Donostiako BPGk hazten jarraitzen du; % 2,4ko hazkundea izan du 2016an

 

Hirugarren urtez jarraian hazi da Donostiako Barne Produktu Gordina, Donostiako Ekonomia Sustatzeko sailaren Behatoki Adimendunak egindako Hiri-Ekonomiaren 2016ko Barometroan jasotzen diren estimazioen arabera, eta 7.300 milioitik gorakoa da, sektore traktoreei esker: sektore turistikoari, osasun-sektoreari, hezkuntzari eta merkataritzari esker, hain zuzen ere. Hazkunde horrek eragin positiboa du enpleguan; horrela, 1.000 lagunek baino gehiagok utzi dio langabe izateari eta % 9,7 jaitsi da langabezia urte batetik bestera; % 10,6koa da langabezia-tasa, besteak beste Bilbokoa baino sei puntu txikiagoa. Ikerkuntzaren eta berrikuntzaren bilakaera indartu egin da hiriko jarduera ekonomikoan; 5.000 lagunek dihardu I+G sektorean, eta handitu egin da berrikuntzaren, jakintzaren eta smart sektoreetan lanean diharduen lagun kopurua. Barometro horrek ematen dituen adierazleek bizi-kalitate handiko hiritzat jotzen dute Donostia, eta hori garraio publikoaren eta bizikletaren erabileran, airearen kalitatean eta kirol- eta kultura-eskaintzan islatzen da, besteak beste.

 

Ernesto Gasco Donostiako alkateordeak adierazi zuen “Barometro horrek, ‘hiriaren argazki horrek’, estatistikari dagokionez, hiriaren erreferente izaten jarraitzen” duela, eta “hiri-informazioaren arlo anitz bateratzen” dituela; halaber, esan zuen “aldi berean, Donostiako auzo guztien gaineko desagregazio-maila bat ematen" duela. Bestalde, zera adierazi zuen: “edukiari dagokionez, Behatoki Adimendunak hazkunde iraunkorra duen hiri dinamiko gisa identifikatzen gaitu, eta horren erakusgarri da azkeneko urteetan bilakaera positiboa eduki izana hainbat adierazlek, hala nola, barne produktu gordinak berak, gizarte segurantzako afiliazioek, enpleguak eta prestakuntza-maila handiarekin, ikerkuntzarekin, berrikuntzarekin eta talentuarekin lotutako etorkizun handiko sektoreek. Bestalde, ez du ezkutatzen egiturazko arazoak ere badaudela biztanleria-piramidearen banaketari edo mugikortasun-ereduari dagokionez, eta horiexek dira gure etorkizuneko erronka handienetako batzuk”

 

BIZTANLERIA

2016. urte amaieran, 186.377 biztanle izatera iritsi zen Donostia, 2015ean baino 315 gehiago. Zifra horrek esan nahi du urte arteko hazkundea % 0,2koa izan zela; beraz, esan dezakegu egonkor eusten zaiola biztanle-kopuruari eta, gainera, aldatu egin zela aurreko bi urteetako joera, orduan jaitsi egin baitzen kopuru hori.

 

Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da Donostian; baita Lurralde osoan eta, oro har, gizarte aurreratuetan ere. 2016an berriro nabarmendu zen egoera hori; biztanleriaren batez besteko adina handitu egin zen, 45,32 urtetik 45,51 urtera. Halaber, nabarmentzekoa da adin handieneko segmentuaren garrantzia erlatiboa; % 23,2koa da 2016an (% 22,9koa 2015ean).

 

Hainbat urtez jarraian atzerriko biztanleak hartu zituen hiriak; 2014an eta 2015ean hautsi egin zen joera hori, eta 2016an, berriz, berreskuratu. Horrela, atzerriko biztanle kopurua 12.473 lagunekoa da, hiriko biztanle kopuru osoaren % 6,69koa. Kopuru hori 2010ekoaren antzerakoa da.

 

Hondurasek jarraitzen du Donostian bizi diren atzerritarren nazionalitateen lehen postuan; herrialde horretako 1.481 lagun bizi da hirian. Bigarren tokian dago Nikaragua, 1.291 lagunekin (2015ean baino % 6,4 gehiago); Donostian bizi diren atzerritar guztien % 10,5 dira nikaraguarrak. Marokok jarraitzen du izaten atzerritarren artean nazionalitate garrantzitsuena, 2015ean baino 45 lagun gutxiagorekin (% 5,3 gutxiago).

 

ENPLEGUA

Krisiaren eraginez asko jaitsi zen enplegua 2013. urtera arte; urte hartakoa izan zen daturik txarrena 2008. urteaz geroztik (urterik txarrena), baina 2014az geroztik aldatu egin da joera hori, eta pixkanaka gehitzen ari da enplegua. Horrela, 2016an 109.770 lagun zeuden Donostian Gizarte Segurantzan afiliatuta; horrek esan nahi du % 2,2koa izan dela urte arteko hazkundea, eta 2015. urte amaieran baino 2.400 lagun afiliatu gehiago dagoela.

 

2016an, 9.412 lagun zeuden enplegu-eskatzaile gisa (erregistratutako langabezia) erregistratuta (urteko batez bestekoa); hau da, urte arteko % 9,7ko jaitsiera izan du langabeziak.  45 urtetik gorakoak dira langabezian dauden pertsona guztien % 51,6. Hiriko langabezia-tasa % 10,6koa da; Bilbon, berriz, % 16,5ekoa eta Gasteizen % 14,5ekoa.

 

JARDUERA EKONOMIKOA ETA ENPRESA-JARDUERA

  • Hirugarren urtez jarraian hazi da Donostiako BPG (% 2,4), eta 7.300 milioi euro baino handiagoa da.
  • Turismoa dago lehen tokian sektore produktibo gisa; osasunaren sektorea, hezkuntza eta merkataritza daude ondoren.
  • Establezimendu kopurua handitu egin da azkeneko urtean (ehun bat gehiago), eta 18.974 establezimendu daude guztira (% 87 zerbitzuen sektorekoak).

 

JARRERA BERRITZAILEA

  • Hiriko hamar enplegu baino gehiagoko hamar enpresatik hiruk garatu ditu berrikuntza-prozesuak 2016an. DonostiaINN sarien lehenengo edizioan Ikusi eta Nem Solutions enpresak saritu zituzten; sariketa horretan berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten Donostiako enpresak saritzen dira.
  • Hirian 4.692 lagunek dihardu I+Garen arloan.
  • Hiriko 8.000 enpresak garatzen ditu bere jarduerak jakintzako sektore intentsiboetan; hau da, enpresa horietako langileen % 33k goi-mailako hezkuntza du.
  • Biztanleen % 72 da Interneteko erabiltzaile.
  • 40 bat startup teknologiko dago hirian.

 

MERKATARITZA, OSTALARITZA ETA TURISMOA

  • Hiru lagunekoa da Donostiako komertzioetako batez besteko enplegu kopurua.
  • Ostalaritzako eskaintza osoa 1.337 establezimendukoa da, 2015ean baino hamar gehiago.
  • Donostiak 622.407 bidaiari hartu zituen 2016an, aurreko urtean baino % 7,5 gehiago (578.981 bidaiari 2015ean).
  • Ostalaritza-okupazioa % 64koa da Donostian; zifra hori Gipuzkoako eta Euskadiko sarearen zifra baino 14 puntu handiagoa da.

 

MUGIKORTASUNA

Azkeneko urtean % 3ko igoera izan du joan-etorrietarako hiri-autobusak edo hiri artekoak aukeratzen dituzten bidaiarien kopuruak Donostian; 52.464.091 bidaia egin da guztira. Autobusean egindako joan-etorri guztien % 54 hiri-barruko garraioan egin dira, eta gainerako % 46, berriz, hiri arteko lineatan.

 

Hiri-barruko garraioari dagokionez, eta Dbusek argitaratutako datuen arabera, 2016an igo egin da bidaiari kopurua (28.500.119 bidaiari guztira, 2015ean baino % 0,9 gehiago). Donostiar bakoitzak, batez beste, 171 bidaia egin du autobusez 2016an (2015ean, berriz, 167 bidaia).

 

264.422 bidaiarik erabili zuen 2016an Donostiako aireportua, 2015ean baino % 3,7 gehiagok (9.351 bidaiari gehiago). Madril eta Bartzelona dira aireportu horretan diharduten hegazkin-konpainiek eskaintzen dituzten jomuga nagusiak.

 

Bizikletentzako errailen sareak 74,5 kilometro zituen 2016. urte amaieran, 2014an baino % 1,7 gehiago (1,3 km berri). Bizikletan ibiltzeko kilometro berriez gain, eta bizikleta-erabiltzaile kopuruaren igoerari erantzuteko –% 4,4ko igoera izan du egunero bizikletaz egiten den joan-etorrien kopuruak–, hirian garraiobide horretarako aparkaleku kopurua handitzen ere jarraitzen du. 530 plaza gehiago jarri da 2016an, eta 7.812 plaza daude orain guztira.

 

Inoizko kopururik handienera iritsi da hiriko ibilgailuen kopurua 2016 amaieran; 111.216 ibilgailu guztira, 2015ean baino % 1,5 gehiago. Ibilgailuen tipologiari dagokionez, % 68 turismoak dira (75.218), eta % 24 motoak (26.285).

 

BIZI-KALITATEA ETA KOHESIO SOZIALA

2016an, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-mailetan matrikulatutako ikasle kopurua 35.448 lagunekoa zen, aurreko urtean baino % 0,7 txikiagoa (2015ean baino 236 gutxiago).

 

Nabarmen hazi da etxebizitzaren merkatuaren jarduna, 2015. urtearekin alderatuta. Hain zuzen ere, higiezinen inguruko 1.998 eragiketa egin zen Donostian 2016an, 2015ean baino 181 gehiago (urte arteko % 10eko igoera).

 

Etxebizitzaren batez besteko prezioari dagokionez, nabarmentzekoak dira honako alderdi hauek:

  1. 2015ean zertxobait hazi ondoren, berriro jaitsi da erabilitako etxebizitza librearen batez besteko prezioa, eta metro koadroko 4.409,5 eurokoa da (urte arteko % 0,2ko jaitsiera).
  2. Bestalde, % 1,3 igo da (2015. urtearekiko) etxebizitza libre berrien batez besteko prezioa, eta metro koadroko 4.388,39 eurokoa da orain.

 

AUZOAK

Bederatzi auzotan handitu egin da biztanle kopurua, eta zortzi auzotan, berriz, jaitsi. Hazkunde handiena izan duten hiru auzoak dira Miramon-Zorroaga (% 2,5), Amara (% 1,3) eta Igeldo (% 1,3); aitzitik, Martutene (-% 2,5) eta Gros (-% 0,8) dira azkeneko urtean biztanle gehien galdu dituzten auzoak. Amara Berri, Erdigunea, Gros eta Altza auzoetan dago atzerriko biztanle gehien.

 

Informazio gehiago: www.fomentosansebastian.eus (hiri-behatokia)