da.

 

weekinn 5-contenidoErnesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan zuen: “Berrikuntzaren Aste honetan funtsezko hiru ardatz jorratu ditugu: hezkuntza, enpresak eta nazioartekotzea. Aipatzekoa da herritarren parte-hartze izugarria, 5.000 pertsonatik gora, eta hezkuntza, enpresa edo ikerketa-zentroak bezalako sektore ezberdinen inplikazioa. Donostiako Aste hau berrikuntzaren hiriburu bilakatzea lortu du”.

 

Aurten, Berrikuntzaren Astean, karpa handi bat izan dugu berriro ere Donostiako Boulevardean; hau da, “KapsulaINN-Berrikuntzaren Faktoria”, eta herritarrentzat doakoa izan da, eta irekita egon da egun osoan zehar, berrikuntza eta teknologiak erakusteko gunea bezala. Modu horretan, robotikako tailerretan parte hartzeko aukera egon da, teknologiak testatzeko saioak egin dira eta tokiko proiektu ekintzaile eta berritzaile berriak ezagutu ahal izan dira. Halaber, WeekINN ekimenak informazioa emateko tresna ezberdinak abian jarri ditu; hala nola, APP bat, programaturiko jarduerak erabiltzaileek egunero kontsultatu ahal izateko, informazio zehatzarekin eta ordutegi eta egoitza eta guzti, eta programatutako jardueretan zuzenean izena emateko aukera ere eskaini du. Horrez gain, egunero blog bat idatzi da, Donostia WeekINN Astearen jarduera nabarmenen laburpenarekin, eta garatutako kontzeptuak eta jarduerak oinarri hartuta, laburpen bisualak marraztu dira.

 

Orobat, Berrikuntzaren Astean zehar, DonostiaINN enpresa-berrikuntzaren sariak banatu dira; aurtengoa hirugarren edizioa izan da, eta horien helburua da gai horretan hiriko enpresek burutzen duten ahalegina saritzea bi kategoriatan: enpresa finkatua eta enpresa gaztea. Lehen kategorian, Ibermatikak jaso du saria eta bigarrenean, Graphenea enpresak.

 

Lehen egunean, gazteak izan ziren Kursaaleko protagonistak, etorkizuneko lanaren erronketan oinarritutako jardunaldian. Donostiako ikastetxe ezberdinetako ehunka gazte hurbildu ziren Raquel Rocak, Raquel Vázquezek eta Carlos Castro Gonzálezek eskainitako hitzaldietara, eta horietan lan-merkatuak etorkizun oso hurbilean zer-nolako trebetasunak eta kualitateak eskatuko dituen azaldu zuten. Goizeko jardunaldia AndeRoid 'webserie'-aren emankizunarekin amaitu zen. Arratsaldean, berriro ere Kursaalean, profesionalei zuzendutako hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin ziren, hezkuntza-arloan etorkizunean aurrean izango ditugun erronkei buruz hitz egiteko.

 

WeekINN Asteko bigarren jardunaldian ere lan-merkatuaren etorkizuneko erronkak jorratu ziren, adimen artifiziala eta robotika bezalako teknologiak ustekabean sartzearen ondorioz. Halaber, kirolean balioek duten garrantzia, talentua eta generazio-aldaketa edo merkataritzan aplikaturiko teknologia berriek beren tartea izan zuten. Ekitaldi nabarmenetariko bat TechTalk edo 'Teknologia eta emozioak, lanaren etorkizuna' izeneko mahai-ingurua izan zen, Victoria Eugenia Antzokian burutu zena. Bertan, lan-merkatuak dituen erronkak eztabaidatu zituzten honako hauek: Cristóbal Cobo, irakasle eta ikerle elkartua Oxfordeko Internet Institutuan; Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako katedraduna; Ainhoa Fornos, HR Mindset Designer-eko CEO; eta Carlos Castro, MITek 30 urtetik beherako gazte berritzaile bezala aitortua.

 

Asteazkenean, talentua erakartzea eta talentuari eustea izan zen gakoetariko bat, enpresa-hazkunderako tokiko eta nazioarteko finantza-programa ezberdinen laguntzak ahaztu gabe, eta saio batean talentua erakartzeko ereduen berri eman zuten Oslo, Utrech eta Helsinki bezalako hiriek edota Donostiak berak. Azkenik, ekonomia zirkularrak, energia berriztagarriek, 3D inprimaketak edo gastronomiako berrikuntzak osatu dituzte berrikuntzaren aste erdiko jarduerak.

weekinn 5-infografias

Enpresa berritzaileentzako DonostiaINN sariak izan ziren osteguneko protagonistak, eta enpresa finkatuaren saria Ibermatikak jaso zuen eta enpresa gaztearena Graphenea enpresak. Era berean, egun horretan, honako gai hauek landu ziren: berrikuntza femeninoan, gobernu irekien papera, nekazaritzako elikagaien sektorean aplikaturiko teknologia, diseinuaren munduko joerak edo 'influencers'-en fenomenoa Instagramean.

 

WeekINN Asteko azken eguna Birminghamekin egindako konexio birtualari eskaini zitzaion, Hakckathon programaren esparruan, “Etorkizuneko auzoa sortzen” erronka hartuta. Halaber, modak eta berrikuntzak beren tartea izan zuten, eta San Telmo Museoan emandako hitzaldian modaren negozioaren etorkizuna aztertu zuten Teresa Helbig eta Mónica Carbonellekin.

 

Jada atzerako kontaketa hasi da DonostiaWeekINN Berrikuntza Astearen seigarren edizioa prestatzeko; hau da, Donostiako berrikuntzaren eta talentuaren aldeko apustua ezagutzera emateko eta lankidetza indartzeko hirian erreferente bezala finkatu den ekitaldia.