Lortutako kontratuei esker, mundu-mailako aitzindari bihurtu da Vivebiotech

 

Bioteknologia-sektorea Gipuzkoan izaten ari den hazkunde-hasierari gehitu zaio enpresa.Vivebiotech, Miramonen kokatua, bi hitzarmen ixtear dago Espainiako eta Europako pazienteekin entseguak egiteko, odoleko zelulak kaltetzen dituzten gaixotasunei bideratuta.

 

Vivebiotech-ek bat egin du bioteknologia-sektoreak Gipuzkoan izandako hazkunde-hasierarekin: 2015ean laborategiak ireki zituenetik lortutako kontratuei esker, mundu-mailako aitzindari bihurtu da. Hemendik gutxira beste hitzarmen batzuk sinatuko ditu nazioartean, eta, hala, bere espezialitatean, bektore lentibiralen bidezko terapietan, duen gailentasuna indartuko da.

 

Juan Carlos Ramírez, enpresako zuzendari zientifiko eta erakundearen lanaren oinarri den bektore biralaren patentearen jabea, baikor azaldu da enpresaren beraren eta Gipuzkoako “bio” sektorearen etorkizunari dagokionez.

 

Ramírezek azaldu duenez, Vivebiotechen bektore biralak sortzen dituzte gizakiekin terapia genikoko entsegu klinikoak egiteko: “Espainiako lehenengo erakundea gara bektoreok sortu eta gizakiengan erabiltzeko baimena duguna”.

 

Akreditazioak bultzada emango dio negozioari. Hain zuzen, bi hitzarmen ixtear dago enpresa, Espainiako eta Europako pazienteekin entseguak egiteko, odoleko zelulei eragiten dieten gaixotasunetara bideratuta. Ramirezek adierazi bezala, entseguetako baten helburua da haurren immunoeskasia bati aurre egitea, haur horien organismoak ezin baitu infekzioen aurrean erantzun, eta, bestearena, berriz, anemia kroniko baten aurka egitea, zeina hilgarria izaten baita azkenean. Hilabete honetan hasiko dira produkzioan.

 

Bestalde, “oso aurrera doaz” Ipar Amerikako erakunde batekin duten hartu-emana; hiru entsegu egiten ari dira haiek Europan eta beste bi Estatu Batuetan. «Haien hornitzaile izan nahi dugu, bai proba horietarako, bai etorkizunekoetarako ».

 

Gainera, hitzarmenak negoziatzen dihardu Estatu batuetako Mayo klinikarekin, Zuricheko ospitale batekin eta enpresa txinatar batekin. Azken horrek, zehazki, minbiziaren kontrako entsegu klinikoak egiten ditu hala bere herrialdean, nola Estatu Batuetan. «Bektoreak sortzeko enpresa europar baten bila dabiltza, eta tratuan ari gara geu izateko esleipendunak», zehaztu du Juan Carlos Ramírezek.

 

Iturria: Diario Vasco