Asklepios enpresa biofarmazeutikoak instalazio bat irekiko du Donostian

 

Erakundea ez da ikerketa soilean arituko Miramonen; bertan sortuko ditu, halaber, bektoreak. Zazpi milioi baino gehiago inbertituko ditu Asklepios Biopharmaceutical erakundeak Gipuzkoako hiriburuko instalazioan, eta litekeena da, lehenengo fase batean, 30 lagun baino gehiago kontratatzea.

 

Albiste onak biozientzien sektorerako. Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak berriki aurreratu duenez, atzerriko enpresa batek “inbertsio handia” egingo du irailean Donostian.

 

Hain zuzen, terapia genetikoetan eta bektore biraletan espezializatuta dagoen Asklepios Biopharmaceutical enpresa estatubatuarrak egin du Donostiaren aldeko apustua. Birusak baliatzen ditu enpresa horrek giza gorputzean material genetiko terapeutikoa sartzeko.

 

Hala, zazpi milioi baino gehiago inbertituko ditu Gipuzkoako hiriburuko instalazioan. Miramon parke teknologikoan kokatuko du, eta bizilagun izango ditu berrikuntza-maila eta etorkizun handiko sektore horretan aitzindari diren bertako beste enpresa batzuk.

 

Chapel Hill-en du egoitza nagusia Asklepiosek, 2003an sortuak, Ipar Karolina estatuan, eta egingo duen inbertsioak bultzada handia emango dio biozientzien alde apustu egiteko estrategiari; hainbat ekimenen bidez sustatzen ari dira aspalditik bai Eusko Jaurlaritza, bai Gipuzkoako Foru Aldundia.

 

Nazioarteko beste hautagai batzuk albo batera utzi eta Donostiara etortzeak badu beste ñabardura garrantzitsu bat: erakundea ez da ikerketa soilean arituko Miramonen; bertan sortuko ditu, halaber, bektoreak.

 

Proiektutik gertu dauden iturri batzuek azpimarratu dutenez, litekeena da erakunde estatubatuarrak, lehenengo fase batean, 30 lagun baino gehiago kontratatzea, eta haien artean egotea bertako profesionalak eta talentuak. Horrek guztiak lagunduko luke Miramon parkea biozientzien sektoreko erreferentziazko polo bihurtzen.

 

Iturria: Diario Vasco