ElkarOla: hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorreko ikerketa estrategikoa

 

Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetarako irtenbide praktikoak izan ditu helburu ikerketa-proiektu estrategikoak. Hiru demo garatu dira: lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat; biozientzien eta osasunaren alorrerako, osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat; eta fabrikazio aurreratuaren alorrerako, adituaren eta langilearen arteko telelaguntza-sistema bat, denbora errealean funtzionatzen duena.

 

ElkarOla ikerketa-proiektuaren emaitzak aurkeztu dira gaur Usurbilen, Elhuyarren egoitzan egindako ekitaldian. VICOMTECH-IK4 eta TECNALIA zentro teknologikoek, UPV/EHUko Aholab eta IXA ikerketa- taldeek eta Elhuyarrek osatutako partzuergoak egin du ikerketa, bi urtez (2015-2016), Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak diruz lagunduta eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak babestuta.

 

ElkarOla proiektuaren ikerketa-arloa hizkuntza- eta hizketa-teknologiak dira: itzulpengintzarako tresnak (itzulpen automatikoa, itzulpen-memoriak...), informazioaren kudeaketa (bilatzaileak, informazio-erauzketa, sentimenduen analisia...), hizkuntza-baliabideak (hiztegiak, corpusak, zuzentzaileak...) eta hizketarako tresnak (hizketaren ezagutza, hizketaren sorkuntza...). Proiektuak bereziki euskararako lantzen ditu teknologiok, baina baita inguruko beste hizkuntza batzuetarako ere.

 

ElkarOlan, oinarrizko ikerketaz gain, ikerketa aplikatua ere egiten da, transferentzia teknologikoari garrantzia ematen zaio eta tresnak gizarteratu edota merkaturatzera ere iristen da. Aplikazio-alor hauetan aritu da, Eusko Jaurlaritzaren RIS3ko arloetan enfasia jarriz: fabrikazio aurreratua, biozientziak eta osasuna eta lurraldea (hizkuntzen industria, turismoa, kultura, hezkuntza...). ElkarOlaren beste helburuetako bat hau da: jakintza eta masa kritiko kualifikatu bat sortzea, ildo estrategiko honetako I+G+Baren etorkizunari era autonomoan aurre egin ahal izateko. Horretarako, prestakuntza-ikastaroak, graduondoko masterrak, mintegi espezializatuak eta doktorego-ikastaroak antolatzen dira hizkuntza- eta hizketa-teknologien alorrean. Gainera, proiektuaren helburuak lortzeko, aplikazio-alorretako enpresa askorekin lehentasunezko harremanak izateaz gain, beharrezko masa kritikoa eta nazioarteko ospea duen zientzialari- eta ikertzaile-komunitate bat dute proiektuaren partzuergoa osatzen duten kideek.

 

Proiektuan landutako teknologiek izan ditzaketen aplikazioen erakusle, hiru demo garatu dira. Lurraldearen alorrerako, bezeroen arreta-zerbitzurako elkarrizketa-agente bat garatu dugu. Bezeroen arreta-zerbitzuak elementu gakoa dira zenbait sektoretan kalitateko zerbitzua eskaintzeko, baina zerbitzu horietako askok balio gutxiko ataza edo fase errepikakorrak dituzte (erabiltzailea identifikatzea, formularioak betetzea, kontsulta sinpleak...). Elkarrizketa-sistemen teknologiek, hizkuntza naturalaren prozesamenduarekin eta adimen artifizialarekin batera, aukera ematen dute halako atazak automatizatzeko, teknikariek denbora modu eraginkorragoan erabil dezaten. Demoa web-interfaze batean integratutako elkarrizketa-sistema bat da, non hizkuntza naturala prozesatzeko teknikak eta sailkapen-algoritmo estatistikoak erabiltzen baitira erabiltzailea identifikatzeko eta erabiltzaileak deskribatutako gertakaria zein sailetara bideratu behar den asmatzeko. Sistemaren erantzunak testu bidez zein hizketa-sintesi bidez ematen dira, eta aginduak ere idatziz zein ahoz eman dakizkioke.

 

Biozientziak eta osasuna arloko demoa osasun-arloko termino eta erlazioen bilatzaile bat da. Medikuntza-entitateen (gaixotasunak eta sendagaiak) eta beren arteko erlazioen bilatzaile baten lehen prototipo honek medikuntza-gaien inguruko gaztelaniazko artikulu zientifikoen laburpenen corpus baten gainean funtzionatzen du. Corpus hori eskuz etiketatu da, sendagaien erreakzio kaltegarrien detekzio automatikoko sistema bat entrenatu eta ebaluatzeko. Etiketatutako entitateen artean daude, batetik, sendagai generikoak, sendagai-markak eta substantziak; bestetik, gaixotasunak eta sintomak. Etiketatutako erlazioen artean, berriz, kausak (zer kausak sortzen duen zer gaixotasun) eta tratamenduak (zer sendagairekin tratatzen den zer gaixotasun) daude. Bilatzailean, entitateen edo erlazioen araberako bilaketak egin daitezke, eta, ondoren, dokumentu bakoitzean detektatutako entitate eta erlazioak grafikoki ikusi.

 

Fabrikazio aurreratuaren alorrerako egindako demoa errealitate areagotuko telelaguntza-sistema bat da, aditu baten eta langile baten artean erabiltzeko. Demo horrek erakusten du zertan lagundu dezaketen hizkuntza- eta hizketa-teknologiek ingurune industrial zaratatsu batean. Langileak smartglass batzuk jantziko ditu eskuak lanerako libre izan nahi baditu, edo tableta bat izango du eskura. Adituak urrunetik lagunduko dio, beste tableta baten edo ordenagailu baten bidez. Adituak denbora errealean jasoko du langileak esaten duena eta bere tableta edo betaurrekoekin ikusten duena. Hala, adituak ahoz emango dizkio argibideak langileari, baina, langilea makinek eragindako ingurune zaratatsuan egon daitekeenez, sistemak automatikoki transkribatu (hizketa-ezagutza bidez) eta itzuliko (itzulpen automatiko bidez) ditu argibideok, idatziz irits dakizkion langileari. Testu hori bere gailuan erakutsiko zaio langileari, denbora errealean, ikusten ari denaren gainean, eta testuak pausoz pauso gidatuko du langilea bere langintzan. Horrez gain, aplikazioak errealitate areagotuan erakutsiko dizkio langileari adituak urrunetik emandako argibideak, gezien eta antzekoen bidez.

 

 

 

Berriak gehiago

Master ikasleentzako deialdiak zabaldu ditu CIC nanoGUNEk

Lau beka eskaintzen ditu 10 ikerketa-taldeetako batean master-proiektua egin nahi duten ikasleentzat Aukeratutako ikasleek zentroko ikerketa-lerroetan espezializatzeko aukera izango dute. CIC nanoGUNEk master ikasleak hautatzeko deialdiak zabaldu ditu, zentroko 10 ikerketa-taldeetako batean beren proiektua egin dezaten. Nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorreko hainbat arlotan espezializatzeko aukera izango dute ikasleek ...

Hizkuntzaren magia: bi pertsonak beren garunak sinkronizatzen dituztenean

BCBLren ikerketa batean frogatu dute bi pertsonak elkarrekin hitz egitean lotura bat eratzen dutela beren garunen artean. Ikerketa Scientific Reports aldizkari zientifikoan argitaratu dute. Haren arabera, garunen arteko sinkronia hori giltzarri izan daiteke hizkuntza eta pertsonen arteko komunikazioa ulertzeko. Etorkizunean, litekeena da garunen arteko sinkronizazioa nolakoa den jakinda psikologiaren, soziologiaren ...

Propietate topologikoak dituzten materialak aurkitzeko metodo berri bat garatu dute

UPV/EHUko eta DIPCko ikertzaileen partaidetza duen nazioarteko ikerketa hau Nature aldizkariaren azala izan da. Euskal Herriko Unibertsitateko, Donostia International Physics Centerreko, Princetongo Unibertsitateko eta Dresdengo Max Planck Institutuko ikertzaileak biltzen dituen nazioarteko ikerketa talde batek teoria berri bat aurkeztu eta garatu du, propietate topologikoak dituzten materialak era sistematikoan eta eraginkorrean aurkitu eta karakterizatu ahal izateko ...

Mugikorrerako aplikazio bat, hezkuntza arloko komunikazioa hobetze aldera

Ibermática aholkularitza donostiarrak, gurasoen eta euren seme-alaben ikastetxearen arteko harremana ahalbidetzen duen soluzio digital bat jarri du martxan Valentzian. Ikastetxeko azken berri izateko aukera eskaintzen duen mugikorrerako aplikazio bat garatu du Donostiako Ibermática aholkularitza teknologikoak ikasleen guraso eta tutoreentzat. Era berean, aukera ematen die euren seme-alabek egiten dituzten jardueren eguneroko jarraipen estuagoa egiteko ...

Etorkizuneko materialak "topologikoak" izango dira

Wolfram eta teluriozko geruza oso fin bat fisikariek 'isolatzaile topologiko' izenarekin ezagutzen duten material-mota bitxia dela ikusi dute. Nature Physics aldizkariak argitaratu ditu CIC nanoGUNE partaide izan duen ikerketaren emaitzak. Ikerketan, "Hall spin kuantikoaren" efektua deritzon fenomenoa frogatu dute esperimentalki bi dimentsioko material batean. Material horrek etorkizun handia izan dezake espintronikaren ...

NEM Solutions-ek lehenengo NEM Data Challenge jarri du martxan

Erronka digital bat da NEM Data Challenge, eta, haren bidez, NEM Solutions-en lanpostu bat lortu ahal izango da. Lehenengo NEM Data Challenge erronka digitala jarri du martxan NEM Solutions-ek. Parte-hartzaileek aukera izango dute NEM Solutionsen lanpostu bat lortu ahal izateko, eta ekimen horretan NEM Solutionsen kide eta laguntzaile izan diren Siemens-Gamesa Renewable Energy eta Tecnalia erakundeetako lan-eskaintzetan parte hartzeko ...

FacebookTwitterLinkedin