Giza gaitasunen eta teknologia berrien arteko bizikidetza etorkizuneko lan-merkatuan

 

Donostia WeekINN Asteko bigarren jardunaldian, etorkizuneko lan-merkatuaren erronkak jorratu dira, adimen artifiziala eta robotika bezalako teknologiak ustekabean sartuko baitira. Kirolean balioek duten garrantzia, talentua eta generazio-aldaketa edo merkataritzan aplikaturiko teknologia berriak ere landu dira astearte honetan.

 

Donostia WeekINN Asteko bigarren jardunaldiko ekitaldi nabarmenetariko bat TechTalk edo mahai-ingurua izan zen, 'Teknologia eta emozioak, lanaren etorkizuna' izenekoa, Victoria Eugenia Antzokian burutu zena. Bertan, teknologia berriekin lotuta lan-merkatuak dituen erronkak eztabaidatu zituzten honako hauek: Cristóbal Cobo, irakasle eta ikerle elkartua Oxfordeko Internet Institutuan; Sara de la Rica, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomiako katedraduna; Ainhoa Fornos, HR Mindset Designer-eko CEO; eta Carlos Castro, MITek 30 urtetik beherako gazte berritzaile bezala aitortua. Mahai-ingurua Enrique Rodal kazetariak moderatu zuen.

 

weekinn martes 23 001

 

Cristóbal Coboren iritziz, etorkizunean gizakiok makinei irabazi ahal izateko gakoetariko bat izango da “gure sormenari balioa ematea, pentsamendu kritikoa erakustea eta kolaboratzea. Ez dira trebetasun berriak, baina orain inoiz baino gehiago, garrantzitsua da mahai gainean jartzea”. Haren beste gogoeta bat pertsonengan oinarritu zen, ikaskuntza bultzatzeko eta jendeari pentsatzen laguntzeko dagoen premian: “Nora joan esaten diguten mapa gutxiago behar ditugu eta gidatzen laguntzeko iparrorratz gehiago”, esan zuen.

 

weekinn martes 23 002Sara de la Ricak, berriz, adierazi zuen ikasleei ikasteko grina eta gogo gehiago sartu behar zaiela, etorkizuneko lan-erronkei prestatuta aurre egiteko. “Gazteen irrika lo dago, eta guk esnatu egin behar dugu”, baieztatu zuen. De la Ricak, halaber, 45 urtetik gorako pertsona langabeek hainbeste aldatzen ari den lan-merkatuaren aurrean zailtasunak izango dituztela eta ezagutza espezializatuak hartzea beharrezkoa dela adierazi zuen. Haren ustez, “enpresek berrintegrazioen aldeko apustua egin behar dute kaleratzeen ordez”.

 

Bestalde, Ainhoa Fornosek profil profesionalek duten garrantzia azpimarratu zuen, eta haren lanean, Giza Baliabideen arloan, “curriculum bikainak aurkitzen dituela, baina trebetasun gutxi dutenak” gehitu zuen. Halaber, gogoratu zuen gaur egun karrera egiten hasten diren gazte askok eta askok ez dakitela “zein den haien pasioa eta talentua, eta karrera enplegagarritasunaren arabera hautatzen dutela”.

 

Carlos Castrok nabarmendu zuen hezkuntza-sistema aldatu beharra dagoela, enpresetan praktikak egiteari garrantzi gehiago emanaz, “benetan zerk motibatzen gaituen jakin ahal izatearren”. Haren ustez, giza trebetasunen eta teknologia berrien arteko aukerak medio, pertsonak ez dira makinen gainean gailenduko, baizik eta “bien arteko sinbiosia egongo da”.

 

BALIOAEN KIROLEAN

Beste eztabaida interesgarria Ilunbeko pistan egin zen, giza faktoreak kirolean duen garrantziaren inguruan. Jose Carrascosa psikologoak eta pedagogoak 20 urtetik gora darama kirolariekin, entrenatzaileekin eta errendimendu altuko taldeekin lanean eta bere esperientziaren berri eman zigun. Kirolerako ez ezik, bizitzarako oro har ere baliagarriak diren balioak sustatzen ahalegintzen da.

 

weekinn martes 23 003

 

Haren hitzaldiaren ondoren, Aitor Uriondok, Axular Lizeoko zuzendariak eta saskibaloiko entrenatzaile ohiak moderatutako mahai-inguruan parte hartu zuen Carrascosak, eta harekin batera Garbiñe Etxeberriak, Real Sociedadeko futbol femeninoko koordinatzaileak, eta Azu Muguruzak, IKD entrenatzaileak eta Ekintzako irakasleak parte hartu zuten. Eztabaida handiena generazio berrien paperean eta familiek horiek gehiegi babesteko duten joeran oinarritu zen. Segurtasunaren egitura faltsu horrek adingabeko asko porrota edo akatsei aurre egiteko gaituta egotea galarazten du. Hori eliteko kirolari gazteenetan antzeman daiteke, eta gazteak beren karrera profesionalak etetera eraman ditzake.

 

Aldi berean, mahai-inguruan parte hartu zutenek esan zuten kirolari gazteenen entrenatzaileek kiroleko alderdietatik haratago joan behar dutela eta giza balioak hobetzen lagundu, “kirolean garatzen diren gaitasun horiek gizartean eguneroko bizimoduan erabiliko dituzten berak dira-eta”.

 

weekinn martes 23 004

 

TALENTUA ETA GENERAZIO-ALDAKETA

Donostia WeekINN Asteko astearteko jardunaldiari Miramar Jauregian eman zitzaion hasiera erakunde publikoetan egiten den talentuaren transferentziari eta generazio-aldaketari buruzko hitzaldiekin. Zahartze-fenomenoa gertaera orokorra eta zabaldua denez erakunde publiko eta pribatu gehienetan, eta batzuetan erakunde horietan lan egiten duten bost generazioren arteko bizikidetza zaila denez, balio eta lanaren kultura ezberdinak izateagatik, adituek azpimarratu zuten premiazkoa dela adina kudeatzeko programak jorratzea, generazio artean ezagutza transmititzeko.

Carles Ramió, Politika Zientzietako eta Administrazioko katedraduna Pompeu Fabra Unibertsitatean, erronkei buruz aritu zen, baina baita generazio-bizikidetza horrek eskaintzen dituen aukerez ere. Jhon Murphy-k, Londresko Civil Service Leadership Academy-ko Knowledge & Information Management Lead, Erresuma Batuak arazo horren inguruan duen esperientziaren berri eman zuen. Bestalde, Mikel Gorriti Bontiguik, Eusko Jaurlaritzako Funtzio Publikoko Zuzendaritzakoak, datorren hamarkadan enplegu publikoaren okupazioan jorratuko diren adinaren politikak azaldu zituen.

Boulevarden kokaturiko Kapsula INN-ek teknologia berrien magia gazteenei gerturatzen jarraitu zuen, Doplayk haurrei robotak programatzeko eskainitako tailerraren bitartez. Arratsaldean, beste lantegi aurreratuago bateko protagonistak Unibertsitateetako eta LHko ikasleak izan ziren. Espazio berean, halaber, ikusi ahal izan genituen CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroek bultzaturiko nanoKOMIKIen lehiaketan hautaturiko zenbait komiki.

Kapsula INN-en jarduerari osasun-arloan gertatzen ari diren aurrerapenei buruzko hitzaldiarekin amaiera eman zitzaion. Biomens, Biodonostia eta Larrinaga Klinikarekin elkarlanean, osasunarekin zerikusia duten zerbitzuen hurbileko etorkizuna nolakoa izango den ikus ahal izan genuen.

 

TEKNOLOGIA BERRIAK MERKATARITZAN

Teknologia berriak gero eta presenteago daude gure gizarteko alor ezberdinetan. Besteak beste, honako hauez hitz egiten da: Industria 4.0 eta teknologia emergenteak aplikatzea industria-prozesuak hobetzeko; Smart City-ak edo hiri adimentsuak, gailu edo sentsore ezberdinen erabilerari esker; eta eHealth, osasun-arlora bideratutako erabilera teknologikoa. Zahartzeak eta kirolak ere teknologiak aliatu nagusi bezala antzeman dituzte. Eta zer esan merkataritzaz? Testuinguru horretan, Donostia WeekINN Asteak topaketa antolatu zuen PI@ auditorioan, eta aditu ezberdinek azpimarratu zuten errealitate birtualean, errealitate areagotuan edo errealitate mistoan oinarritutako erremintak aplikatzeak duen garrantzia.

 

Langileak prestatzeko esperientzietan, produktuen aurkezpen eta erakusketetan edo gailuen urruneko kontrolean horiek erabiltzea joera bat da honako hauek aipatu zuten moduan: Héctor Paz, Imasconoren baterako sortzailea eta CEO; Joannes González de Txabarri, Ikasplayko bazkidea eta Eragiketen zuzendaria; Javier Escorihuela Casado, Isostopy-ko CEO eta Europako di Desing Institutuko irakaslea; eta Cynthia Gálvez López, Howe Technology-ren sortzailea. Zacarias de Santiago Areizaga aholkularia arduratu zen aurrean aipaturiko hizlariek osatutako mahai-ingurua moderatzeaz.

 

Potentzial handiko beste teknologia bat edo teknologia-multzo bat datuen analitika da, Big Data bezala ere ezagutzen dena. Merkataritzan aplikatzea garrantzitsua da, marketing-prozesuak, ordainketak, transakzioak eta produktu eta/edo inbentarioen kopuru mugagabea bidaltzea bezalako lanak administratzeko, produktuen gaineko joerak aurreikusteko bezero egokiak aurkitze aldera, eta plataformak kontrolatzeko. Leiho horiek Bigda Solutions-eko Ibon Salbidegoitiak mahai gaineratu zituen Puntu Dendan, Merkataritza Konektatua eta Big Data Kudeaketa izeneko hitzaldian.

 

Donostia WeekINN Asteak kultura eta sormen sektorearekin loturiko enpresak bultzatzen dituztenentzako laguntzak hedatzeari buruzko beste jarduera bat programatu zuen. Musika Bulegoak antolatu zuen Dabadabarekin batera, eta jardunaldiaren helburu nagusia kultur sektoreko enpresei eta agenteei Eusko Jaurlaritzako KSI Berritzaile programaren bidez eskura dituzten erreminten berri ematea eta horiek gerturatzea izan zen. Ekimena proiektu berrietarako hiru jarduera-ardatzetan aukera-espazioak sortzeko eta garatzeko diseinatu da: berrikuntza teknologikoa, erakunde-ereduaren berrikuntza eta enpresen finantza-trebakuntza. Tecnalia, Euskalit eta Elkargiko arduradunek bertaratutakoen galderak eta zalantzak artatu zituzten.

 

Asteazkenean, Donostia WeekINN Astean, protagonismoa nazioartekotzeak izango du, eta Talent Housen talentua erakartzeko ereduei buruzko hitzaldia eskainiko da. Arratsaldean, berriz, Europako Batzordearen ETE Instrumentuak enpresei eskaintzen dizkien aukerei buruzko hedapen-jardunaldia egingo da. Donostia WeekINN Asteari buruzko informazio guztia eskura dezakezu Android-erako 'Donostia WeekINN' app-an edo iOSen edota gure web orrialdean.